29 de julio de 2012

Santa Anastasitako alardea


Hasierako orrietan azaldu dugunez, 1959. urtean egin zen Urretxun lehenengo txistularien kontzertua, lehendabiziko Euskal Jaia ospatu zuten egunean hain zuzen ere. Leon Arrieta, Josetxo Antia, Santi Gutierrez eta herriko beste txistulari batzuk elkarrekin jotzen hasita zeuden ordurako eta Euskal Jaia egitekotan hasi zirenean, txistulariek ere parte hartu nahi izan zuten. Goizean kalejira egin ondoren, eguerdi partean jo zuten kontzertua Gernikako Arbola plazan. Bi zatitan banatu zuten saioa eta, tartean, bertso saioa izan zen.

Harrezkero, Euskal Jaia egin den bakoitzean txistularien kontzertua sartu izan dute egitarauan, 90eko hamarkada arte. Izan ere, 1991n, hainbat aldaketa egitea erabaki zuten eta horietako bat emanaldiaren eguna eta ordua izan ziren; igande eguerditik larunbat gauera pasa zuten. 

Ordura arteko kontzertuetan, Euskal Jai eguneko haietan, txistulari guztiek zutik jo ohi zuten lauzpabost atrilen aurrean bilduta, eta ez zuten bestelako musika tresnarik sartzen; hau da, txistua, silbotea eta atabala soilik erabiltzen ziren kontzertu horietan.

 
Garai hartan jotzen ziren piezak ere gaurkoengandik ezberdinak ziren. Txistua protagonista bakar izanda, melodia berak eraman behar izaten zuen. Eta gainera, bariaziodun pieza ugari sartu ohi zituzten. Orain, ordea, beste musika tresna batzuk badaudenez, sarritan laguntzaile papera egiten du txistuak, melodia beste batek daraman bitartean.

Adibide gisa, hona hemen 1961eko Euskal Jaiaren egitarauan txistularien kontzertua nola aurkeztu zuten:



12,15'etan.- Eresaldi bikaña, leku berean, txistulari guztiak.

LENENGO ZATIA:
1.º     Reverencia    ·        ·        L. Urteaga
2.º     Minueto        ·        ·        ·        Monzón
3.º     Beti aurrera   ·        ·        G. Butrón
4.º     Ariñ    ·        ·        ·        P. F. Aguirre
5.º     Idiarena        ·        ·        ·        Arm. B. Zabarte

BIGARREN ZATIA:
6.º     Iparraguirreren bi abezti eta Eleizatikan Konbenturaño
7.º     Larra Gane    ·        ·        A. Aurrecoechea
8.º     Iztillargi        ·        ·        ·        L. Urteaga
9.º     Gernikako Arbola     ·        Iparraguirre (Arm. L. Urteaga)
10.º    Agur Jaunak  ·        ·        Ansorena

Bitartean, LIZASO ta MICHELENA bersolarien saioak.



1991. urtean, ordea, gauzak aldatzea pentsatu zuten. Txistua protagonista nagusi izanda ere, ikuskizun zabalagoa eskaini nahi izan zuten eta lehenengoz abesbatza eta dantzariak sartu zituzten. Xabier Barriola zen garai hartan Goiargi abesbatzako zuzendaria eta gustura hartu zutela gonbidapen hura oroitzen da; izan ere, jende aurrean kantatzeko beste aukera bat gehiago zen. Emanaldi hau, gainera, kalean eta megafonia erabiliz egin beharrekoa zen, ordura arteko saioetatik oso ezberdina.

Eta Goiargiko zuzendari izanda, handik aurrera, kontzertuko pieza bat edo beste zuzentzea ere tokatu zitzaion. Txistulariak, metalak, abesbatza... denak koordinatzea erronka pertsonala izan zen berarentzat. Ondoren, Goiargi utzi zuenean, Javier Arratibelek hartu zuen bere lekukoa eta honek ere egin izan ditu zuzendari lanak txistularien urteroko kontzertuan.

1992an, dultzainari eta erraldoiak, abeslari bakarlariak eta metal boskotea gehitu zitzaizkion ikuskizunari. Metal boskotea bi tronpetak, tronpak, tubak eta tronboiak edo bonbardinoak osatzen dute eta azken urte hauetan beti egon izan da bat edo bat kontzertu honetan: Ordiziako Barrena taldea lehendabizi, Gorobel ondoren eta Azpeitiako Metal Boskotea azkenik.

Iñaki Osinaldek urte horietako dexentetan jo izan du txistularien kontzertuan Gorobel metal boskotearekin, baita Zumarragan, Legazpin eta Beasainen ere. Eurak ere txistulariekin jotzera ohitu egin behar izan zutela aitortzen du; izan ere, bandarekin edo bakarrik jotzen ohituta zeuden, baina kontzertu hauek ezberdinak dira bai zuzendaritza aldetik bai instrumentuen aldetik, baita jo beharreko piezei dagokienean ere.


Eta urteak aurrera joan ahala, poliki poliki, beste musika tresna batzuk ere sartu zituzten: gitarra, akordeoia, pianoa edota organoa, txalaparta, trikitixa eta panderoa, marinba, biolina, alboka... Urretxuko txistulariak beti saiatu izan dira kontzertu honetara herriko jendea biltzen eta herrian bertan bilatu izan dituzte abeslariak, dultzainariak, pianojoleak, trikitilariak eta gainerako musikariak.

Iratzarri dultzainari taldea, Patxi Urrestarazu gitarrajolea, Santos Ormaetxea eta Jose Mari Aranburu Txiti zena abeslariak eta Roberto Lopez eta Juan Luis Aranburu akordeoilariak, adibidez, sarritan azaldu izan dira egitarauan. Ez dira bakarrak, ordea, azken urte hauetako kolaboratzaileen zerrenda oso luzea baita, besteak beste: Xabier Barriola (pianoa), Javier Arratibel (pianoa), Nerea Urkiola (pianoa), Agurtzane Albisua (pianoa), Izaskun Zubimendi (pianoa), Edurne Iturbe (trikitixa), Jesus Mari Garmendia (marinba), Josean Flores (marinba), Mendiaraz anaiak (txalaparta), Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa (txalaparta), Luis Octavio de Miguel (biolina), Gorka Azkarate (alboka), Ostebi taldea...


Abestera ere herritar asko gonbidatu izan dituzte. Denak aipatzea ezinezkoa da, baina honako hauek dira horietako batzuk: Juanjo Sagastibeltza, Asier Otamendi, Gorka Azkarate, Oihane Toledo, Estitxu Sudupe, Iñaki Kerejeta, Javier Azkarate, Andoni Salamero, Miguel Lasa, Madina ahizpak, 56. urtean Parisen abestu zuten haur kantariak, Lagun Artea koadrila, Bertso Eskolako kideak, Sekundino Esnaola Musika Eskolako haurrak...

Kasu askotan, motibo berezi bat medio deitu izan diete gonbidatuei. Asier Otamendik adibidez, Arabako Bertso Txapelketa irabazi ostean abestu zuen. Eta Parisen abestu zuten gizonek, berriz, 2006an hartu zuten parte, bidaia haren 50. urteurrena bete zenean, hain zuzen ere.

Horrez gainera, ia urtero gertaeraren bat edo pertsona esanguratsuren bat gogoratu nahi izan dute. 1993an, esate baterako, Jose Gabilondori, Jesus Segurolari, Inazio Barriori eta Ramon Esnaolari omenaldia egin zieten. 1995ean, Juan Jose Belaustegi musikari urretxuarra gogoratu zuten haren heriotzaren 50. urteurrenean eta berak konposatutako hainbat pieza sartu zituzten egitarauan.

1997an, Santi Gutierrezi omenaldia egin zioten. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zilarrezko domina eta Urretxuko herriaren urrezko domina jarri zizkioten. Horrez gainera, Pablo Sorozabal konpositorea jaio zela 100 urte bete ziren eta haren obrekin osatu zuten kontzertua.

Hurrengo urtean, 1998an, Celestino Pozueta gogoratu zuten; besteak beste, Irimo biribilketa sortu zuen gizona. 2002ko kontzertua, berriz, Francisco Urrestarazu Araña omentzeko izan zen. 2003an Jose Olaetxea eta uda hartan hil zen Santi Gutierrez izan zituzten gogoan. 2005ean eta 2006an, Irimoko gurutzea eraikitzearen 50. urteurrena eta Iparragirreren heriotzaren 125. urteurrena oroitu zituzten hurrenez hurren.

2007an, berriz, Urretxu Musikak diskoa grabatu zutenez, lan horretako abestiekin osatu zuten kontzertua. Azkenik, 2009an, hil berria zen Esteban Larrañaga izan zuten gogoan eta Euskal Jaiaren 50. urteurrena ere ospatu zuten.

Éste es uno de los últimos conciertos en el que Santi dirigió el último tema, “Gernikako Arbola”.


Amaitzeko, musika egiten ez badute ere, aipatzekoa da nola borobildu izan duten ikuskizuna Irrintzi eta Lurra taldeetako dantzariek, Urretxuko erraldoien konpartsak eta Jose Luis Garmendiaren, Carlos Mediavillaren eta Josu Perezen argazki muntaiek.

Esan dugunez, 90eko hamarkadan hasi ziren Urretxun txistua beste musika tresna batzuekin batera jotzen. Eta dudarik gabe, kontzertu honek ematen duen lanik handiena tresna horientzako guztientzako eta ahotsentzako partiturak prestatzea da; hau da, txistuarekin jotzeko idatzitako partiturak, beste musika tresna batzuentzako armonizatzea, edo alderantziz, beste musika tresna batentzat prestatutako abestia txistuarentzako egokitzea.

Horretarako askotan jo izan dute Euskal Herriko Txistularien Elkarteak kaleratzen duen Txistulari aldizkarira, bertan kaleratzen baitira hainbat musikarik txistuarentzako prestatutako partiturak. Horrekin batera, han-hemenka antolatzen dituzten kontzertuetara ere joaten dira, hainbat musikarik egindako moldaketa berriak ezagutu eta eskuratzeko. Beste kasu batzuetan ordea, abesti konkretu bat jo nahi badute eta inork ez badu egokitu, musikaz asko dakiten lagunengana jotzen dute, Xabier Barriolarengana adibidez, moldaketekin lagun diezaieten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario