14 de julio de 2010

Badator Iraila...

Bai, bai... Oraindik uztailean egon arren, gure taldea dagoeneko bere ikusmira irailean jarrita dauka!! Izan ere, aurtengo iraila berezia da Urretxuko Txistulari taldearentzat.

1960ko irailaren 11 izan zen Urretxuko Txistulari Taldearen lehenengo kalejira eta data hori hartzen da taldeko sorreraren egun bezala. Honela, aurtengo irailaren 11an, 5o urte beteko ditu Urretxuko Txistulari Taldeak.

Horrelako data esanguratsua ospatzeko, hainbat ekintza prestatzen dihardu taldeak eta pixkanaka-pixkanaka blog honetan bertan bakoitzari buruzko informazio zabalagoa aurkitu ahal izango duzue (aurrerapen txiki bat blog honetako AGENDA atalean aurki daiteke). Baina orain, 50 urte hauetan zehar taldean ibilitako partaide guztiengana zabaldu nahi dugu gure mezua!!! Egun gutxiren buruan, hemen beheran aurki daitekeen gutuna izango duzue eskuartean.


Gutunean iraileko ekintzen berri ematen da, baina bereziki bi ekintza nabarmendu nahi genituzke: IRAILAREN 11ko OSPAKIZUNAK eta EUSKAL JAIA (irailaren 19an). Bi egun hauetan, ahalik eta taldekide gehien bildu nahi ditugu guztiok batera taldeko Urrezko Ezteiak ospatzeko, beraz animatu eta parte hartu!!!!

Kontutan hartzeko azken bi oharrak:
  • Irailaren 11an ospatuko den BAZKARIan parte hartu ahal izateko, izen-ematea zabalik dago irailaren 3ra arte eta gure posta elektroniko helbidea baliatu daiteke horretarako (urretxukotxistulariak@gmail.com).
  • Irailaren 11an eta Euskal Jai egunean egingo diren Kalejiretan parte hartzera animatu!!!! Bertan joko diren piezak ezagunak dira guztiontzat (Gora, Santa Cecilia eta Elizondo), beraz, kendu hautsa txistuari eta animatu putz pixkat egitera!!! 2 ensaio egingo dira kalejira hauek pixkat astintzeko: abuztuaren 31an eta irailaren 7an, 20:00tatik aurrera Kultur Etxean.

* Egun gutxiren buruan, kalejirarako biribilketak eskuragarri egongo dira blog honetan bertan.

10 de julio de 2010

Diskoaren salmenta puntuak

Aurreko egunetan aipatu bezala, Ramon Esnaolaren musikak izeneko diskoa kaleratu du txistulari taldeak. Disko bikoitza da eta Ramonen 31 abesti biltzen dira bertan, hoietatik 24 Urretxuko baserri desberdinei eskeinitakoak dira.

Goierriko Hitza eta Diario Vasco egunkariek jaso duten bezala, diskoa 10 euroren truke eskuratu daiteke Urretxu eta Zumarragako saltoki ezberdinetan:
  • Aitxu liburudenda (Urretxu)
  • Graficas Legazpi liburudenda (Zumarraga)
  • Aresti liburudenda (Zumarraga)
  • Agirre okindegia (Urretxu)
  • Kakueta okindegia (Zumarraga)
  • Jai-Alai taberna (Urretxu)
  • Iburreta taberna (Zumarraga)
Hala ere, diskoa eskuratu nahi izan ezkero eta Urretxu edo Zumarragaraino etortzerik ez baduzu, urretxukotxistulariak@gmail.com posta elektronikoa erabiliz, taldearekin zuzenean harremanetan jarri zaitezke eta diskoa eskuratzeko modua azalduko genizuke.

8 de julio de 2010

Ignacio Barrio-k utzi gaitu

Amarauneko txoko txiki honetatik, normalean gure taldeko ospakizunen berri ematen dugu. Gaurkoan ordea, berri triste batekin aurkitu gara. Gure taldekide eta lagun handi batek utzi gaitu: Ignacio Barrio atabalari eta artisauak utzi gaitu.

Ignaciok atabala jotzen urte asko eman ditu eta bere etxean sortutako danbolin eta atabalak ehunka konta daitezke. Bere kabuz ikasi zuen danborilak konpotzen eta txistulari eta atabalari askok izan dute berak sortutako instrumenturen bat eskuartean. 1995ean Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zilarrezko domina jaso zuen egindako lan guztiaren eskertza bezala.

Hileta elizkizunak, Urretxuko San Martin de Tours elizan izango dira bihar, uztailak 9, arratsaldeko 19:00tan.

5 de julio de 2010

"Ramon Esnaolaren Musikak" diska kalean

Blog honetan aurreratu bezala, Ekainaren 19an Ramon Esnaolaren musikak izenburua duen disko bikoitza aurkeztu genuen. Ekitaldia Santa Barbarako ermitan izan zen eta zitara Ramon eta bere emazteaz gain, senitarteko eta lagun ugari bildu ziren.

Diskoak 31 abesti biltzen ditu eta maiatzean zehar grabatua izan da Urretxuko Labeaga aretoan. ElCrack grabaketak-eko arduraduna den Borja Aranburu aritu da soinu teknikari bezela, Ane Miren Ormazabalek diskoaren kaxa eta barneko liburuxken diseinua gauzatu ditu eta bertan ikus daitezkeen argazki guztiak Carlos Mediavillarenak dira. Hiru lagun hauei egindako lana eta izandako pazientzia eskertu nahi diegu benetan.

Musikari dagokionez, Urretxuko Txistulariak jotako piezak dira diskoan bildutako pieza gehienak baina Ramonek, txisturako piezez gain, bandarako piezak ere idatzi ditu eta hoiek ere disko honetan jaso dira. Urretxuko Iparragirre Balerdi musika tailerrari Taller musical izeneko pieza eskeini zion eta musika tailerreko partaideek ere diskoan jasotzeko pieza hau grabatu dute. Legazpiko Musika Bandak eta Santikutz Abesbatzak grabaturiko abesti bat ere jasotzen da disko bikoitz honetan, Legazpiko ereserkia hain zuzen ere. Hauetaz gain, proiektu honetan bidelagun izan dugun Gorobel metal boskotea ere aipatu beharra dago. Beraien laguntzaz, txisturako hainbat pieza ere grabatu ditugu eta.

Aurkezpen ekitaldian, Jose Mari Lasak diskoaren xehetasun guztiak eman zituen. Diskoan biltzen diren 31 abestietatik 24k Urretxuko baserrien izena daramate. Hau dela eta, Urretxuko baserritarrei gonbidapen berezia egin zitzaien zitara agertu ahal izateko. Aurkezpenean zehar, Urretxuko Txistulariek diskoan bildutako hainbat pieza jo zituzten zuzenean. Ramon eta Jesusak ere hitza hartu zuten eta egindako lanarengatik eskerrak eman zituzten erabat hunkituta zeudelarik. Iñaki Zabala, Urretxuko alkateak ere zorion hitz batzuk izan zituen Ramon eta Urretxuko Txistularientzat.

Ekitaldia amaitzeko, ekitaldira gonbidatutako baserritar bakoitzari 3 diska eta beraien baserriaren izena zeraman partitura oparitu zitzaien oroigarri moduan.





Jarraian, ekitaldiaren informazio zabalagoa biltzen duten albisteen sorta irakur dezakezue eta emanaldiaren osorik ikusi ahal izateko Otamotz.com-eko lagunek eskegitako bideoan ere ikus daiteke.