27 de noviembre de 2014

Urretxuko txistulariak, Zaldibarko Trikitixa lehiaketan

Igande honetan, azaroaren 30ean, jokatuko da Zaldibarren Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketa eta Urretxuko txistulariok izango dugu bertan gure ordezkaritza ere. Bai bai bai! Trikitilarien txapelketa izanagatik, txistulari bat gutxienez ikusiko dugu oholtza gainean: Andoni Oruesagasti. Baina oraingoan trikitixa jotzen, noski!


Andoni sagardotegi batean trikitia jotzen, arreba Jone panderoan
lagun duela
 
Erdi egitan, erdi brometan, askotan esan izan dugu Urretxuko txistulariok, festa kontuetan, denetarako balio dugula. Baditugu taldean kantari bikainak, dantzariak, dultzaineroak, gitarristak, txalaparta jotzaileak, bertsolariak... eta noski, baita trikitilari eta panderojoleak ere. Geuk bakarrik disziplina ugaritako erromeria egin dezakegu ti ta batean!! ;-)

Andoni Oruesagasti, gaztetxoa izanagatik, trikitilari bikaina dugu eta, igandean, Uxue Kerejetarekin batera igoko da Zaldibarko oholtza gainera, beste zazpi bikoterekin lehiatzera. Aramaioko kanporaketan lortu zuten Zaldibarrerako txartela, 123,10 puntu eskuratuta.

Azken bi aste hauetan buru-belarri ibili dira Uxue eta biak igandean jo behar dituzten lau piezak prestatzen:  'Bizkaiko Trikitixa', 'Porrusalda', 'Garasolo fandangoa' (Jose Mari Iriondok egina) eta 'Arin Arina'. Eta seguru bikain arituko direla igandean ere! Zita Olazar pilotalekuan izango da 17:30ean.

Animo bikote!! Ue ue ue, Kereje eta Orue!!

25 de noviembre de 2014

Santa Zezilia eguneko argazkiak

Zumarragako eta Urretxuko txistulari taldeek elkarrekin egin genuen kalejira joan zen larunbatean, Santa Zezilia egunean. Bi herriotako kaleetan gora eta behera ibili ginen eta gure ondoan izan genituen une oro Goiargi abesbatzako kideak ere. Elkarri txanda pasatzen ibili ginen; guk amaitutakoan haiek hasten ziren katuan eta, horrela, musikaz bete genituen bi herriak larunbat iluntzean.
 
Segidan dituzue kalejiran ateratako argazki batzuk:
 

 


 


11 de noviembre de 2014

San Martin eguna ospatu dugu

Azaroak 11, San Martin eguna. 
Urretxuko zaindarietako bat da San Martin. Urtero bezala, Gernikako Arbola plazan txozna montatu eta txerri bat zozketatu dute. Eta urtero bezala, Urretxuko txistulari taldekook Iparragirre Balerdi musika tailerrarekin batera kalejira egin dugu herritarrei egun berezia izan dela gogorarazteko.
Ordu eta laurdeneko kalejira egin dugu eta ohiko ibilbidea zertxobait aldatu dugu. Izan ere, San Martin egunean, izen bereko auzora bisita egin dugu. Urretxuko erdigunetik gertu dago San Martin auzoa, baina gaurko egunez bakarrik ibiltzen gara kalejiran bertako kaleetatik. Kalejira nola ez, txoznan bukatu dugu eta ohiturak jarraituz odolki pintxoa dastatzeko aukera ez dugu pasatzen utzi!

1 de noviembre de 2014

Beasaingo XXXII Txistu Kontzertua

Pasa den asteburuan, Beasainera hurbildu ginen beste urte batez, bertako txistulari taldeak prestatutako txistularien alardean parte hartzera. Ordubete pasako ikuskizun ederra osatu genuen eta bertan, Goierriko txistulari desberdinekin batera dantzariak, abeslari bakarlariak, kantu-jira taldeko abeslariak, metal boskotea, Bitartean taldea eta herriko erraldoien konpartsak parte hartu zuten. Azken hauek izan ziren aurtengo kontzertuko berritasuna, izan ere Beasaingo erraldoien konpartsak bi partaide berri ditu eta alardean ederki dantzatu zuten beraiei eskainitako baltsa eta Kote Polka izeneko pieza.

Aipamen berezia merezi dute Hernaniko Bitartean taldeak eskainitako La Corralera pieza eta hauekin batera Jon Ansorenak eskainitako Tico-tico pieza. Ahozabalik utzi gintuen bertaratutako guztiok, txistuarekin duen trebetasuna erakutsi baitzuen pieza ezagun horrekin.

Hona hemen kontzertuko programa:
  1. Beasaingo Martxa (Ramon Aranburu Irizar)
  2. Segurako alborada (Herrikoia)
  3. Behin batean Loioaln (Herrikoia)
  4. Iturengo Arotza (Herrikoia)
  5. Atiarno Kalejira (Herrikoia)
  6. Atiarno Fandangoa (Herrikoia)
  7. Atiarno Arin-arina (Herrikoia)
  8. Guda (Tomás San Miguel)
  9. La Correlera (Mold: Bitartean taldea)
  10. Tico-tico (Zequinha d'Abreu)
  11. Beasaingo Erraldoien Konpartsa (Pello Irizar Aranburu)
  12. Kote Polka (Pello Irizar Aranburu)
  13. Sarri Sarri (Kortatu)
  14. Kolorez kolore (Mixel Ducau)
  15. Txoriak txori (Mikel Laboa)
Kontzertuari amaiera eman ondoren, partehartzaile guztiok elkarrekin ederki afaldu genuen Beasaingo jatetxe ezagun batean

15 de octubre de 2014

"Baina bihotzak dio..." eta Herri Opera, 2014ko kontzertuan

Gaur, joan zen irailaren 20an, Urretxuko Santa Anastasietan, egin genuen kontzertuaren beste zatitxo bat erakustera gatoz.



Aurreko batean, "Gure esku dago" abestia kontzertuan nola interpretatu genuen erakutsi genizuen. Izatez, Kepa Junkerak eta Eñaut Elorrietak Kirmen Uriberen hitzekin egindako abestia da. Gure moldaketa honetan Goiargi Abesbatzak, Sekundino Esnaola Musika Eskolako haur abesbatzak, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko txalapartariak, Gorobel Metal Boskoteak, eta txistulariok hartu genuen parte.

Oraingoan, "Baina bihotzak dio" abestia nola gelditu zitzaigun ikusiko duzue. 2014ko ekainean taularatu zen GI-631 Zumarraga-Urretxuko Herri Operaren aitzakian Edurne Iturbek eta Jon Maiak egindako abestia da.

Kasu honetan trikitixa Edurne Iturbek berak jo zuen; panderoa Andoni Elorzak, eta abeslari bakarlariak Lurdes Martinez eta Enrike Agirre izan ziren. Horrez gainera, Javi eta Buli (Zuhaitzaren Soinua Kolektibokoak) aritu ziren txalapartan, Goiargi Abesbatzak eta Sekundino Esnaola Musika Eskolako haur abesbatzak ere abestu zuten eta Gorobel metal boskoteak ere jo zuen txistulariokin batera. Azkenik, irrintzia Amaia Aranaga txistulariak bota zuen.

Hona hemen denon artean lortu genuen emaitza:

 

22 de septiembre de 2014

Ramon Esnaola, Imanol, Herri Opera eta Gure Esku Dago gogoratu ditugu aurtengo kontzertuan

Arratsaldeko euri zaparradak zalantza asko piztu bazizkigun ere, eguraldia portatu zen azkenean eta espero bezala burutu ahal izan genuen Santa Anastasia jaien barruko txistularien alardea.

Aurtengo emanaldian Ramon Esnaola gogoratu nahi izan dugu, bera gabeko lehen kontzertua izan baitzen larunbatekoa. Bere hiru pieza jo genituen eta, esker ona adierazteko, oroigarri bat eman genion haren familiari.

Baina ez Ramon bakarrik: Imanol kantariaren heriotzaren 10. urteurrena oroitu genuen "Ilun Ikarak" abestia kontzertuan sartuz. Eta baita gure bi herriotan hainbat eta hainbat jende mugiarazi duten bi ekitaldi: ekainaren 21eko Herri Opera eta, Gure esku dago ekimenak bultzatuta, ekainaren 8an egin zen erabakitzeko eskubidearen aldeko giza-katea.

Azken hau gogoratzeko, Kirmen Uriberen hitzekin Eñaut Elorrietak eta Kepa Junkerak idatzitako "Gure esku dago" abestia ere egitarauan sartu genuen. Beheko bideoan ikusi dezakezun bezala, Goiargi abesbatzako bakarlariak eta Secundino Esnaola musika eskolako haurrak izan genituen lagun abesti honetan.


 

19 de septiembre de 2014

Ipini dugu pina!

Kultur etxeko langileek "Ipini pina" kanpainaren barruko erronka bota ziguten eta baita guk onartu ere! Agindutakoa betez, hementxe daukazue gure bideoa. Eta presta zaitezte ondorengoak, ze bati baino gehiagori bota diegu guk erronka:


 
 
Ala ba! Goiargi, musika eskola, Lurra eta Irrintzi dantza taldeak, Zuhaitzaren Soinua Kolektibokoak eta Zumarragako Antxinako Ama Txistulari taldea... orain zuena da erronka! Ipini pina!

18 de septiembre de 2014

Onartu dugu erronka!

Aurtengo Santa Anastasia jaietara begira, erronka bat dabil bolo bolo herritarren artean: Ipini pina!

Jaietan euskaraz aritzea helburu duen erronka da, eta talde, koadrila zein norbanakoak elkarri "pina ipintzeko" gonbidapena egiten ari dira.

Egin beharrekoa honako hau da: Urretxuko kultur etxean pina lortu, bideo bat grabatu norbaiti euskaraz aritzeko eta pina jartzeko erronka boteaz, eta bideo hori sare sozialen bidez zabaldu.

Urretxuko txistularioi kultur etxeko lantaldeak bota digu erronka:




Ba onartu dugu erronka! Hoixe baietz!

Eta orain gure bideoa prestatzera goaz. Erronka nori bota pentsatzen hasita gaude. Laster izango duzue gure berri!

Bitartean, zuek ere ekimen honetan parte hartu nahi baduzue, hemen daukazue beste bideo baten adibidea; Juanlu Aranburuk eta Ritxi Babarrok, Oihane Zabaleta alkateari eta Aitor Otegi zinegotziari botatakoa:



 
 
Facebookeko Urretxu Zumarraga Euskaraz komunitatean askoz bideo gehiago aurkituko dituzue.
 
Ipini pina!!

17 de septiembre de 2014

Ramon Esnaola gogoratuko dugu larunbateko kontzetuan

2013ko urriaren 8an hil zen Ramon Esnaola, txistularion maisu eta konpositorea izandakoa. Hori dela eta, aurtengo txistularion kontzertuan gogoan izan nahi dugu eta emanaldiko zatitxo bat berari eskaini nahi diogu.

Ramon lagun handia eta maisua izan zen Urretxuko txistulariontzat: berak erakutsi zigun gutako askori txistua jotzen. Batzuei 1960. urtearen inguruan, Urretxuko Txistu Taldea sortzera zihoanean eta beste batzuei, 20 urte beranduago, Secundino Musika Eskolako irakasle izan zenean.

Horrez gainera, konpositorea ere izan zen. Biribilketa, zortziko, arin arin eta fandango ugari sortu zituen txistuarekin joko zirela pentsatuz eta Urretxuko leku eta baserrien izena jarri zien. Musika bandarekin jotzeko pare bat pieza ere idatzi zituen. Lan horiekin guztiekin, diskoa atera genuen 2010. urtean (taldearen 50. urteurrenean) Ramon Esnaolaren musikak izenpean.

Horregatik guztiagatik, larunbatean, irailaren 20an egingo dugun txistularien kontzertuan, gogoan izango dugu eta berak konposatutako hiru pieza joko ditugu: "Beidakar" fandangoa, "Iturbe" arin arina eta "Lizarriturri" biribilketa.

Ramonen familia ere gure artean izango dugu gau horretan, bera urtero urtero egoten zen bezala.


11 de septiembre de 2014

Irailaren 20an, txistularien kontzertua, Urretxun

Urtero, Santa Anastasia jaien barruan egiten dugun txistularien kontzertua irailaren 20an izango da aurten. Ohi dugun bezala, Iparragirre plazan izango da zita 23:00etan, baina euria egingo balu, Aldiri kiroldegian ikusiko dugu elkar.

Aurten, 15 piezaz osatutako saioa prestatu dugu. Urtero legez, herriko kantari, dantza talde eta musikarien partehartzea bilatu dugu; gurekin izango ditugu, besteak beste, Edurne Iturbe trikitilaria eta Roberto Perez de Goikoetxea soinujolea. Horrez gainera, joan zen urriaren 8an hil zitzaigun Ramon Esnaola ekarriko dugu gogora, eta aurten gure herrian jende asko bildu dituzten hainbat ekitaldi aipatuko ditugu. Amaitzeko, noski, dantzak eta abeslariak ere ez dira faltako. Aurten gainera, aspaldian gure kontzertuetan ikusi gabeko zerbait ikusi eta entzun ahal izango da, tango bat.

Hemen daukazue gau hortako emanaldiaren egitaraua:

- Oskorriren potpourria (Mold: Xabier Zabala)
- Antzinako minuetoa (Luis Aranburu)
- Maitia nun zira (Herrikoia)
- Beidakar (Ramon Esnaola)
- Iturbe (Ramon Esnaola)
- Lizarriturri (Ramon Esnaola)
- Argentinar amets bat (Roberto Lopez de Goikoetxea)
- Androkanto (Mold: Xabier Barriola)
- Ilun-ikarak (I. Larzabal / Mold: M. Arratibel)
- Otsagabia (Mold: Kepa de Miguel)
- La Pilindros (S. Erkizia / Mold: K. Sanchez)
- Gure esku dago (Mold: Xabier Barriola)
- Baina bihotzak dio... (E. Iturbe / Mold: G. Hermosa)
- Biribilketen potpourria (Mold: Xabier Zabala)
- Gernikako Arbola (J.M. Iparragirre)

Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako txistulariak izango ditugu lagun gau horretan oholtza gainean. Noski txistulari guztiei luzatu nahi diegu bertan parte hartzeko gonbitea. Etorri nahi izanez gero, gure e-posta helbidera idatzi dezakezue.

Egun horretan bertan Iparragirre plazan entsegu orokorra eta soinu probak egingo ditugu 16:30ean hasita eta ondoren, kontzertu aurretik, parte hartzaile guztiok elkarrekin afalduko dugu. Aurretik piezei bueltatxo bat eman nahi izanez gero, hementxe dituzue partiturak.


10 de septiembre de 2014

Urretxu-Zumarragako herri opera, larunbat honetan, ETB1en

Larunbat honetan, irailaren 13an, ikusi ahal izango dugu Euskal Telebistan, ekainean egin genuen Urretxu Zumarragako Herri Opera. 21:55ean izango da ETB1en, eitb.eus atariko programazioan agertzen denez.



Ekainaren 21ean egin zen Urretxuko frontoian azken urte hauetan egin den kultur ekitaldirik jendetsuena, partehartzeari dagokionez. Herriko talde eta artista gehienok hartu genuen parte bertan eta, bi emanaldi izan baziren ere, ezin izan zuten nahi zuten guztiek ikusi.

Ikusi ez zuten horiek denak, larunbat honetan izango dute aukera ETB1en.

20 de junio de 2014

Herri Opera prest!

Bihar, ekainaren 21a izango da Urretxu eta Zumarragan azken urteotan burutu den kultur ekintzarik handienetako bat: GI-631 herri opera. Aurreko hilabetean aurreratu genizuen bezala, azken urte honetan zehar garatu den proiektua da eta herriko artista desberdinak biltzen dira bertan: musikariak, dantzariak, argazkilariak, margolariak, aktoreak, ... Guztira 600 lagun baino gehiago arituko gara ikuskizunean parte hartzen.

Azken asteotan Euskal Herriko zein estatuko zenbait komunikabidetan ere izan du oihartzuna Herri Operak. Hemen duzue internet-eko zenbait atarietan ikusitakoak:

Hasieran, emanaldi bakarra aurreikusten zen Gernikako Arbola plazan, baina eguraldi iragarpen txarrak ikusita, ikuskizuna Urretxuko Ederrena frontoian izango da. Argazkietan ikus dezakezuenez, muntaketa lanak dagoeneko hasi dira bertan.



Azken orduko aldaketa honek, herri operaren bi emanaldi egitea ekarri du: lehenengoa arratsaldeko 19:00etan eta bigarrena gaueko 22:30ean. Bi emanaldietarako sarrerak eskuratzea ezinbestekoa izango da, Ederrena pilotalekuko aforoa zaindu ahal izateko.

Horretarako bihar bertan zabalduko dira lehiatilak: 11:00etatik 13:00etara Ederrena pilotalekuan eta Zumarragako Zelai Aristi zinean. Pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu.


Eta muntaia handi honen ondoren, San Juan eguneko ospakizunak izango ditugu. Urtero bezala, txistu doinuak ez dira faltako!

17 de mayo de 2014

"GI-631" herri-opera, gure hurrengo proiektu garrantzitsua

Garizuma eta Aste Santua aspalditxoan joan ziren eta Lizarriturri txistulari taldea ohiko jardunean buru-belarri sartuta dago jada; Garizuma ondorengo lehendabiziko kalejirak ere egin ditugu, euririk egin ez duen igandeetan behintzat.

Orain uda hasieran daukagu bista jarrita, San Joan inguruan zehatzago esateko. Izan ere, aurtengo San Joanak sekula baino ekitaldi gehiagorekin datoz. Ekainaren 23ko akelarrea eta San Juan eguneko erromeriaz gainera, ekainaren 21ean daukagu zita garrantzitsua Zumarragak eta Urretxuk, eta baita Lizarriturri taldekook ere.

Gorka Hermosak bultzatu duen “GI-631” herri-opera izango da ikusgai egun horretan Gernikako Arbola plazan, gaueko 22:00etan. Maiatzaren 2an egin zuten jendaurrean Herri Operaren aurkezpena. Gorka Hermosa akordeoilari ezaguna izan da proiektua bere buruan gauzatu zuena, eta sekulako meritua erakutsi du herriko musika talde ia denak eta bestelako artista ugari elkartzen, eta denak proiektu hau burutzeko elkarlanean jartzen. Emaitza San Joan jaien atarian ikusiko dugu.

Urretxuko Lizarriturri txistulari taldekook ere jarriko dugu gure aletxoa ikuskizunean. Guri Jose Mari Iparragirreren Zugana Manuela eta Secundino Esnaolaren Matxintxo piezak jotzea egokitu zaigu eta herriko musikariz osatutako jazz taldea eta abesbatzak izango ditugu lagun pieza hauetan.

Ikuskizunak, orotara, 14 musika saio izango ditu, eta herriko ia musikari guztiek izango dugu gure momentua: txistulari, trikitilari, hip hop edota rock taldeek. Eta denok herriko konpositoreen piezak joko ditugu.  Baina aurkezpenean adierazi zutenez, “opera arte guztiak biltzen dituen ikuskizuna” omen da, eta beraz, piezen artean, herriko aktoreek 2383. urtera eramango gaituen istorio bat kontatuko digute.

Emaitza zein izango den ikusteko dago oraindik, baina ikusmina eta irrika pizten hasi da dagoeneko. Momentuz, giroa berotzeko, Edurne Iturbe trikitilariak eta Jon Maia bertsolariak egin duten abestiaren bideokliparekin gozatu dezakegu.

5 de marzo de 2014

Inauteri igandeko kalejirako argazki eta bideo gehiago

Inauteri igandeko kalejira gogoratzeko horietako bat izan ohi da urtero. Tolosako inauterietan ohikoak izaten diren piezak jotzen dira eta mozorrotuta irteten garenez, ederki pasatzen dugu. Aurrekoan aurtengo inauterietako argazki batzuk erakutsi genizkizuen, suhiltzailez jantzita, baina oraingoan irudi berriak ditugu eta baita bideoak ere. Jesus Mari Garraldak txistularion goizeko dianako momentu ezberdinetan jasotako irudiak dira. Eskerrik asko Garralda!

Hasteko, bideo pare bat erakutsiko dizuegu. Kalejirako hasierako partekoa lehendabizi:


Eta kalejira amaitzen ari zen unekoa segidan:


Argazkiak ere bidali dizkigu. Hemen dituzue horietako batzuk.

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Urretxuko txistularien inauterietako kalejira

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Talde osoa kalejirarako prest
2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Labeaga kalean barrena

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Liza, Lourdes Tirapu eta Jose Mari Kerejeta

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Kontxi Kerejeta, Marianti, Abasolo eta Liza

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Jostenka, Liza, Lourdes Tirapu eta Ainhoa Alzelai 

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Zaldua, Tirapu eta Chico

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Ipeñarrieta kalean barrena

2014ko Inauteriak. Urretxuko txistularien kalejira.
Kalejira amaierako argazkia

Txistulari batzuk hasi dira hurrengo urteko mozorroan pentsatzen. Ordurako ere prestatuko dugu sorpresaren bat!

2 de marzo de 2014

Urretxuko suak itzali ditugu gaur!

Suak itzaltzen ibili gara gaur Lizarriturri Urretxuko txistulari taldekook. Goizeko 9etan izan dugu larrialdi deia eta guardian geunden suhiltzaile guztiok irten gara lanera. Inauterietako ohiko piezak erabili ditugu erreminta gisa horretarako: Tolosako diana, Galtzaundi... Hemen dituzue argazkiak:








Eta honekin batera, urteko lehen oporrak hartzen ditugula jakinarazi nahi dizuegu. Garizuman sartuko gara inauterien ondoren, eta txistulariok atseden hartuko dugu Aste Santuko igandea arte. Ordura arte, ondo bizi!!

26 de febrero de 2014

Inauteriak prestatzen

Urretxu ez da Tolosa baina hemen ere inauteriak mozorrotuta ospatzen ditugu eta Lizarriturri txistulari taldea ez da gutxiago izango. Azken prestaketetan sartuta gaude, bai joko ditugun piezei dagokionez (Galtzaundi...) baita aurtengo gure mozorroari dagokionez ere.

Txistularien aurtengo mozorroa

Honezkero asmatuko zenuten zertaz jantziko garen ezta?

Igande goizeko 9etan izango dugu zita urretxuar guztiokin. Ez ezazue galdu kalejira!




19 de enero de 2014

San Sebastian eguna Urretxuko kaleetan

San Sebastian eguna iritsi baino ordu batzuk lehenago danborrada hotsak entzun dira Urretxuko kaleetan. Urtarrilaren 20tik gertuen dagoen igandean ohikoa izan ohi denez, gaur goizeko kalejira jai horri eskaini diogu Lizarriturri taldeko txistulariok eta Donostiako Martxa, Diana, Tatiago eta abar eskaini ditugu.

San Sebastian bezperako kalejira plazan


San Sebastian bezperako kalejira geltokietara iristen

Beterano eta gazte, 25 txistulari eta danborrero inguru bildu gara urtarrilaren 19ko kalejiran.