8 de abril de 2012

Itzuli gara!

Garizuma garaia amaitu ostean, itzuli gara Urretxuko kaleetara. Inauterietatik igandeetan kalejirarik jo gabe egon gara. "Jai" izan dugula esan dezakegu, baina iritsi da Pazko Igandea, Aberri Eguna, eta berriz ere gure jardunetara itzultzea tokatzen da.



Aspaldiko ohiturei jarraituz uzten diogu kalejirak egiteari Garizuma garaian. Urretxuko aurreko ttunttuneroek ere jai izaten zuten garai hartan, Eliza Katolikoak hala aginduta: Garizuman ez zegoen musikarik, ez festarik.

1960aren ondoren, gure taldea sortu eta forma hartzen hasi zenean, kontratu bat sinatu zen Urretxuko Udalarekin. Aurreko ttunttuneroek izan zuten akordioaren oso antzekoa zen txistulari talde sortu berriarentzat sinatutakoa eta, ordura arte bezala, Garizuma garaian ez dela kalejirarik joko zehazten da bertan.

Eta ordutik 50 urte baino gehiago pasa badira ere, ohitura horiek mantentzen jarraitzen dugu.

Zorionak Ainarari eta Iboni!!

Eta gainera, berezia izan da gaurko kalejira. Kalejira jotzeko momentuan ez dira ez bat eta ez bestea gogoratu, baina Ainara Izagirrek eta Ibon Garmendiak 25 urte egin dituzte gaur txistua jotzen. Duela 25 urte jo zuten euren lehendabiziko kalejira.

Beraz, txistulari bizitzako "zilarrezko ezteiak" bete dituzue. ZORIONAK!!!

Horrek ospakizun txiki bat mereziko du ala? Hurrengo entseguko merienda zuen kontura!

No hay comentarios:

Publicar un comentario