27 de septiembre de 2011

Joan ziren Santa Anastasiak!

Irailaren 22aren bueltan izaten dira Urretxuko jaiak, aurten 16tik 19ra bitartean, eta egun batzuk pasa badira ere, oraindik errekuperatu nahiean dabil bat baino gehiago. Txistularientzat ere gogorrak izaten dira egun horiek, edo gogorrak baino gehiago, ekitaldiz beteak... Izan ere, txistua hartu eta ekitaldiz ekitaldi ibiltzen gara, lotarako asti handirik hartu gabe.

Ostiral arratsaldean hasi ginen Iparragirre Balerdi musika tailerrekoekin kalejira eginez. Larunbat iluntzean, urtero bezala, kontzertua izan genuen. Igandean, berriz, goizean kalejira eta arratsaldean karrozen desfilean parte hartu genuen eta gehienok bezala, blai eginda amaitu genuen. Eta astelehenean gutako batzuk atseden hartu bagenuen ere, beste batzuk eguerdian hasi ziren txistuak astintzen eta hala jarraitu zuten kantu afaria amaitu arte.
Beraz, bai, maratoia izaten dela esan dezakegu.

Lanik eta urduritasunik handiena larunbateko txistu kontzertuak eragiten digu. Aurten lau gai landu nahi izan ditugu. Lehenengoa, Lizarriturri iturriak 75 urte bete dituela izan zen. Eta, noski, gure taldeak Lizarriturri izena hartu duenez, jorratu beharreko gaia zen hau. Baina Urretxu Dantza Taldea duela 50 urte sortu zela ere gogoratu genuen, eta baita Jesus Guridiren heriotzaren 50. urteurrena eta Xabier Leteren heriotza ere.

Lau gai horiek hartuta 14 piezaz osatutako errepertorio zabala eskaini genuen. Eguraldi txarraren eraginez kiroldegian egin genuen kotzertua baina, urtero bezala, erantzun oso ona jaso genuen eta harmailak erabat bete ziren.

Eta ohikoa denez, herritar ugari izan genuen lagun. Urretxu Dantza taldea sortu zuten gizonak (garai hartan gaztetxoak zirenak), dantzari jantziak berriz ere soinean hartu eta agurra eta ikurrin dantza eskaini zituzten. Une horretan emozioa gailendu zen eta txalo zaparrada handiena dantzari beterano hauek jaso zuten.

Horrez gainera, Irrintzi eta Lurra dantza taldekoak, Gorka Azkarate bertsolaria, Gorka Ojanguren Xabier Leteren abestiak kantatuz, Goiargi abesbatza, Xabier Barriola pianoan, Patxi Urrestarazu gitarran eta metal boskotea izan genituen lagun. Eta gainera, Aitor Goiak, Josu Perezek eta Carlos Mediavillak Euskal Herriko parajeen irudiez osatutako argazki sorta prestatu zuten kontzertuan zehar emateko. Urtero bezala, ESKERRIK ASKO, denoi zuen laguntzagatik.

Hau guztia amaituta, atseden hartu eta errekuperatzen saiatu gara eta gure ekintzak ohikora bueltatu dira: asteroko entsegu eta kalejiretara. Hurrengo zita igande goizean izango dugu, 9etan, Udaletxe aurrean.

Baina udazkena ere gauzez beteta izango dugu, eta laster Santa Zeziliatarako prestatzen ere hasi beharko dugu.

3 de septiembre de 2011

BLOG-A BERPIZTUZ

Iazko urtea berezia izanik blog hau sortzea erabaki genuen, baina behin ospakizun guztiak amaituta, blog-ak apenas izan du albiste berririk. Horrek ez du esan nahi besoak gurutzatu ibili garenik!! Ezta gutxiago ere!!!

Urretxuko Santa Anastasia festak gainean ditugularen aitzakiarekin, blog hau berriro ere berpizten saiatuko gara. Edozein festetan gertatzen den bezala, txistulariak ia derrigorrezkoak gara eta Urretxuko festetan ere makina bat ekitalditan parte hartzen dugu. Horietako nagusiena, festetako larunbatean egiten den Txistularien Kontzertua. Hau prestatzeko ensaio bereziak izango ditugu, urtero bezala, egunero arratsaldeko 20:00etan Urretxuko Kultur Etxean.