22 de noviembre de 2012

Gora Santa Zezilia!

Iritsi da berriz ere azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna, eta urtero legez kalera irten gara Urretxuko Lizarriturri taldeko txistulariak. Gazte eta helduak, denak elkarrekin, 20 lagun inguru izan gara gaur Urretxuko kaleetan zehar. Baten batek, gainera, txistulari gisa egindako lehen kalejira zuen gaurkoa. Zorionak Andoni!!


Santa Zezilia egunean ez da inoiz musikarik falta izan Urretxuko kaleetan. 1960an, txistularien taldea sortu zenetik ez da inoiz hutsik egin, urtero egin izan da kalejira egun horretan.

Hasierako urteetan, gainera, afaria ere egin ohi zen egun hori behar bezala ospatzeko. Ondoren, taldekideak, ikasketek bultzatuta, herritik kanpora bizitzera joan zirenean, ohitura hori galdu egin zen.

Baina azken urte hauetan, beteranoei esker, berriz ere Santa Zezilia eguna behar den bezala ospatzeko ohitura berreskuratu dugu eta afaltzeko elkartuko gara gutako batzuk. Beraz, berriz ere gustura asko esango dugu: Gora Santa Zezilia!

Hala ere, ez ditugu horretan utziko Santa Zezilia eguna osapatzeko ekitaldiak. Larunbatean berriz ere kalez kale ibiliko gara. Orduko horretan, gainera, Zumarragako Antxinako Ama Txistulari taldeko lagunak eta Zumarragako Banda izango ditugu lagun. Kalejira egingo dugu 18:30etan hasita herriko kaleetan zehar eta ondoren, hainbat pieza joko ditugu Areizaga-Kalebarren plazan, beste hainbat musika talderekin batera.


No hay comentarios:

Publicar un comentario