Txistua
dantzarako musika tresna izan da mendeetan. Horixe izan da bere funtzio nagusia
eta Urretxuko txistulari taldearen sorrerak ere hori zuen helburu hasiera
batean, herrian sortu nahi zuten dantza taldeari jotzea. Izan ere, 1960ko urte
hartan txistulari taldea sortzeaz gainera, dantzari talde bat ere sortu zuten.
Isidro Azkarate izan zen haien arduraduna urteetan eta txistularien taldeko
kideek, Jose Antonio Chicok eta Jose Lizarraldek, besteak beste, jotzen zuten
haiekin.
Ondoren,
Lurra eta Irrintzi sortu ziren eta bi talde hauekin ere izan dute harremana
Urretxuko txistulariek. Kasu batzuetan, txistulariak dantzari ere izan direlako
eta, besteetan, talde horietan txistua eta atabala jotzen aritu direlako.
Lurran,
esate baterako, Jose Mari Zaldua Urretxuko txistularia aritu zen jotzen 70eko
hamarkadan hainbat urtez. Urte batzuk geroago, berriz, Javier Plazaola, Javi
Garcia de Andoin, Asier Azarola eta Aitor Bastarrika izan ziren dantza talde
horretako txistulari edo atabalariak, denak Urretxuko Txistulari Taldeko kide
izandakoak.
Irrintzin
ere talde honetako txistulari eta atabalari asko ibili ziren 70eko eta 80ko
urteetan, Jose Mari Lasa lehendabizi, eta geroago baita Marianti Salegi, Luisi
Esnaola, Iñaki, Jose Mari eta Juan Manuel Kerejeta, Miguel Lasa, Jabi
Burdaspar, Lurdes Elgarresta, Unai Izagirre eta beste hainbat lagun ere.
Irrintzi dantza taldea, Santa Anastasiatako alardean |
Lurra dantza taldea, Santa Anastasiatako alardean |
Santik
esaten zuen bezala, lagun asko egin dituzte Euskal Herri osoan Urretxuko
txistulariek musika tresna honi esker. Urtero antolatzen duten kontzertu
nagusira inguruko herri askotako txistulariak etortzen dira eta urretxuarrak
ere joaten dira herri horietan egiten dituztenetara. Besteak beste, beti izan
dira Zumarragan, Legazpin, Beasainen, Idiazabalen, Donostian, Ordizian, Oñatin,
Tolosan... Eta lagun handiak dituzte baita ere Seguran, Antzuolan eta beste
zenbait lekutan.
Bestalde,
Euskal Herriko Txistulari Elkarteko kide ere badira gure taldekoak eta honek
urtero antolatzen dituen ekitaldietan izaten saiatzen dira. Horri esker ezagutu
dituzte eta harremana egin dute beste txistulari askorekin.
Horrez
gainera, elkartearen babesa ere sarritan jaso izan dute. 1987an, esate
baterako, Urretxun egin zen, elkarteak antolatuta, Isidro Ansorena Euskal
Herriko Txistulari Txapelketa. Handik urte batzuetara, 1997an, elkartearen
zilarrezko domina eman zioten Santiri, urteetan zehar egindako lana eskertzeko.
Eta aurten, taldearen 50. urteurrena ospatzeko, Urretxun egin zuten urteroko
batzar orokorra.
Aurrera
jarraituz, ezin aipatu gabe utzi Iparragirre-Balerdi musika tailerra ere.
Urtean hiruzpalau aldiz elkarrekin jo ohi dute bi taldeek: Santa Anastasia
jaiei hasiera emateko, San Martin egunean eta Gabonetako kontzertuan. Hori dela
eta, elkarri lagundu izan diote partiturak egokitzen edo bestelako hainbat
gauzatan, bai Ramon Esnaola zuzendari zenean, baita orain Jesus Castillejo
zuzendari dela ere.
Goiargi
abesbatzari dagokionez, lehen komentatu dugu txistularien kontzertuan parte
hartzen duela urtero. Horrez gainera, urtean zehar beste emanaldi batzuk egiten
dituzte elkarrekin. Gabonetan eta Santa Ageda egunean, adibidez, kalera irteten
dira kantatzera. Eta herriko bi parrokietako abesbatzekin ere jarduten dute
gure txistulariek, hala eskatzen dietenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario