7 de enero de 2013

Ramon Esnaola, musikari konpletoa eta txistulari askoren irakaslea

Urretxuko txistulari gehienen irakaslea Santi Gutierrez izan zela esan dugu aurreko ataletan. Eta hala izan zen, baina Ramon Esnaolak ere makina bat gaztetxori erakutsi izan die txistua jotzen; hasiera batean, bere etxera gerturatzen ziren neska mutiko guztiei, eta jubilatu ondoren, Secundino Esnaola Musika Eskolako haurrei.


1917. urtean jaio zen Ramon Urretxuko Jauregi kalean, Goiko Kalen hain zuzen ere. Umea zela Beasainera joan zen bizitzera bere familiarekin eta han hasi zituen musika ikasketak, baina 1932an berriz ere Zumarragara etorri zen. Flauta, flautina, klarinetea, saxofoia... Musika tresna ugari jotzen ikasi zuen gaztetan eta Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko musika bandetan aritu izan da, baita Tolosako Beotibar orkestrarekin ere.

1955 inguruan, txistua galtzera zihoala komentatu zion Jose Telleria izeneko bandako kide batek. Garai hartan Pascual Ocariz eta Martin Zenekorta Tximista ziren Zumarragako txistulari ofizialak, Jose San Pedro atabalariarekin batera, eta ordurako, nahikoa gizon helduak ziren. Urretxun, berriz, ez zegoen txistulari banda ofizialik. Behin, Zumarragako bandako kideak Pascualen eta Tximistaren zain zeuden euren emanaldia hasteko; azken hauek Udalaren ekitaldi batean txistua jotzera joanak baitziren. Iritsi zirenean, haiei begira jarri omen zen Telleria eta serio serio esan omen zion ondoan zeukan Ramoni: “El txistu se ha jodido Ramon. Cuando estos lo dejen, el txistu se habrá acabado aquí”.

Hitz haiek barru barruraino sartu zitzaizkion Ramoni. Nola galduko zen bada txistua? Geure musika tresna zen, Euskal Herrikoa, tradiziozkoa... Ez al zuen inork Pascualen eta Tximistaren bidea jarraituko? Azkenean, berak ikasiko zuela erabaki zuen. Dagoeneko bazekien hainbat musika tresna jotzen, beraz, ez zitzaion oso zaila egingo.

Eta horrela, Pascuali eta Tximistari eskatu zien erakusteko. Baina ezetz esan zioten biek. Beraz, Donostiako Erviti etxera joatea erabaki zuen. Txistu bat eta liburu bat erosi zituen eta horrela, bere kasa, ikasi zuen txistua jotzen.

Baina horrekin ez zen nahikoa, ez zuen txistuaren iraupena bermatuko berak bakarrik ikasita, eta beste batzuei irakatsiko ziela erabaki zuen. Lehendabizi, etxekoekin hasi zen: bi alabei eta bost ilobari erakutsi zien, Salegi lehengusuei. Eta laster, inguruko beste hainbat neska-mutiko ere hasi ziren Ramonekin ikasten. Etxean bertan ematen zizkien eskolak umeei, lehendabizi solfeoa eta gero txistua. Batzuetan, gainera, gogor xamar ere egiten zien. Izan ere, eskolatik irtenda, jolastera joateko gogo handiagoa izaten zuten, baina Ramonek argi zuen txistua jotzen ikasteak on egingo ziela.

Ramon Esnaola Urretxu plazan txistulariekin.

Garai hartako Ramonen ikasle gehienak Urretxuko Txistularien Taldean ibili ziren. Bere hiru iloba (Inazio, Anton eta Arantxa), Jose Mari Zaldua eta besteren bat taldearen sorreran sartu ziren, 1960an. Gainerako ilobak eta bi alabak (Marianti, Mari Jose, Maria Jesus eta Luisi), berriz, urte batzuk geroago, piska bat koxkortu zirenean hasi ziren. Izan ere, salegitarretako batzuk oso umeak zirela ikasi zuten txistua jotzen. Luisik, Ramonen alabak, lau urte inguru izango zituen hasi zenean eta oso txikia zenez, bi eskurekin heldu behar izaten zuela txistua gogoratzen du, bestela erori egiten zitzaion eta.

Atabala jotzen ere erakutsi zuen Ramonek. Juan Manuel Kerejetak behintzat berarekin, bere etxean, ikasi zuen. 1959-1960 inguruan, mutil koxkorra zen Juan Manuel eta jolasean ibiltzen zen Inazio eta Antonekin, Ramonen ilobekin. Haiek esanda hasi zen Ramonen etxera joaten. Nonbait, orduan sortzekotan zebiltzan taldeak atabalaria beharko zuela pentsatuko zuen Ramonek eta Juan Manuel hasi zen hura ikasten. “Ramon bera bazkaltzen egoten zen sukaldean eta ni pasiloan, aurrera eta atzera, takata takata” gogoratzen du ikasleak. Pieza bakoitzaren erritmoa abesten zion Ramonek eta hala ikasi zituen biribilketa, zortzikoa, fandangoa eta arin arina.

80ko hamarkadan berriz ere ekin zion irakasle lanari Ramonek. Secundino Esnaola Musika Eskolaren aitzindaria zen musika tailerrean solfeo eta txistu eskolak ematen zituen. Ondoren, musika eskolaren sorreran parte hartu zuen eta han ere bera aritu zen txistu irakasle zereginetan. Ordurako jubilatuta zegoen eta denbora libre gehixeago zeukan, nahiz eta Zumarragako eta Legazpiko musika bandetan jotzen aritzen zen. Honela, gaur egun Urretxuko taldean dabiltzan txistularietako batzuren irakasle ere izan zen.

Guztira, Ramonek eta Santik egindako lanari esker, 200dik gora lagunek ikasi dute Urretxun eta Zumarragan txistua jotzen. Beraz, 50eko hamarkadan jarri zuen helburua, hau da, txistua urteetan zehar iraunaraztea, soberan bete duela esan dezakegu.

Irakasteaz gainera, han eta hemen ere jo izan zuen Ramonek deitu izan ziotenean. Behin Pascual Okariz gaixo jarri zela eta, Santa Isabel egun batean Antioko Ezpatadantza jotzera joan behar izan zuen. Garai hartan ez zegoen partiturarik eta ez zekizkien pieza guztiak buruz, beraz, Txato Odriozolak melodiak abestu zizkion Ramonek apuntatu eta ikasi zitzan. Ez omen zen hain gaizki atera; “dantzariek behintzat berdin berdin egin zuten dantza” dio berak.

Beste behin, Zumarragako Merzedariatarren komentutik dei egin zioten. Arantxa Salegi ilobak oraindik gogoan du osabak eurak ere eraman zituela jotzera. Urretxuko taldean hasi aurretik izan omen zen hura, ikasten ari ziren garaian. Moja garrantzitsuren bat omen zetorren bisitan komentura eta hari harrera egitera joan ziren. Egun hartarako “Elizondo” biribilketa ikasi zuten. Lehenengo aldiz jo ondoren, moja bat begira begira gelditu omen zitzaien eta esan zion Ramoni: “toquen otra vez, pero usted no, que toquen ellos, sólo ellos”. Hala bada, berriz ere jo zuten, oraingoan haurrek bakarrik eta nahikoa konforme gelditu omen zen moja hura, “aaaa, pues sí que tocan, sí” esanez.

Lehenago ere esan dugu hainbat musika tresna jotzen ikasi zuela Ramon Esnaolak, musika bandetan ibili zen jotzen eta zuzendari lanetan, orkestra batean ere bai... Jubilatu zenean pianoa jotzen ere ikasi zuen bandetan zuzendu behar zituen obrak hobeto ikasi ahal izateko. Musikari dagokionez, ia denetik egin du Ramon Esnaolak, baita konposatu ere. Guztira, 30 pieza inguru sortu ditu. Bi musika bandek jotzekoak dira eta gainerako guztiak txistu taldeentzako biribilketak, zortzikoak eta abar. Horietako askori, gainera, Urretxuko paraje, kale edo baserrien izenak jarri izan dizkio. Lehenengoa “Goiko Kale” biribilketa izan zen eta bertan jaio zelako jarri zion izen hori. Eta gero etorri ziren, “Ipiñarrieta”, “Santa Cruz”, “Lizarriturri”, “Agerre”, “Mendizabal” eta beste hainbat. Ramonen piezekin diskoa grabatu zuen 2010. urtean Urretxuko Txistulari Taldeak. 50. urteurrena ospatzeko eta Ramon omentzeko egindako ekimena izan da.

Lan honengatik guztiagatik omenaldi pila bat jaso ditu Ramon Esnaolak azken urteetan. Urretxuko Txistularien Taldeak 1993ko irailean, Santa Anastasietako kontzertuan, omendu zuen. Hemen duzue gau hartan abestu zioten bertsoa eta oroigarri gisa Ramonek berak jaso zuena.

Zu musikaren alor askotan
sarritan zara murgiltzen,
klarineteari ongi dakizu
soinu gozoa ateratzen,
musika banda batutarekin
dotore duzu zuzentzen,
txistua ere zure ezpainetan
ederki ohi da entzuten,
zortziko eta biribilketa
ederrak dituzu asmatzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario