Garizuma eta Aste Santua aspalditxoan joan ziren eta Lizarriturri txistulari taldea ohiko jardunean buru-belarri sartuta dago jada; Garizuma ondorengo lehendabiziko kalejirak ere egin ditugu, euririk egin ez duen igandeetan behintzat.
Orain uda hasieran daukagu bista jarrita, San Joan inguruan zehatzago esateko. Izan ere, aurtengo San Joanak sekula baino ekitaldi gehiagorekin datoz. Ekainaren 23ko akelarrea eta San Juan eguneko erromeriaz gainera, ekainaren 21ean daukagu zita garrantzitsua Zumarragak eta Urretxuk, eta baita Lizarriturri taldekook ere.
Gorka Hermosak bultzatu duen “GI-631” herri-opera izango da ikusgai egun horretan Gernikako Arbola plazan, gaueko 22:00etan. Maiatzaren 2an egin zuten jendaurrean Herri Operaren aurkezpena. Gorka Hermosa akordeoilari ezaguna izan da proiektua bere buruan gauzatu zuena, eta sekulako meritua erakutsi du herriko musika talde ia denak eta bestelako artista ugari elkartzen, eta denak proiektu hau burutzeko elkarlanean jartzen. Emaitza San Joan jaien atarian ikusiko dugu.
Urretxuko Lizarriturri txistulari taldekook ere jarriko dugu gure aletxoa ikuskizunean. Guri Jose Mari Iparragirreren Zugana Manuela eta Secundino Esnaolaren Matxintxo piezak jotzea egokitu zaigu eta herriko musikariz osatutako jazz taldea eta abesbatzak izango ditugu lagun pieza hauetan.
Ikuskizunak, orotara, 14 musika saio izango ditu, eta herriko ia musikari guztiek izango dugu gure momentua: txistulari, trikitilari, hip hop edota rock taldeek. Eta denok herriko konpositoreen piezak joko ditugu. Baina aurkezpenean adierazi zutenez, “opera arte guztiak biltzen dituen ikuskizuna” omen da, eta beraz, piezen artean, herriko aktoreek 2383. urtera eramango gaituen istorio bat kontatuko digute.
Emaitza zein izango den ikusteko dago oraindik, baina ikusmina eta irrika pizten hasi da dagoeneko. Momentuz, giroa berotzeko, Edurne Iturbe trikitilariak eta Jon Maia bertsolariak egin duten abestiaren bideokliparekin gozatu dezakegu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario