31 de octubre de 2010

Urretxuko Txistulari Taldeari buruzko liburua

Irailetik kalean da "Urretxuko Txistulari Taldea.1960-2010" izenburua duen liburua. Liburu honek, 50 urteetaan taldeak bizitako pasarte desberdinak kontatzen ditu partaideen bizipenetatik abiatuz.

Liburuaren idazlea urte askotan txistulari eta taldekide izan den Agurtzane Aramendi da. Agurtzanek ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen EHU-n eta artikulu ugari idatzi ditu Kaixo herri aldizkarian eta baita Txistulari aldizkarian ere. Egun EITBn dihardu lanean.

Hilabeteetako lana izan da Agurtzanerena: dokumentazioa, elkarrizketak eta bizipen desberdinak jasoz. Baina hilabete guzti hauetan Jose Mari Lasa taldekidea izan du bidelagun. Jose Marik duen artxiboari esker hainbat pasarte hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Liburuaren kapitulu bat ere Jose Marik berak idatzi du.

Liburuan parte hartu duten Amaia Aranburu kazetaria eta Koldo Argandoña Urretxuko udal artxibozainari ere eskerrak eman nahi diegu beren lanarengatik.

Aurkezpen ekitaldia, iraileko Txistu Asteko ospakizunen baitan burutu zen. Orduan jasotako kronika eta aurkezpen ekitaldia ikusgai daude ondorengo loturetan:

Liburuarekin batera, taldearen historia jasotzen duen ikus-entzunezkoa lortu daiteke. Ikus-entzunezkoaren aurreneko minutuak eskuinaldean dagoen bideoan ikusgai daude. Liburua eta DVD-a 15€-ren truke lortu daiteke hurrengo saltokietan.
  • Aitxu liburudenda (Urretxu)
  • Aresti liburudenda (Zumarraga)
  • Graficas Legazpi liburudenda (Zumarraga)
Dena dela, liburua eta ikus-entzunezkoa eskuratu nahi izan ezkero eta Urretxu edo Zumarragaraino etortzerik ez baduzu, urretxukotxistulariak@gmail.com posta elektronikoa erabiliz, taldearekin zuzenean harremanetan jarri zaitezke eta hauek eskuratzeko modua azalduko genizuke.

26 de octubre de 2010

Urteurrenaren ohiartzuna

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura departamentuak bere ataria eraberritu du. www.gipuzkoankultura.net atariak itxura eta eduki berriak aurkezten ditu. Bertan, Gipuzkoa mailan antolatzen diren ekitaldi eta ekintza desberdinen berri ematen da.

Gure urteurrena ere hizpide izan da atari honetan eta iruzkin bat gehitu dute bertan kaleratu berri diren ikus-entzunezko eta liburua aipatuz. Gehiago ikusi nahi ezkero, hemen klikatzea besterik ez duzue.

19 de octubre de 2010

Txistulari Alardea

Urtero bezela, Santa Anastasia festen baitan, Urretxuko Txistulari Taldeak antolatuta txistu Alardea ospatu zen. Urretxuko txistulariekin batera inguruko herrietako txistulariak ere gerturatu ziren alardera. Baina txistu doinuaz gain, ohitura den bezala, herriko artista ugari bildu zen alardean parte hartzeko:

  • Inguruko herrietako txistulariak
  • Sekundino Esnaola Musika Eskola haur kantariak
  • Goiargi Abesbatza
  • Juan Luis Aranburu soinujolea
  • Patxi Urrestarazu gitarrajolea
  • Amaia Aranaga bibolinjolea
  • Iratzarri dultzainero taldea
  • Azpeitiko metal boskotea
  • Lurra eta Irrintzi dantza taldeak
  • Xabier Barriola eta Inma Albisua abeslariak
  • Santos Ormaetxea abeslaria
  • Gorka Ojanguren abeslaria
  • Jesus Mari Garralda eta Amaia Aranburu aurkezleak

Partaide guzti hauetaz gain, ikuskizunean zehar proiektatutako argazkien arduradunak Carlos Mediavilla, Josu Perez eta Aitor Goia izan ziren.

Jarraiean, Otamotz.com atarian Gotzon Aranburuk zintzilikatutako alardearen irudiak dituzue. Beste behin ere, eskertu otamotz-eko lagunei irudiengatik eta gainontzeko partehartzaile guztiei urtero gure deiari erantzuteagatik!!!






12 de octubre de 2010

Ospakizunen ondoren, atsedena

Urteurreneko ospakizunak eta Santa Anastasia festen ondoren, atseden txiki bat hartu dugu. Baina, hemen gaude berriro ere festek emandako guztiaren berri zehatza emateko asmoz.

Blog honetan bertan aipatu bezala, festak irailaren 17an hasi ziren. Txistulariok, ohitura den bezala, Iparragirre Balerdi Musika Tailerrarekin batera kalejira egin genuen. Aurtengoan, urte berezia izanik, ohi baino txistulari gehiago bildu ginen eta pertsona kopuruan, Musika Tailerreko partaide adina txistulari elkartu ginen ia!!!

Kalejira amaitzearekin bat, txistulariok udaletxeko balkoietara atera eta arratsaldeko 20:00etan gure pregoi berezia kantatzen hasi ginen. Segurako Alboradaren doinuaz, bertso bereziak kantatu genituen udaletxeko balkoitik. Gotzon Aranburuk jasotako bideo honetan ikusgai dago une hori hirugarren minututik aurrera.



Larunbatean, blog honetan iragarri bezala, urteroko txistu alardea ospatu genuen. Hotzari aurre eginez, Iparragirre plazan bildutako jendetzaren aurrean, ikuskizun berezia eskeini genuen inguruko herrietako txistularien laguntzaz eta herriko beste hainbat talde eta artistaren laguntzaz. Taldekideok, alardea probestu genuen taldeko hiru pertsona handiri omenaldi txiki bat egiteko. Jostenka Larrañaga, Juan Manuel Kerejeta eta Jose Mari Lasak, Urretxuko urrezko domina jaso zuten eta taldekide eta herritarren esker ona ere larunbat gau hartan. Gotzon Aranburu eta Otamotz.com atariari esker, une hartako irudiak hemen eskaintzeko aukera dugu:




Igandean, Euskal Jai eguna ospatu zen Urretxun. Orduan ere, txistulari kuadrila bildu ginen, bai goizeko kalejiran baita arratsaldeko karrozen desfilean ere. Lehengo, oraingo eta etorkizuneko txistulariak elkartu ginen arratsaldeko desfileko kalejiran, beste behin Urretxun txistuarekiko zaletasun handia erakutsiz. 1:57 minututik aurrera arratsaldeko kalejirako irudiak ikus daitezke hemen alboko bideoan.


Astelehenean, Kuadrilen eguna ospatu zen. Ohituraz, txistulariok, "atseden" hartzen dugu egun horretan. Jaiei amaiera ematen dion Kantu Afarian ordea, taldekide asko biltzen gara gure eztarriak uzten digun neurrian euskal kantu zahar eta berriak kantatzeko. Aurtengoan, Kantu Afariko lagunek prestatuako liburuxkan ordea, bazen abesti berezi bat: Pantxoa eta Peioren Jo Txistua. Avenida inguruan geunden txistulariok, bertako kioskora igo ginen horrelako abesti berezi bat kantatzeko (5:20 minututik aurrera ikusgai dago ondorengo bideoan).



Eta abesti eta musika artean, 2010eko Santa Anastasia jaiak agurtu genituen. Festa eta ospakizun asko izan genituen irailean. Atseden egun hauen ondoren, lanean jarri gara berriro ere eta pixkanaka-pixkanaka ekintza guzti hoien irudi eta berri zehatzagoa emango dizuegu blog honetatik. Beraz, adi egon datozen berriei!!

16 de septiembre de 2010

Txistularien Kontzertua

Urtero bezela, Urretxuko Santa Anastasia festen baitan, larunbata honetan Txistu Kontzertua izango da. Aurten, taldearen 50. urteurrena izango da kontzertuaren ardatz nagusia. Baina, ohitura den bezala, Urretxuko Txistulariekin batera, partehartzaile zerrenda luzea izango da kontzertuan:
  • Inguruko herrietako txistulariak
  • Sekundino Esnaola Musika Eskola haur kantariak
  • Goiargi Abesbatza
  • Juan Luis Aranburu soinujolea
  • Patxi Urrestarazu gitarrajolea
  • Amaia Aranaga bibolinjolea
  • Iratzarri dultzainero taldea
  • Azpeitiko metal boskotea
  • Lurra eta Irrintzi dantza taldeak
  • Xabier Barriola eta Inma Albisua abeslariak
  • Santos Ormaetxea abeslaria
  • Gorka Ojanguren abeslaria
  • Miguel Lasa abeslaria
Partehartzaile guzti hauekin batera eskeiniko diren piezak hauek dira:

1. LA PALOMA

Sebastian Iradier - Mold. Xabier Zabala

2. KAÑOIETAN

Isidro Ansorena

3. AGUR DONIBANE

Luis Mariano - Mold. Ainhize Azpiazu

4. IZARREN HAUTSA

Mikel Laboa - Mold. Ainhize Azpiazu

5. BEIDAKAR

Ramón Esnaola Laskurain

6. ITURBE

Ramon Esnaola Laskurain

7. LE BASQUE

Mold. Jose Ignazio Ansorena

8. OTSAGIKO DANTZAK

Mold. Kepa de Miguel

9. BALDORBA

Benito Lertxundi - Mold. Ainhize Azpiazu

10. LAU TEILATU

Itoiz - Mold. Jose Miguel Laskurain

11. TXATXAMATXALINATXU

M. Urdangarin - Mold. U. Iraizoz

12. URRETXUKO GAZTEAK

Miguel Lasa

13. GERNIKAKO ARBOLA

J. M. Iparragirre


Baina guzti honetaz gain, sorpresak ere egongo dira kontzertuan zehar. Gogoratu, urtero bezala, 23:00tan Urretxuko Iparragirre plazan izango da kontzertua eta eguraldi txarra egin ezkero, Aldiri polikiroldegian izango da hitzordua.

14 de septiembre de 2010

Badator Santa Anastasi!!!

Oraindik urteurreneko ospakizunetatik errekuperatzen gabiltzan honetan, Urretxuko festa nagusiak gainean ditugu jada!!! Urtero bezela, txistulariok ere partehartzaile zuzenak izango gara. Aurtengoan gainera, festen hasiera iragartzen duen pregoia ematea ere egokitu zaigu gure 50. urteurrena dela eta!!!

Horrela bada, ostiralean arratsaldeko 19:30etan Urretxuko Txistulari Taldeak, Iparragirre Balerdi Musika Tailerrarekin batera kalejira egingo du Urretxuko kaleetan. 20:30etarako guztiok plazan bilduta gaudela, udaletxeko bailkoitik eta txupinazoaren aurretik, pregoia izango da.

Larunbatean, hilak 18, ohitura den bezala Txistu Alardea izango da gaueko 23:00tan Iparragirre plazan. Urretxuko txistulariekin batera, inguruko herrietako txistulariak, Goiargi Abesbatza, Dantzariak eta beste hainbat musikari elkartzen dira oholtza gainean. Aurtengoan, kontzertu hau aprobetxatu nahi dugu Jose Mari Lasa, "Jostenka" Larrañaga eta Juan Manuel Kerejeta taldekideei Urretxuko urrezko domina ezarri ahal izateko. Ekainean Urretxuko Udalak taldeari egin zion harreran ezagutzera eman zen erabakia eta kontzertuan burutuko dugu ezarpena.


Igandean, Euskal Jaia ospatuko da eta goizean goiz hasiko gara lanean. 10:00etan Kalejira egingo dugu Urretxuko kaleetan zehar eta arratsaldean, 17:30etatik aurrera egingo den Karrozen desfilean ere parte hartuko dugu, urtero bezela. Ea kalejira honetan ere, larunbatean bezain beste txistulari elkartzen garen!!!!

Astelehenean, Kuadrilen eguna ospatuko da eta txistulariok programan ekintza ofizialik ez dugun arren, ziur txistu doinuak entzungai izango direla Urretxuko kaleetan. Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitaraua hemen klikatuz aurkituko duzue osorik.

13 de septiembre de 2010

Zumarratarren doinuak Urretxun

Larunbateko ospakizunetatik errekuperatzen hasi gabe geundenean, goizean goiz txistu doinuak berriro ere Urretxuko kaleetan entzungarri zauden igande goizean... Baina taldeko askoren buruetan zebilen galdera "Gaur kalejirarik ez egitekotan gelditu ginen, ala???" Hala zen bai, baina leihora eta balkoietara atera eta Urretxuko kaleetan zebiltzan txistularien aurpegiak ez ziren iganderokoak!!!! Aurpegi hauek igandero-igandero irtetzen dira bai, baina alboko herrian!!!

Txistulari eta lagun ditugun Zumarragako Antxinako Ama txistulari taldekoek opari ederra egin ziguten atzo goizean!!! Ezustean harrapatu gintuzten eta benetan erregalo berezia guretzat!!

ESKERRIK ASKO LAGUNOK!!!!

12 de septiembre de 2010

Urrezko ospakizuna

Atzoko eguna ez du berehalakoan ahaztuko Urretxuko Txistulari Taldeak. 50 urte ez dira egunero betetzen eta horrelako data garrantzitsu baterako neurriko ospakizuna burutu genuen. Eguna, hildakoen aldeko taldekideei eskeinitako meza batekin hasi genuen Urretxuko San Martin de Tours parrokian. Don Pedro Salaberri apaiza izan zen mezaren gidaria. Don Pedro, urte askotan bizi izan zen Urretxun eta taldearen hasierako urteetan ere harreman estua izan zuen (irteera askotan ere parte hartu zuen!!!).

Urretxuko Txistulari Taldearen ezaugarrietako bat aipatu behar bada, kalejirak aipatu behar dira. Horregatik, atzoko egunean ezin zen kalejira bat falta!!! Atzokoa berezia izan zen ordea, 80 lagun elkartu ginen Urretxuko kaleetan txistu doinuak zabaltzeko. 50 urteetan zehar taldetik pasatako 80 lagun elkartu ginen, txistuari hautsa kendu eta biribilketa hotsak eguerdian jotzeko. Famili argazkia atera eta Iparragirre kaletik gora abiatu ginen guztiok. Bide ertzean bildutako urretxuarren txaloak jaso genituen eta hitzez azaltzen zaila den zirrara berezia sentitu genuen batek baino gehiagok.

Kalejiraren ondoren, euskaldunok ohitura dugun bezala, mahai inguruan eseri eta bazkari eder bat gozatzeko aukera izan genuen Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Kalejiran bildutako lagun guztiez gain, taldeko lagun asko ere elkartu ziren bazkarian: Oñati, Legazpi, Idiazabal, Segura eta Zumarragako txistulari eta lagunak, abesbatza, dantzari eta bestelako musikari adiskideak... Guztira 140 lagun inguru elkartu ginen bertan.

Bazkalondoan, opari banaketa hasi zen. Bertaratutako bakoitzak urteurreneko pin eta giltzetarako ilabero bat jasotzeaz gain, aste honetan bertan aurkeztutako ikus-entzunezko eta libururen ale bat jaso zuten. Honekin batera, azken hilabeeotan jasotako argazki guztiak biltzen dituen DVD bat eskuratu zuten. Baina eman bakarrik ez, Urretxuko Txistulariok ere opariak jaso genituen atzokoan. Oñatitik etorritako Gotzon Osinaga txistulariak kuadro elegante bat oparitu zigun Oñatiko txistulari taldearen izenean eta nola ez, mikrofonora gerturatu eta Txikia abestia ere eskaini zigun. Zumarragako txistulari taldekoek ere, egun berezi honetarako koadro eta bertso eder askoa oparitu ziguten!!! Orain, lanak izango ditugu lokaleko paretetan merezi duten tokia topatzeko!!!

Bazkalondoan, ere txistu doinuak entzuteko aukera izan genuen. Kanturako hainbat pieza jo ondoren, beteranoak mikrofonoetara hurbildu eta festetako txistu alardean joko duten pieza eskaini ziguten. Roberto Lopez, Iratzarri dultzainero taldeko sortzaileetako bat eta txistulari taldeko lagun handiak, bere eskusoinua hartu eta dantzarako hainbat pieza eskaini zizkigun.

Bazkalondorena luze joan zen, baina parranda ez zen frontoiean bukatu, ez horixe!!! Kalejira inprobisatu batean, Urretxuko aldapako tabernak bisitatzen hasi ginen, beti ere txistu doinuekin eta kanturako gogoz!! Arkupez arkupe, musika eta kantu ezagunak abesten hasi genuen gaua. Hasi eta indarrak utzi bitartean, horrela jarraitu genuen guztiok. Batzurentzat erretiro ordua nahi baino lehenago iritsi zen, baina beste batzuentzat ordea gaua luzatu egin zen. Gaur goizean etzegoen kalejirarako despertadorea piztu beharrik eta!!!!

Datorren asteburuko festen atariko ederra izan zen atzoko eguna. Lagunarte giro jatorra izan genuen eta gutxienez, beste 50 urte gehiago iraun dezala txistulari taldeak Urretxun!!!

ZORIONAK GUZTIOI!!!!



10 de septiembre de 2010

Aurkezpen guztien ondoren, gaur kontzertua!!!

Halaxe da bai, gaur arratsaldean Garikoitz Mendizabalen txistuak eta Xabier Zabalaren eskusoinuak musikaz jantziko dute gaurkoan Urretxuko Labeaga Aretoa. Aste guztian zehar txistua eta txistulariak gora eta behera aritu gara, baina oraindik ez dugu txistu doinuaz gozatzeko aukerarik izan!! Baina gaur aukera paregabea dugu horretarako!!!

Aski ezaguna da Garikoitz Mendizabal txistu munduan. Euskal Herriko Txistulari elkarteko lehendakaria izan da aurtengo martxorarte, hainbat diska kaleratuak ditu baita ere eta gaur egun Bilboko Udaleko Txistulari Bandako zuzendaria da zestoarra. Xabier Zabala soinujolea izango du gaurko kontzertuan bidelagun. Hitzordua, aipatu bezala, Labeaga Aretoan izango da gaurkoan ere, baina ordu aldaketa dago gaurkoan, 20:30etan izango da kontzertua.

Atzoko liburu aurkezpenari dagokionez, jende ugari bildu zuen ekitaldiak. Aurkezpen ekitaldian Koldo Argandoña, Urretxuko Udaleko artxibozaina, Jose Mari Lasa, taldeko zuzendariak eta liburuaren idazlea izan den Agurtzane Aramendik hartu zuten hitza eta aretoan bildutakoen aurrean liburuaren nondik norakoak azaldu zizkiguten. Datozen asteetan, blog honetan bertan izango duzue liburu honen informazio zehatzagoa.


9 de septiembre de 2010

Liburuaren aurkezpena

Ostegun honetan, taldekide eta lagun den Agurtzane Aramendik idatzitako Urretxuko Txistulari Taldea. Agrupación de Txistularis de Urretxu 1960-2010 liburuaren aurkezpena izango da gaurko ekintza. Ekitaldia Urretxuko Udaletxeko Batzar areto nagusian egiteko aurreikusita bazegoen ere, bertako obrak medio, tokiz aldatu beharra izan da eta Aizpuruenea Kultur Etxean izango da arratsaldeko 20:00tan.

Agurtzane Aramendi EHUn Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu zen eta gaur egun eitb.com interneteko atarian aritzen da lanean. Urretxuko txistulari taldeko partaide izan da urte luzez eta taldearen ekintza askotan aurkezle lanetan ere aritua izan da. Gaur aurkeztuko den liburua bere lehenengo publikazio luzea da.

Liburu hau, urteurreneko beste harribitxietako da atzo aurkeztutako ikus-entzunezkoarekin batera. Iazko maiatzetik abian jarritako proiektua da eta hilabete askotako lanaren emaitza gaur eskuartean edukitzeko aukera izango dugu. Taldearen argazkiak, dokumentuak, kontakizunak eta partaide berezien kontakizunak biltzen ditu lan honek.


Bestalde, aipatu atzo aurkeztutako ikus-entzunezkoak oso harrera ona izan zuela Labeaga aretoan bildutako lagun guztien artean. Ordu eta laurdeneko iraupena duen dokumentala ikusi ahal izan zen 4 atal desberdinetan banaturik: Lehenengoa eta zabalena, taldearen 50 urteetako nondik norakoak aurkezten ditu hainbat taldekideen kontakizunei esker. Taldearen historia ezagutzeaz gain, anekdota eta bizipen hoietatik, garai bakoitzean Urretxuko herrian zein giro bizi zen ezagutu daiteke.

Bigarren atala taldeko zuzendari izandako Santi Gutierrezi eskeinita dago. Santik taldea nola bizi zuen eta beretzat zein garrantzitsua izan zen kontatzen dute bere alaba eta lagunek. Hirugarren atalean, blog honetan askotan aipatutako Ramon Esnaolari buruzkoa da. Ramonek betidanik izan du taldearekin harreman estua eta hainabt lagunek Ramonek egindako lan hori kontatzen dute. Azkeneko atalak, herrian izandako bi artisau handiren irudia aurkezten digu: Jexux Segurola eta Inazio Barrio. Urretxu eta Zumarragako txistulariok zorte handia izan dugu bi artista hauen lana gertutik ezagutzeko aukera izan dugulako: Jexux-ek txistu asko egin zituen eta hauen afinazioa lantzen ere gogor saiatu zen. Inazio ordea, Urretxuko Txistulari Taldeko lehenengo atabalaria izateaz gain, atabal, danbolin eta bonbete ugari egin zituen bai talderako baita taldekideentzat ere.

8 de septiembre de 2010

Eta ospakizunekin aurrera goaz!!!

Gaur, txistu asteko hirugarren eguna dugu eta hitzordua Labeaga aretoan izango da arratsaldeko 20:00tan. Aurreko ostiralean hemen bertan aurreratu bezala, taldearen historia jasotzen duen ikus-entzunezkoaren estreinaldia izango dugu gaur. Honen aurrerapena, testu honen eskubi aldean duzuen lehiatilan ikus daiteke. Taldetik pasatako 20 partaideei egindako elkarrizketekin kontatzen da taldearen historia.

Bestalde, aipatu atzo iluntzean Urretxuko Kultur Etxean Mikel Aranburu txistulari eta ikerlariaren hitzaldia izan genuela. Mikel Aranburu, besteak beste, Euskal Herriko Txistulari Elkateko Lehendakaria izandakoa da. Bitxikeria bezala, aipatu, Mikelen lehendakari garai horretan, gure zuzendaria izan zen Santi Gutierrezi elkarteko zilarrezko domina ematea adostu zela.




Mikelek txistua eta txistularion historia nondik nora joan den azaldu zuen bere hitzaldian. Hainbat kontu interesgarri izan zituen hizpide, baita Urretxuko txistularion historiari buruz!! Antza denez, Iruñako udalean San Ferminetan parte hartzen zuten musikari guztien erregistroa eramaten zen eta 1700 urte inguruan, danbolintero urretxuarren bat azaltzen omen da hango dokumentuetan. Beregandik ere jakin genuen, Antoine d'Abadie ilustratuak bultzatutako Lore Jokoetako txistulari txapelketa batean Urretxuko Txistulari Taldea garaile suertatu zela!!! Eta horrelako mila istorio gehiago!

7 de septiembre de 2010

Atzo erakusketa, gaur hitzaldia

Bai, azkenean eguna iritsi da! Atzo eman genion hasiera gure urteurreneko ospakizun ekintza nagusienei!!! Arratsaldeko 7:30etan Urretxuko kaleetatik kalejira bat eginez hasi ziren 50. urteurreneko ospakizun ekintzak. Kaletik paseoan zebilen jendeak antzeman zuen bai, txistulariok zerbait ospatzen genbiltzala!!! Kalejira ordea, ohi baina laburragoa izan zen. Atzokoan Juan de Lizarazu areto parean izan zuen amaiera, izan ere arratsaldeko 8etatik aurrera taldearen historia jasotzen dituen erakusketa zabaldu zen.



Erakusketa, hilaren 20rarte zabalik dago arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara. Ehundik gora argazki jarrita daude eta aretoko pareta batean taldeak azken hilabete hauetan bildutako argazki guztiak ere ikusi daitezke bertan jarritako proiektoreari esker.


Baina Txistu Astea hasi besterik ez da egin!!!! Gaur bigarren eguna dugu eta arratsaldeko 20:00tan Mikel Aranbururen hitzaldia izango dugu Aizpuruenea Kultur Etxean. Mikel Aranburu iruindarra txistularia da eta euskal folklorearen jarraitzaile. 1975az geroztik Iruñako Udal Txistulari Bandako kidea da eta hainbat liburu kaleratuak ditu txistua eta Euskal folklorearen inguruan. Gaurko hitzaldian ere, txistuak Euskal Herrian izan duen presentzia eta garrantziaz jardungo du.

5 de septiembre de 2010

Ospakizunak hastera doaz!!!!

Data bereziak gerturatzen dabiltz Urretxuko Txistulari Taldearentzat. Aspalditik prestakizunetan gabiltza eta bihartik aurrera, gure urteurrenaren ospakizun astea ospatuko dugu. Hemen duzue aste honetarako prestatu dugun egitaraua. Astelehenetik larunbatera bitartean ekintza berezi bat antolatu dugu:


  • ASTELEHENEAN, Txistulari Taldeak Urretxun 50 urte erakusketaren irekiera. Juan de Lizarazu aretoan. Erakusketa, irailaren 20rarte zabalik egongo da egunero 17:30tatik 20:00tara bitartean.
  • ASTEARTEAN, Txistua Euskal Herrian mendez mende hitzaldia Mikel Aranburu txistulari nafarraren eskutik Aizpuruenea Kultur Etxean.
  • ASTEAZKENEAN, Urretxuko Txistulari Taldea. 1960-2010. ikus-entzunezkoaren estreinaldia Labeaga aretoan.
  • OSTEGUNEAN, Agurtzane Aramendik idatzitako Urretxuko Txistulari Taldea. 1960-2010. liburuaren aurkezpen ekitaldia Udaletxeko batzar areto nagusian.
  • OSTIRALEAN, Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabalaren txistu eta soinu kontzertua. Birtuosismoa eta sentimenduak, txistuaz bat eginik. Betikoa eta betirako.
  • LARUNBATEAN, taldearen ospakizun bereziak: meza, kalejira eta bazkaria.
Ekitaldi guztiak, ostiraleko kontzertua ezik arratsaldeko 20:00tan izango dira eta doainekoak dira.

Hemendik gonbitea luzatzen dizuegu gurekin batera 50 urteak ospatzera eta ekintzetan parte hartzera!!!

Txoko txiki honetatik ere saiatuko gara egunean eguneko ekitaldien berri ematen, gerturatu ezin zaretenok ospakizunen berri izan dezazuen.


3 de septiembre de 2010

Taldearen historiaren ikus-entzunezkoa kalean

Hona hemen gure urteurreneko harri bitxietako bat!!! Taldearen historia jasotzen duen ikus-entzunezkoa labetik atera berri-berri dago eta hemen duzue aurrerapen txiki bat:



Proiektu honen gidari Ibon Garmendia taldekidea izan dugu, eta berekin batera herriko hainbat pertsonek lan egin dute: irudiak Alex Areizagarenak dira, post-produkzioaren arduraduna Maider Sudupe izan da, narratzaile lanetan aldiz, Josune Zarandona aritu da eta azala eta serigrafiaren diseinua, berriro ere, Ane Miren Ormazabalen ardurapean egon dira. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan eskeinitako pazientzia eta dedikazioarengatik.

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu ere muntaia honetarako materiala eskuratzen lagundu diguten guztioi: Urretxuko Udala, Ramon Esnaolaren etxekoak, Ignazio Barrioren etxekoak, ...

Ikus-entzunezko honen estreinaldia datorren asteazkenean, irailaren 8a, arratsaldeko 20:00tan Urretxuko Labeaga aretoan izango da.

31 de agosto de 2010

50 urte iruditan

Blog honetan aipatu bezala, irailaren 6tik 12ra bitartean TXISTU ASTEA ospatuko da Urretxun. Urretxuko Txistulari Taldeak, bere 50. urteurreneko ospakizunen baitan hainbat ekintza antolatu ditu aste horretan eta aste kultural honi hasiera emateko, Txistulari Taldeak Urretxun 50 urte izeneko erakusketa zabalduko da Irailaren 6an arratsaldeko 20:00tan Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan.

Erakusketako ardatza, 50 urte hauetan zehar bildutako argazkien bilduma da. Hasierako urteetatik gaur egunerarteko argazkiak ikusi ahal izango dira: kalejirak, kontzertuak, egindako irteerak... Argazkien osagarri taldeak jasotako oroigarriak, instrumentuak, ikus-entzunezkoak, diskoak eta hainbat material desberdin ere ikusi ahal izango da.

Erakusketa irailaren 20rarte zabalik egongo da egunero arratsaldeko 17:30etatik 20:30tara.

27 de agosto de 2010

Txistulariak festetako pregoilari

Uztaila amaieran jakinarazi zigutenez, Urretxuko Jai Batzordeak gure taldea aukeratu du aurtengo Santa Anastasia jaietako pregoilari. Gure taldeari egokituko zaio beraz, festen hasiera iragartzea kainoiakadaren danbadaren aurretik.

Urretxuko Santa Anastasia jaiak, irailaren 17tik 20ra bitartean ospatuko dira eta irailaren 19an Euskal Jai eguna izango da. Urtero bezela, txistulariok hainbat ekitalditan parte hartuko dugu eta guretzat hain urte berezia izanik, hori ere gure ekitaldietan ere nabarituko da.

Behingoagatik, festen hasiera plazan txistua jotzen egon beharrean, Udaletxeko balkoietan egongo gara kanoiaren danbatekoa biziz!!!

23 de agosto de 2010

Oporretatik bueltan

Udako oporraldia amaitzear dagoen honetan, Urretxuko txistulariok ere lanera bueltan gatoz. 50. urteurreneko ekintzen prestakizunetan erabat murgilduta gaude jadanik. Irailaren 6tik 12ra bitartean TXISTU ASTEA ospatuko dugu Urretxun eta AGENDA txokoan, gure hitzorduen berri izan dezakezue. Datozen egunetan ere, blog honetan ekintzen xehetasun gehiago topatu ahal izango duzue.

Bestalde gogoratu, IRAILAren 11an gure urteurreneko festa nagusia izango dela. Aurretik ere aipatu dizuegun bezela, taldekide kopuru gehiena biltzea gustatuko litzaiguke egun horretan. Meza, kalejira eta bazkari eder bat prestatzen gabiltza. Bazkarian parte hartzeko izenematea irailaren 3a arte zabalik dago eta urretxukotxistulariak@gmail.com posta elektronikoa erabili daiteke horretarako.

Aipatu baita ere, kalejiran joko diren piezen partiturak blog honetan bertan eskuragarri daudela. Bateren batek txistuari hautsa kendu eta ensaiatzen hasi nahi ezkero hor du aukera!!! Abuztuaren 31an ere ensaio txiki bat egingo da Urretxuko Kultur Etxean errepaso txiki bat egiteko.
Datozen egunetan, TXISTU ASTEKO ekintzen berri zabalagoa emango dizuegu, beraz adi egon blog-ari!!!

14 de julio de 2010

Badator Iraila...

Bai, bai... Oraindik uztailean egon arren, gure taldea dagoeneko bere ikusmira irailean jarrita dauka!! Izan ere, aurtengo iraila berezia da Urretxuko Txistulari taldearentzat.

1960ko irailaren 11 izan zen Urretxuko Txistulari Taldearen lehenengo kalejira eta data hori hartzen da taldeko sorreraren egun bezala. Honela, aurtengo irailaren 11an, 5o urte beteko ditu Urretxuko Txistulari Taldeak.

Horrelako data esanguratsua ospatzeko, hainbat ekintza prestatzen dihardu taldeak eta pixkanaka-pixkanaka blog honetan bertan bakoitzari buruzko informazio zabalagoa aurkitu ahal izango duzue (aurrerapen txiki bat blog honetako AGENDA atalean aurki daiteke). Baina orain, 50 urte hauetan zehar taldean ibilitako partaide guztiengana zabaldu nahi dugu gure mezua!!! Egun gutxiren buruan, hemen beheran aurki daitekeen gutuna izango duzue eskuartean.


Gutunean iraileko ekintzen berri ematen da, baina bereziki bi ekintza nabarmendu nahi genituzke: IRAILAREN 11ko OSPAKIZUNAK eta EUSKAL JAIA (irailaren 19an). Bi egun hauetan, ahalik eta taldekide gehien bildu nahi ditugu guztiok batera taldeko Urrezko Ezteiak ospatzeko, beraz animatu eta parte hartu!!!!

Kontutan hartzeko azken bi oharrak:
  • Irailaren 11an ospatuko den BAZKARIan parte hartu ahal izateko, izen-ematea zabalik dago irailaren 3ra arte eta gure posta elektroniko helbidea baliatu daiteke horretarako (urretxukotxistulariak@gmail.com).
  • Irailaren 11an eta Euskal Jai egunean egingo diren Kalejiretan parte hartzera animatu!!!! Bertan joko diren piezak ezagunak dira guztiontzat (Gora, Santa Cecilia eta Elizondo), beraz, kendu hautsa txistuari eta animatu putz pixkat egitera!!! 2 ensaio egingo dira kalejira hauek pixkat astintzeko: abuztuaren 31an eta irailaren 7an, 20:00tatik aurrera Kultur Etxean.

* Egun gutxiren buruan, kalejirarako biribilketak eskuragarri egongo dira blog honetan bertan.

10 de julio de 2010

Diskoaren salmenta puntuak

Aurreko egunetan aipatu bezala, Ramon Esnaolaren musikak izeneko diskoa kaleratu du txistulari taldeak. Disko bikoitza da eta Ramonen 31 abesti biltzen dira bertan, hoietatik 24 Urretxuko baserri desberdinei eskeinitakoak dira.

Goierriko Hitza eta Diario Vasco egunkariek jaso duten bezala, diskoa 10 euroren truke eskuratu daiteke Urretxu eta Zumarragako saltoki ezberdinetan:
  • Aitxu liburudenda (Urretxu)
  • Graficas Legazpi liburudenda (Zumarraga)
  • Aresti liburudenda (Zumarraga)
  • Agirre okindegia (Urretxu)
  • Kakueta okindegia (Zumarraga)
  • Jai-Alai taberna (Urretxu)
  • Iburreta taberna (Zumarraga)
Hala ere, diskoa eskuratu nahi izan ezkero eta Urretxu edo Zumarragaraino etortzerik ez baduzu, urretxukotxistulariak@gmail.com posta elektronikoa erabiliz, taldearekin zuzenean harremanetan jarri zaitezke eta diskoa eskuratzeko modua azalduko genizuke.

8 de julio de 2010

Ignacio Barrio-k utzi gaitu

Amarauneko txoko txiki honetatik, normalean gure taldeko ospakizunen berri ematen dugu. Gaurkoan ordea, berri triste batekin aurkitu gara. Gure taldekide eta lagun handi batek utzi gaitu: Ignacio Barrio atabalari eta artisauak utzi gaitu.

Ignaciok atabala jotzen urte asko eman ditu eta bere etxean sortutako danbolin eta atabalak ehunka konta daitezke. Bere kabuz ikasi zuen danborilak konpotzen eta txistulari eta atabalari askok izan dute berak sortutako instrumenturen bat eskuartean. 1995ean Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zilarrezko domina jaso zuen egindako lan guztiaren eskertza bezala.

Hileta elizkizunak, Urretxuko San Martin de Tours elizan izango dira bihar, uztailak 9, arratsaldeko 19:00tan.

5 de julio de 2010

"Ramon Esnaolaren Musikak" diska kalean

Blog honetan aurreratu bezala, Ekainaren 19an Ramon Esnaolaren musikak izenburua duen disko bikoitza aurkeztu genuen. Ekitaldia Santa Barbarako ermitan izan zen eta zitara Ramon eta bere emazteaz gain, senitarteko eta lagun ugari bildu ziren.

Diskoak 31 abesti biltzen ditu eta maiatzean zehar grabatua izan da Urretxuko Labeaga aretoan. ElCrack grabaketak-eko arduraduna den Borja Aranburu aritu da soinu teknikari bezela, Ane Miren Ormazabalek diskoaren kaxa eta barneko liburuxken diseinua gauzatu ditu eta bertan ikus daitezkeen argazki guztiak Carlos Mediavillarenak dira. Hiru lagun hauei egindako lana eta izandako pazientzia eskertu nahi diegu benetan.

Musikari dagokionez, Urretxuko Txistulariak jotako piezak dira diskoan bildutako pieza gehienak baina Ramonek, txisturako piezez gain, bandarako piezak ere idatzi ditu eta hoiek ere disko honetan jaso dira. Urretxuko Iparragirre Balerdi musika tailerrari Taller musical izeneko pieza eskeini zion eta musika tailerreko partaideek ere diskoan jasotzeko pieza hau grabatu dute. Legazpiko Musika Bandak eta Santikutz Abesbatzak grabaturiko abesti bat ere jasotzen da disko bikoitz honetan, Legazpiko ereserkia hain zuzen ere. Hauetaz gain, proiektu honetan bidelagun izan dugun Gorobel metal boskotea ere aipatu beharra dago. Beraien laguntzaz, txisturako hainbat pieza ere grabatu ditugu eta.

Aurkezpen ekitaldian, Jose Mari Lasak diskoaren xehetasun guztiak eman zituen. Diskoan biltzen diren 31 abestietatik 24k Urretxuko baserrien izena daramate. Hau dela eta, Urretxuko baserritarrei gonbidapen berezia egin zitzaien zitara agertu ahal izateko. Aurkezpenean zehar, Urretxuko Txistulariek diskoan bildutako hainbat pieza jo zituzten zuzenean. Ramon eta Jesusak ere hitza hartu zuten eta egindako lanarengatik eskerrak eman zituzten erabat hunkituta zeudelarik. Iñaki Zabala, Urretxuko alkateak ere zorion hitz batzuk izan zituen Ramon eta Urretxuko Txistularientzat.

Ekitaldia amaitzeko, ekitaldira gonbidatutako baserritar bakoitzari 3 diska eta beraien baserriaren izena zeraman partitura oparitu zitzaien oroigarri moduan.





Jarraian, ekitaldiaren informazio zabalagoa biltzen duten albisteen sorta irakur dezakezue eta emanaldiaren osorik ikusi ahal izateko Otamotz.com-eko lagunek eskegitako bideoan ere ikus daiteke.

23 de junio de 2010

San Juan, San Juan heldu da...

Ekainak 23. San Juan egunaren bezpera. Ohitura den bezela, Euskal Herriko txoko askotan sua piztuko da gaur gauean udako solstizioari ongi etorria emateko. Urretxun ere, San Juan sua piztuko da gaur gauean Gernikako Arbola enparantzan. Ohitura den bezala, sorginak, kantuak eta dantzak izango dira suaren inguruan.


Urretxuko Txistulariontzat zerbait berezia badu gaurko gauak eta San Juan egunak berak. Horrela idatzi du gure taldekide den Ibon Garmendiak Uggassa Gidako azken alean. Hemen irakurri ditzazkezue bere hitzak.

Gure taldeko sortzailea izan zen Santi Gutierrezek gaurko egunean aldegin zuen. Dagoen tokian dagoela, ziur gaur ere, San Juan zortzikoaren doinua entzungo duela gauean eta hainbeste maite zuen Santa Barbarako erromerian begi bat ipinita izango duela bihar ere.

17 de junio de 2010

Diska aurkezpena LARUNBATEAN

Aurreko asteetan aipatu bezela, urteurrenaren aitzakiarekin, aspalditik eskuartean izan dugun proiektua gauzatzera ausartu gara eta Ramon Esnaolak idatzitako piezak bilduko dituen diska grabatu dugu maiatzean zehar.

Datorren larunbatean, Ekainak 19, lan honen aurkezpen ekitaldia burutuko dugu eguerdiko 12:00etatik aurrera Santa Barbaran. Bertan, Ramon Esnaola bera izango dugu gure artean eta diskoan jasotako hainbat pieza entzuteko aukera izango da. Diskaren aurkezpena dela eta Ramoni buruzko artikulua argitaratu da Noticias de Gipuzkoa egunkarian. Hemen klikatuz, artikulua irakurri dezakezue. Herriko gainontzeko komunikabideetan ere, diskoaren aurkezpen ekitaldiari buruzko informazioa zabaldu da azken orduetan. Hemen duzue albiste zerrenda:

Hemendik ere gonbitea luzatzen dizuegu aurkezpen ekitaldi honetan izateko. Larunbaterarte!!!!

14 de junio de 2010

Urrezko harrera udaletxean

Pasa den astelehenean, ekainaren 7an, Urretxuko udalak gure taldearen ibilbidea omendu nahi izan zuen. Horretarako pleno berezi bat deitu zuten deialdian puntu bakarra aurkeztuz: Urretxuko Txistulari taldearen ibilbidearen aitortza.

Taldekide, lagun eta senitarteko ugari bildu ziren Urretxuko Udaletxeko areto nagusian ekitaldia jarraitzeko asmoz. Urretxuko alkatearen ongi etorriaren ondoren, Gorka Garmendia kultur zinegotziak hartu zuen hitza eta 50 urte hauetan zehar Urretxuko Txistulari Taldeak egindako lana goraipatu zuen, bai herrian antolatutako ekitaldiekin baita herritik kanpo Urretxuren izena zabaltzen egindako lanagatik. Udalaren esker ona adierazteko, oroigarri bezela plaka bat oparitu zigun.



Baina aitortza honen ondoren, bestelako sorpresa txiki bat bizi izan genuen han bildutako guztiok. Momentua aprobetxatuz, taldeko hiru beteranoentzako errekonozimendu berezia eskatu nahi izan genuen taldean hain beterano ez garenok eta Udalari, Jostenka, Jose Mari Lasa eta Juan Manuel Kerejetarentzako Urretxuko urrezko domina eskatu genuen. Udalbatzako kideek aho batez onartu zuten eskaera. Beraientzat ere ezusteko eskaera izan zen hau eta harriduraz jaso zuten udalbatzaren erabakia eta zorion agurrak.


Nahiz eta astelehenean erabakia hartuta gelditu, dominaren ezarpena Urretxuko jaietan egingo da, urteroko txistu alardearen baitan egingo dugularik. Ekitaldia amaitu aurretik Jose Mari Lasak hartu zuen hitza eta taldeko sortzailea izan zen Santi Gutierrezen hitz batzuk ekarri zituen gogora.

Edozein ospakizunetan gertatzen den bezala, ekitaldi ofiziala amaitutakoan, luntx txiki bat izan genuen udaletxeko sarreran eta hori gutxi balitz, taldekide beteranoek prestatutako afari ederra dastatzeko aukera ere izan genuen.

Hurrengo egunean, ekitaldi txiki honek prentsan izandako ohiartzuna irakurri daiteke ondorengo esteken gainean klikatuz.

3 de junio de 2010

Aspaldiko kalejirarik jendetsuena

Dakizuenez, Urretxuko txistulariok erabat murgilduta gaude gure urteurreneko ospakizunen antolaketan. Horren islada, pasa den igandeko kalejira jendetsua izan zen. Urretxuar askok galdetuko zioten bere buruari ea zein ospakizun zegoen egun horretan honelako kalejira jendetsua izateko. Baina aparteko ospakizunik ez zen izan igandean. Irailean kaleratuko den DVD-rako irudiak hartu ahal izateko egin genuen kalejira hau.


33 lagun bildu ginen goizeko 9tan Iparragirre plazan eta iganderoko ibilibidea osatu genuen. Hainbeste lagun biltzea sarritan gertatzen den gauza ez denez, aukera aprobetxatu eta Lizarriturriraino igo ginen guztiok. Gure taldeari izen ofiziala ematen dion iturriaren alboan argazkiak atera genituen eta galdutako indar guztiak berreskuratzeko Santa Barbaran geldialdia egin eta hamarretako ederra dastatu genuen.



27 de mayo de 2010

Ramon Esnaolaren omenezko diska grabatzen

Aspalditik bueltaka zebilen proiektu bati ekin diogu azken hilabeteotan. 50. urteurrenaren aitzakiarekin, Ramon Esnaola urretxuar musikagileak idatzitako obrak bilduko dituen diska ibili gara erabat murgilduta.

Guztira 30 bat abesti bilduko dituen KD bikoitza kaleratuko da ekainaren erdialdean. Bertan biribilketa doinuak nagusi badira ere, zortzikoak, fandangoak, arin-arin bat eta Ramonek bandarako idatzitako pare bat himno ere aurkitu ahal izango dira. Kuriositate moduan, aipatu txisturako idatzitako pieza gehienak Urretxuko baserrien izena dute izenburutzat.

Grabaketak Urretxuko Labeaga aretoan burutu dira Borja Aranburu teknikariaren (ElCrack grabaketak) laguntzaz. Urretxuko Txistulariekin batera, Gorobel metal boskoteko kideak eta Iparragirre Balerdi musika tailerrak ere parte hartu dute.



23 de mayo de 2010

PRENTSA atal berria martxan

Poliki-poliki gure txoko hau osatzen goaz eta gaur atal berri bat irekiko dugu gure blog honetan: PRENTSA atala. Blog-aren goikaldean PRENTSA link-aren gainean klikatuz atal honetara sartu zaitezke. Bertan, Urretxuko Txistulari Taldeari buruz eta gure 50. urteurrenaren inguruan biltzen ditugun albisteak jasotzen joango gara. Inguruko komunikabideetan kaleratutako albisteak jasoko ditugu blog-aren txoko honetan.

Albisteak PDF formatuan bakoitzak norbere ordenagailura jeitsi ditzake eta nahi izan ezkero, etxeko inprimagailura bidali daitezke albistea papelean irakurri ahal izateko.

Atalaren estreinu egun honetan, martxoan ospatutako Txistularien Batzarraren inguruan bildutako albisteak aurkitu ahal izango dira.

15 de mayo de 2010

Datozen ekintzak...

Aste Santu ondoren, Urretxuko Txistulari taldea urteurrena ospatzeko ekintzen antolakuntzan murgildu zen buru-belarri. Hain data berezia, modu berezian ospatuko du taldeak. Irailean bilduko dira ekintzarik nagusienak, baina ordurarte ekitaldi desberdinak ere izango dira.

San Juan aldera, Ramon Esnaola konpositore urretxuarrak idatzitako abestiak jasoko dituen musika CD-a aurkeztuko dute txistulariek. Maiatzaren hasieratik, diska honen grabaketan murgilduta daude taldekide batzuk eta poliki-poliki proiektuak aurrera darrai. Laster izango da eskuragarri blog honetan bertan CD honi buruzko informazio gehiago.

Baina diskoa irailean etorriko den guztiaren sarrera txiki bat besterik ez da izango. Ordurako Agurtzane Aramendi idazten dabilen liburua eta Ibon Garmendia, Alex Areizaga eta Maider Sudupek prestatzen diharduten DVD-a prest egongo dira. Aipatzekoa da, gehienak Urretxuko Txistulari taldean ibilitakoak direla eta gertutik ezagutzen dutela taldearen nondik norakoak.

19 de abril de 2010

Txistulariak KAIXO aldizkarian

Urretxuko Udalak, hiru hilean behin (gutxi gora behera) KAIXO herri aldizkaria kaleratzen du. Azken alea, 100. alea izan da eta martxo bukaeran kaleratu zen. Ale berezia izanik, Noticias de Gipuzkoa egunkariko herri kronikan, KAIXO aldizkariari eskeinitako albistea irakurri daiteke: bere sorreraren nondik norakoak, ibilbidea... Kuriositatea baduzu, hemen duzu apirilaren 7an kaleratutako albistea: 100 aldiz "Kaixo"

Herri mailako gainontzeko hedabideetan bezala, KAIXOn ere, Urretxuko Txistulariei buruzko erreportaia jaso dute 50. urteurreneko aitzakia hartuta. Urretxun bizi ez bazara, zaila da aldizkaria formatu fisikoan jasotzea. Hala ere, aldizkaria modu digitalean deskargatzeko aukera badaukazu hemen klik eginda. Honela erreportaia zuzenean irakurri dezakezu. Zeinek esango luke KAIXOren lehenengo alea argitaratu zenean, ordenagailu bidez ere irakurri ahal izango zela!!!

Amaitzeko, amarauneko txoko txiki honetatik, KAIXOrekin modu batera edo bestera harremana izandako guztioi ZORIONAK esan nahi dizuegu. Beste horrenbeste ale kaleratzeko gogo eta ilusioarekin jarrai dezazuela aurrera!!!

13 de abril de 2010

Kalejiren oporraldia amaitu da

Urretxuko Txistulari Taldearen ezaugarrietako bat iganderoko kalejirak dira. Azken asteotan ordea, ihauterietatik hain zuzen ere, igande goizetan ez da txistu soinurik entzun kaleetan zehar. Ohitura den bezala, Garizuma garaian Urretxun ez da kalejirarik jotzen eta txistulariok hainbeste desiatutako oporrak hartzen ditugu.

Baina Aste Santuetako oporraldiekin batera, beste oporraldi batzuk ere bukatzen dira eta pasa den igandetik, berriro ere kalejirak hasi dira. Igandero igandero, goizeko 9etan Iparragirre plazatik abiatu eta betiko ibilbidean zehar, zortzikoak eta biribilketak izango dira entzugai abuztuko oporrak iritsi bitartean.

30 de marzo de 2010

Bertso Musikatuetako agerpena

Pasa den astean blog honetan aurreratu bezela, Urretxuko Txistulariak aurten Martxoan Bertsoko bertso musikatuen ekitaldian parte hartu genuen pasa den larunbatean. GazteleKUa, beste behin ere, jendez gainezka izan zen bertsoen aitzakian antolatutako ikuskizunaz gozatu ahal izateko.

Mota guztietako doinuak entzun ahal izan ziren eta GazteleKUan. Txistulariok, nola ez, kalejiran egin genuen sarrera eta Alborada de Segura piezak uste baino jarraitzaile gehiago dituela konturatu ginen!!!! Hona hemen emanaldian jasotako irudiak:


Baina saioan zehar, gure taldeko artista ugari ere ibili ziren eszenatokian kantun eta dantzan. Ekitaldiko gainontzeko aktuazioak ikusi ahal izateko nahikoa duzue hemen klik egitea.

Bukatzeko, amarauneko ixkin txiki honetatik, Zumarraga Urretxuko Bertso Eskola zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen, beste urte batez Martxoan Bertsoa ekimenak izandako arrakastarengatik eta egin duten lan guztiarengatik. Bejondeizuela kuadrila!!

24 de marzo de 2010

Urteurrena OTAMOTZ-en!!!

Pertsonaia famatuen pare, Urretxuko Txistulari Taldea ere aldizkari bateko portada da!!!!

Apirileko Otamotz Aldizkariaren azalak martxoaren 13ko Txistu Festako argazkietako bat dakar. Barnealdean, taldetik pasatako hainbat beteranoekin izandako elkarrizketarekin osatutako erreportaia zabala osatu dute.

Egun hauetan zehar etxez etxeko banaketa egiten dihardute, baina aldizkariaren webgunean jadanik zintzilik daude erreportaia bera eta hainbat argazki. Hemen klikatzea besterik ez duzue guztira zuzenean iritsi ahal izateko.

22 de marzo de 2010

Martxoan Bertsoa!!!

Badira 8 urte Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskolak Martxoan Bertsoa ekimena martxan jarri zuela. Ordutik, herriko bertsolariek martxoan izaten dute beren abilezia erakusteko aukera paregabea eta bertsozaleek beren ahots eta errima paregabeak entzun ditzakete.

Martxoan Bertsoak arrakasta handia izan du hasierako urteetatik eta poliki-poliki haziz joan den ekimena izan da. Aurtengoan ere ekintza ugari prestatu dituzte bertso eskolako kideek martxoan zehar eta hilabetea bukatzearekin bat 8. edizioa ere bukatzear doa. Hala ere, bukaera indartsua aurreikusita dago asteburu honetarako (egitaraua ikusi).

Ostiraleko Final handiaren ondoren, larunbatean, GazteleKUan Bertso Musikatuen emanaldia izango da eta Urretxuko Txistulariak, aurreneko aldiz bertan parte hartuko dute. Zita, gaueko 23:00tan da eta ikuskizuna behar bezala ikusi nahi ezkero, kafea, kopa eta purua Gaztelekuan bertan hartzea da aukerarik onena!!!


17 de marzo de 2010

Urteurreneko lehenengo urratsa gainditua!!!

Pasa den asteburuan, Urretxuko Txistulari Taldearen urteurreneko lehenengo ekintzak ospatu genituen. Blog honetan iragarri bezala, ostiralean, martxoak 12, Donostiako Udal Txistulari bandaren kontzertua izan zen Labeaga aretoan.

Kontzertu borobila eman zuen Donostiako taldeak, estilo guztietako errepertorioa eskainiz: ganbara musikako piezekin hasi zuten kontzertua, sortu berriak diren piezak eta abesti herrikoiak ere entzuteko aukera izan genuen Labeagara hurbildu ginen entzuleak.


Aipatzekoa, II Bilduma pieza. Jose Inazio Ansorena eta Jagoba Astiazaran taldeko kideak, taulagainetik jeitsi eta publiko artean eskaini zuten pieza bi txorien elkarrizketa errepresentatuz.

Kontzertua amaitzeko, propina txiki bat eskaini zuten txistulariek eta Urretxun egonik, bi biribilketa esanguratsu eskaini zituzten: IRIMO eta URRETXU.

Martxoak 14ko Batzar Nagusia

Ekintzek, larunbatean jarraipena izan zuten Txistulari Elkartearen Batzar Orokorrarekin. Goizean goiz hasi ziren larunbateko ospakizunak Urretxuko Txistularien kalejira jendetsuarekin (31 txistulari elkartu ginen kalejira jotzen!). Kalejira bukatzearekin batera, Euskal Herri osotik etorritako txistulariak azaltzen hasi ziren Iparragirre plaza inguruan. Bertan egina genuen zita, guztiok elkartu eta hamarretakoa egiteko. Kultur Etxeko areto nagusia, jantoki inprobisatu bihurtu genuen eta indarrak hartu genituen goizari aurre egiteko.

Hamarretakoaren ondoren, kalejira ofiziala burutu genuen. Jostenka, taldeko beteranoa izaki, elkarteko ikurrina hartu eta guztien buru abiatu zen Goiko Kaletik kalejira zabalduz. Kalejira San Martin de Tours parrokiako atarian amaitu zen. Ohiko meza ospatu zen ondoren eta amaitutakoan, Alkate Soinua joaz Udaletxeraino abiatu ginen.



Ohorezko agurra dantzatu ondoren, Urretxuko Udaleko ordezkariek harrera ofiziala egin ziguten txistulari guztioi eta Garikoitz Mendizabal, elkarteko lehendakaria, eta Iñaki Zabala, Urretxuko alkateak, oroigarrien trukaketa burutu zuten. Urretxuko txistulari diren Maialen Akizu eta Edurne Plazaolak egun honetarako bereziki prestaturiko bertsoak abestu zituzten.

Harreraren ondoren, txistulari guztiak Labeaga aretora hurbildu ginen kalejira joaz. Bertan elkartearen batzarra ospatu zen. Batzarra hastean, Txistulari elkartearen zorion agurra eta koadro dotore bat jaso zuen Urretxuko Txistulari Taldeak (orain hura zintzilikatzeko tokia bilatu beharko dugu!).

Batzarra bukatu ondoren, elkarteko zilarrezko domina banaketa ekitaldia ospatu zen aretoan bertan. Javier Hernandez, Sabin Bikandi eta Txomin Agirregomezkorta txistulariek urteetan egindako lanaren esker ona jaso zuten ekitaldian.

Goiza bukatzeko, guztiak kalejiran Ederrena frontoiraino hurbildu ziren bazkaltzera. Bazkalondoan txistu emanaldiak, bertsoak eta kantuak izan ziren Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuta. Elkarteko bazkide guztiei ere Urretxuko oroigarri bat jaso zuten, 2007an grabaturiko Urretxuko Musikak CD bikoitza.

Eguna amaitzeko, Urretxuko txistulariek erromeria eskaini zuten Areizaga-Kalebarren plazan nahi izan zuen guztiak dantza zezan.

Ekintza guzti hauek jarraipen zabala izan dute komunikabideetan. Hona hemen bildutako albisteak: