Udalak kontratatuta, txistulari banda osatuz, aritu zen
azken danbolinteroa Joxe Gabilondo izan zen. Urretxun jaio zen 1909. urtean
eta, gutxi gora behera, 20ko eta 30eko hamarkadetan eta 40koaren hasieran egin
zituen danbolintero lanak. Musika ikasketak Toribio Navarrorekin egin zituen,
organista eta musika bandako zuzendaria izan zenarekin, eta txistua jotzen,
berriz, Kandido Agirreurretak erakutsi zion. Hain zuzen ere, Kandido bera zen
herriko danbolinteroa Joxe ikasletzat hartu zuenean. Ondoren, biek elkarrekin
osatu zuten txistulari banda urte askotan eta, Kandidok utzi zuenean, Miguel
Martinez de Lezeak hartu zuen haren lekua. Urte batzuk geroago, Joxe Mari
Azkarate, Paulo Orthous, Juan Aranburu eta Martin Zenekorta Tximista ere izan zituen lagun. Atabala
jotzen, aldiz, Andres Potxolo, Isidro
Jauregi eta Martin Grandes aritu ziren.
Udaleko danbolintero gisa, igandero jo behar izaten zuen: goizetan kalejira eta
arratsaldeetan dantzarako piezak Iparragirre plazan edo arkupeetan, musika
bandarekin txandakatuz, egiten zuten erromerian. Horrez gainera, herriko festa
eta egun seinalatu guztietan kalejirak egiten zituzten: San Joanetan, Santa
Anastasiatan, San Martinetan, Santa Lutzitan, Gabonetan...
1942eko urtarrilean eskutitza bidali zuen udaletxera eta
txistulari bandak urte hartan izango zituen baldintzak negoziatzen aritu zen
agintariekin. Joxek berak, Juan Aranburuk eta Martin Grandesek osatzen zuten
orduan txistularien banda eta honako hau proposatzen zion alkateari: igande eta
jai egun guztietan kalejira egingo zutela herriko kaleetan goizeko bederatziak
eta erdietan hasita; ondoren, musika banda arituko zen igande eta jai egunetan
dantzarako piezak joko zituztela pilotalekuan, bandarekin txandakatuz;
dantzarako saio horiek ez zituztela joko ez Santa Anastasia egunean ezta Santa
Lutzi egunean ere, egun horietan kalejirak joko baitzituzten; eta horietatik
aparte, beste noizbait jo behar izanez gero, apartekotzat hartuko zituztela
saio haiek. Honengatik guztiagatik, hileko 140 pezetako soldata eskatzen zion
Udalari banda guztiarentzat.
Handik egun gutxira jaso zuen Udalaren erantzuna. Proposamenarekin ados agertu
ziren baina bi kontu aldatu nahi izan zituzten: Santa Anastasiatan eta Santa
Lutzitan tarteren batean dantzarako piezak joko zituztela eta hileko soldata
125 pezetakoa izango zela hirurentzat.
Ez dakigu zihur urte hartan Udalaren baldintzak onartu ote zituzten Joxek,
Juanek eta Martinek; bai, ordea, handik urte gutxira, 1947an hain zuzen ere, ez
zegoela txistulari bandarik Urretxun. Halaxe erantzun zion behintzat Udalak
Falangeari, uztailaren 18ko jai egunerako Donostian egingo zuten alarderako
txistulariak eskatu zituztenean. Hain zuzen ere, bi urtetan gutxienez, 1947an
eta 1948an, eskatu zuen Falangearen Gipuzkoako delegazioak Urretxuko txistulari
banda Donostiara joan zedila uztailaren 18ko jai eguneko ospakizunetan parte
hartzeko. 1947koan, bereziki, Joxe Gabilondo bertaratu zedila eskatzen zuten.
Udalak, ordea, esan bezala, txistularien bandarik ez zegoela herrian erantzun
zuen, aspaldi desegin zela.
1947ko eskutitz horretan, gainera, kontzertuan eta
kalejiran jo behar zituzten piezak aipatzen dituzte: Guridiren Mendiko Soinuak alborada, Monzonen Bergara minuetoa eta Urteagaren Iztillargi biribilketa agertzen dira
egitarauan, besteak beste. Aipatzekoa da, gainera, Agur Jaunak joaz amaitu zutela urte hartan Falangeak antolatu zuen
kontzertua.
Baina txistulari bandako zereginetatik aparte, elkarteek eta partikularrek ere
deitzen zioten Joxeri antolatzen zituzten txangoak, ekitaldiak edo ospakizunak
alaitu zitzan. Eta garai hartan herrian sortu ziren dantza taldeentzako jotzen
ere ibili zen. Argazkian Miguel Urainek sortutako dantza taldearekin agertzen
da. 1932. urtea zen eta Jose San Pedro atabalaria izan zuen lagun.
1993ko Santa Anastasietako kontzertuan omenaldia egin
zion Urretxuko Txistulari Taldeak Joxe Gabilondori; Inazio Barriori, Jesus
Segurolari eta Ramon Esnaolari bezalaxe. 84 urte zituen orduan eta osasunez
nahikoa pattal zebilen; ondorioz, ezin izan zuen kontzertuan egon eta haren
seme-alabek jaso zuten txistulari taldearen oroigarria.
Hainbeste urtetan Urretxun txistu soinua zabaldu izana eskertu nahi izan
zitzaion omenaldi harekin eta hauxe da horretarako idatzitako eta kontzertuan
abestutako bertsoa:
Urte
askotan jo izan duzu
txistua
edo ttunttuna,
Urretxu
osoan ez da baztarrik
zuk
alaitu ez duzuna.
Lo
zegoena esnatu duzu
zortziko
doinu kuttunaz,
horregatikan
entzun ezazu
hemen
esaten duguna:
guretzat
maixu ta lagun zara,
maitatuko
zaituguna.
Handik lau urtera, 1997ko ekainaren 8an, hil zen 88
urte zituela.
13 de mayo de 2012
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario