Antxinako Ama Txistulari taldeak antolatuta, txistulari kontzertua egin zen joan zen abenduaren 22an Zumarragako Beloki pilotalekuan. Eta urtero bezala, han izan ginen Urretxuko hainbat txistulari ere.
Oso kontzertu polita eta hunkigarria antolatu zuten Zumarragako lagunek. 1512. urtean Gaztela eta Aragoiko erreinuek Nafarroa konkistatu zutela gogorarazi ziguten lehendabizi.
Eta ondoren, Jose Mari Lasa omentzeko bi pieza entzun ziren. Hasteko, Imanol Larzabalen 'Ilun ikarak' abestiaren doinuan, Aitor Zabaleta zumarragarrak eta Maddi Martin urretxuarrak kantatu zituzten hainbat bertso. Jarraian, kontzertu osoan zuzendari lanak egin zituen Mariaje Arratibelek txistua hartu zuen eta, Arantzazu Mujika biolin-jotzailearekin batera, gutako askoren bihotzera iritsi zen Ismael Yagüeren 'Agurra' piezarekin. Irrintzi dantza taldekoek jarri zioten koreografia pieza hunkigarri honi, Gotzon Aranburuk Otamotzen argitaratutako bideo honetan ikusi daitekeenez.
Hala ere, kontzertu honetako pertsona aipagarrienetakoa Aitor Garitano 12 urteko Bergarako abeslari gaztea izan zen. Publiko osoa harritu zuen bere ahotsak 'Xalbadorren heriotzean', 'Bizkaia Maite', 'Eperra' eta 'Bihotzean min dut' abesterakoan eta txalo handienak berak jaso zituen.
Horrez gainera, ikusgarria izan zen Tomás San Miguelen 'San Joan Gaua' pieza ere. Txistularientzako kontzertuko erronka nagusiena izan zen, Mariaje Arratibelek esan zuen bezala. Eta Xabier Zabalaren eskusoinuak, Mikel Urretagoienaren bateriak, Gorobel taldearen metalek, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko txalapartak eta Lurra dantza taldearen koreografiak, horrek guztiak batera, ikuskizun aparta sortu zuten. Gotzon Aranburuk zati hori ere bideoan jaso zuten.
Xabier Barriolak zuzendu eta musika eskolako haurrek abestu zuen Mikel Urdangarinen 'Badira hiru aste' abestia, 'Antzinako dantzak' fandango eta arin-arina, eta Goi Argi abesbatzak kantatu zituen 'La Paloma' eta 'Maite' abestiek osatu zuten 2012ko txistu kontzertua Zumarragan.
28 de diciembre de 2012
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario