19 de abril de 2010

Txistulariak KAIXO aldizkarian

Urretxuko Udalak, hiru hilean behin (gutxi gora behera) KAIXO herri aldizkaria kaleratzen du. Azken alea, 100. alea izan da eta martxo bukaeran kaleratu zen. Ale berezia izanik, Noticias de Gipuzkoa egunkariko herri kronikan, KAIXO aldizkariari eskeinitako albistea irakurri daiteke: bere sorreraren nondik norakoak, ibilbidea... Kuriositatea baduzu, hemen duzu apirilaren 7an kaleratutako albistea: 100 aldiz "Kaixo"

Herri mailako gainontzeko hedabideetan bezala, KAIXOn ere, Urretxuko Txistulariei buruzko erreportaia jaso dute 50. urteurreneko aitzakia hartuta. Urretxun bizi ez bazara, zaila da aldizkaria formatu fisikoan jasotzea. Hala ere, aldizkaria modu digitalean deskargatzeko aukera badaukazu hemen klik eginda. Honela erreportaia zuzenean irakurri dezakezu. Zeinek esango luke KAIXOren lehenengo alea argitaratu zenean, ordenagailu bidez ere irakurri ahal izango zela!!!

Amaitzeko, amarauneko txoko txiki honetatik, KAIXOrekin modu batera edo bestera harremana izandako guztioi ZORIONAK esan nahi dizuegu. Beste horrenbeste ale kaleratzeko gogo eta ilusioarekin jarrai dezazuela aurrera!!!

13 de abril de 2010

Kalejiren oporraldia amaitu da

Urretxuko Txistulari Taldearen ezaugarrietako bat iganderoko kalejirak dira. Azken asteotan ordea, ihauterietatik hain zuzen ere, igande goizetan ez da txistu soinurik entzun kaleetan zehar. Ohitura den bezala, Garizuma garaian Urretxun ez da kalejirarik jotzen eta txistulariok hainbeste desiatutako oporrak hartzen ditugu.

Baina Aste Santuetako oporraldiekin batera, beste oporraldi batzuk ere bukatzen dira eta pasa den igandetik, berriro ere kalejirak hasi dira. Igandero igandero, goizeko 9etan Iparragirre plazatik abiatu eta betiko ibilbidean zehar, zortzikoak eta biribilketak izango dira entzugai abuztuko oporrak iritsi bitartean.