10 de enero de 2013

Inazio Barrio, danborrak egitearen artea

Urretxuko txistulariekin askotan jo izan zuen atabala Inazio Barriok, baina batik bat danborgile lanagatik izan du harreman estua taldekideekin. Zenbat atabal, danbolin eta bonbete konpondu edo egin ote zituen Inaziok eurentzat.



Inazio Barrio Urtizberea Irunen jaio zen 1918an. Herri hartan ohikoa denez, alardean parte hartzen zuen txikitatik eta han ikasi zuen danborra jotzen. Ondoren, gaztea zela, Urretxura etorri zen lanera eta Gerra Zibilaren ondoren, hemen ezkondu eta osatu zuen bere familia.

Behin, sanantoniotan, Kalebarrengo jaietan, Oria anaiak ari omen ziren erromeria jotzen eta danbor bat omen zeukaten. Inazio hura hartu eta jotzen hasi zen eta harrituta utzi zituen ingurukoak, ez baitzekiten jotzen zekienik ere.

Horren ondotik, orkestra batean hasteko eskatu zioten eta hala, Los Bohemios del Goyerri taldean ibili zen, besteak beste, Ramon Esnaolarekin batera. Ezkontzetan, banketeetan, festetan... edonon jotzen zuten eta sarritan, lantegiko soldatarekin baino diru gehiago ateratzen zuten. Denboraren poderioz, orkestraz aparte, Urretxuko eta Legazpiko bandetan ere perkusioa jotzen hasi zen. Eta 1960an, Urretxuko Txistulari Taldea sortu zenean berak ere parte hartu zuen atabala jotzen. Harrezkero, hainbat kalejira egin zituen txistulariekin.

Bere bizitzako azken 30 urteetan danbolinak, danborrak eta atabalak konpontzea eta egitea izan zen bere zeregin nagusienetakoa. 70eko hamarkadaren amaieran pare bat atabal egin zituen, gero danborradarako danborrak ere bai... Larruzkoen ordez, plastikozko partxea zeukaten danborrak ere egin zituen, euria zenerako egokiagoak.

80ko hamarkadaren hasieran, Jesus Segurolak Jose Inazio Ansorenarentzako danbolin bat egiteko eskatu zion. Segurolak, ordurako, lan handia egin zuen Ansorenarekin txistu afinatuak sortzeko, eta orain danbolinekin hasi nahi zuten. Inaziok ezetz esan zion hasieran, Ansorena musikako katedraduna zela eta berak ezin ziola hari gustuko danborrik egin. Azkenean ausartu zen, baina, Jose Inazio Ansorenak bueltan bidali zion lehen danbolin hura eta eskutitz bidez adierazi zion zer aldatu nahi zuen: ahuntzaren larruz egindako partxea, tripaz egindako bordoiak... Hala, haren argibideak jarraituz, primerako danbolina egin zuen.

Handik aurrera makina bat danbolin, atabal, bonbete... egin zituen. Euskal Herriko txoko guztietatik deitzen zioten eta artisau ferietan ere ibili izan zen urte askotan. Behin edo behin esan zuenez, Erroman ere ba omen da bere danbolinen bat.

Inaziok etxeko sukaldean, artisau erara, egin izan zuen lan. Behinola, ikastaro bat emateko eskatu zion Udalak eta tailer txiki bat jarriko ziotela ere eskaini zioten. Baina nahiago zuen bere sukaldean jarraitu, bere erara lan egin, bere ordutegiak jarraituz.

Urretxuko taldearentzat lan handia egin izan zuen eta, gehienetan, materiala soilik kobratuz. Umore handiko gizona zen eta sarritan bidali izan zituen ondorengo hau bezalako oharrak konpondu berri zuen danbor batekin batera:

“Señor don Jose Maria Lasa:
Mi secretaria, que es la que me lleva la contabilidad, está de vacaciones. Es por lo que no puedo mandarle la factura. Sin más reciba un saludo de su amigo.”

Edo baita honelako fakturak ere:

“Cuerdas tensar__________ 0000
Correas tensar __________ 0000
Cordon rojo __________ 0000
Estirar parche __________ 0000
Pintar y barnizar _________ 0000
Mano de obra ___________ 000.000.000”

Gizon umoretsua eta alaia izan zen bere idatzi horietan antzematen den bezala eta ez da erraza hainbeste lan egin duen pertsona bati behar bezala eskerrak ematea. Urretxuko Txistulari Taldea 1993an egindako omenaldiarekin saiatu zen horretan. Honako hau da egun hartan Inaziori eskaini zioten bertsoa:

Tarrapatatan tarrapatatan
kale, zoko eta plazatan,
tarrapatatan tarrapatatan
jai egun eta festatan,
tarrapatatan tarrapatatan
txaranga eta bandatan,
zure danborrak entzuten dira
Euskadiko karrikatan,
alaitasuna zabaltzen dute
ez bizitzeko penatan.

Horrez gainera, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak zilarrezko domina eman zion 1995ean Oreretan egin zuten ekitaldi batean. Txistuak eta danborrak egiten aritutako jendeari eman zitzaion domina orduan. Inaziorekin batera, Jesus Segurolak, Amurrioko Jose Gancedok eta Zarauzko Keller enpresak jaso zuten urte hartan.

Ondoren, 1998an, Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak ere diploma eman zion. Eta azkenik, 2006an Urretxuko Santa Anastasia jaietako pregoilaria izan zen eta omenalditxoa egin zioten udaletxean.

2010eko uztailaren 8an hil zen Inazio Barrio, 92 urte zituela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario