19 de junio de 2012

San Joan San Joan heldu da...

Egun gutxi falta da sanjoanetarako eta Urretxuko txistulariok hasiak gara prestatzen dagoeneko. Aurtengo sanjoanak, gainera, oso bereziak izango dira. Ez bakarrik Santi Gutierrez hil zitzaigula 9 urte beteko direlako. Baita Jose Mari Lasa gabeko lehenengoa izango delako ere.

Eta Jose Mari zen San Joan bezperako suaren inguruko ekitaldiaren arima. Bere ekimenez hasi zen ekitaldia egiten, bera zen gau hartako "ahotsa" eta parte hartzen duten talde guztien koordinatzailea. Beraz, ia ia azterketa bat izango da aurtengo San Joan bezpera haren testigua hartu dugunontzako. Dagoeneko ari gara plazan dantza egingo duten dantzariekin ensaioak egiten eta gau horretako abestiak eta konjuroak gogoratzen; dena beti bezala irten dadin.

Urtero legez, 20:30ean hasiko dugu kalejira eta 22:30erako Gernikako Arbola plazan izango gara, puntual, San Joan zortzikoa jotzen dugun bitartean sua piztu dezaten. Ondoren, sorginen eta herriko dantzari eta dantzazaleen txanda izango da.

Gaueko "akelarre" edo erromeriatxo horren ondoren, berriz, hurrengo egunean, 10:00etan dugu zita Santa Barbarara igoera egiteko. Han ere, urtero bezala, goizean herritarrak mezatara lagundu ostean, arratsaldeko erromerian parte hartuko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario