Baina egunik "luzeena" larunbata izaten da, txistularien alardea egiten dugulako. Aurten, arratsaldeko 16:30ean entsegua eta soinu-probak hasi genituen Iparragirre plazan, kontzertua izaten den lekuan bertan. Eta 19:00ak aldera amaitu genuen.
Herritar asko gerturatzen dira entsegua ikustera. Batzuk arratsalde pasa eta beste batzuk gauean ezin izango dutelako kontzertua ikusi. Herritar horietako bat Josu Maroto artista izan da aurten. Josuren alabak Secundino Esnaola musika eskolako haurren koruarekin parte hartu zuen kontzertuan, Erromako Zubia eta Behin Betiko abestuz. Eta arratsaldean, alabari laguntzera joandakoan, aurrean ikusten zuena jaso zuen marrazki batean. Mila esker Josu!
Josu Marotoren Urretxuko Jaiak argazkia (Flickr) |
Entseguaren, soinu frogen eta afariaren ondoren, iritsi zen unea. Hotz egin arren, jende dexente hurbildu zen Iparragirre plazara. Ordu beteko kontzertua eskaini genuen parte hartzaile pilaren laguntzarekin: Oihane Toledo abeslaria, Lurra eta Irrintziko dantzariak, musika eskolako haurren abesbatza, Goi Argi abesbatza, Juanlu Aranburu, Patxi Urrestarazu, ZSKko txalapartariak, Gorobel metal boskotea eta Iratzarri taldeko dultzaineroak. Eskerrik asko guztioi!!
Hona hemen kontzertuaren ondoren, Urretxuko txistulariok atera genuen argazkia:
Eta igandean, berriz, Euskal Jaia izan zen Urretxun. Goizeko 10etan hasi genuen eguna kalejirarekin. Eta egun osoa kantuan eta txistu jotzen ibili ondoren, arratsaldean karrozen desfilean hartu genuen parte, urtero bezala. 40 lagun inguruko taldea osatu genuen, gazte eta heldu, denok elkarrekin.
Argazkia: Ana Lizarralde |
Eta ohikoa den legez, astelehenean txistulari zereginak alde batera uzten ditugu gutako batzuk. Baina festak ordu txikiak arte jarraitu ohi du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario