23 de junio de 2010

San Juan, San Juan heldu da...

Ekainak 23. San Juan egunaren bezpera. Ohitura den bezela, Euskal Herriko txoko askotan sua piztuko da gaur gauean udako solstizioari ongi etorria emateko. Urretxun ere, San Juan sua piztuko da gaur gauean Gernikako Arbola enparantzan. Ohitura den bezala, sorginak, kantuak eta dantzak izango dira suaren inguruan.


Urretxuko Txistulariontzat zerbait berezia badu gaurko gauak eta San Juan egunak berak. Horrela idatzi du gure taldekide den Ibon Garmendiak Uggassa Gidako azken alean. Hemen irakurri ditzazkezue bere hitzak.

Gure taldeko sortzailea izan zen Santi Gutierrezek gaurko egunean aldegin zuen. Dagoen tokian dagoela, ziur gaur ere, San Juan zortzikoaren doinua entzungo duela gauean eta hainbeste maite zuen Santa Barbarako erromerian begi bat ipinita izango duela bihar ere.

17 de junio de 2010

Diska aurkezpena LARUNBATEAN

Aurreko asteetan aipatu bezela, urteurrenaren aitzakiarekin, aspalditik eskuartean izan dugun proiektua gauzatzera ausartu gara eta Ramon Esnaolak idatzitako piezak bilduko dituen diska grabatu dugu maiatzean zehar.

Datorren larunbatean, Ekainak 19, lan honen aurkezpen ekitaldia burutuko dugu eguerdiko 12:00etatik aurrera Santa Barbaran. Bertan, Ramon Esnaola bera izango dugu gure artean eta diskoan jasotako hainbat pieza entzuteko aukera izango da. Diskaren aurkezpena dela eta Ramoni buruzko artikulua argitaratu da Noticias de Gipuzkoa egunkarian. Hemen klikatuz, artikulua irakurri dezakezue. Herriko gainontzeko komunikabideetan ere, diskoaren aurkezpen ekitaldiari buruzko informazioa zabaldu da azken orduetan. Hemen duzue albiste zerrenda:

Hemendik ere gonbitea luzatzen dizuegu aurkezpen ekitaldi honetan izateko. Larunbaterarte!!!!

14 de junio de 2010

Urrezko harrera udaletxean

Pasa den astelehenean, ekainaren 7an, Urretxuko udalak gure taldearen ibilbidea omendu nahi izan zuen. Horretarako pleno berezi bat deitu zuten deialdian puntu bakarra aurkeztuz: Urretxuko Txistulari taldearen ibilbidearen aitortza.

Taldekide, lagun eta senitarteko ugari bildu ziren Urretxuko Udaletxeko areto nagusian ekitaldia jarraitzeko asmoz. Urretxuko alkatearen ongi etorriaren ondoren, Gorka Garmendia kultur zinegotziak hartu zuen hitza eta 50 urte hauetan zehar Urretxuko Txistulari Taldeak egindako lana goraipatu zuen, bai herrian antolatutako ekitaldiekin baita herritik kanpo Urretxuren izena zabaltzen egindako lanagatik. Udalaren esker ona adierazteko, oroigarri bezela plaka bat oparitu zigun.



Baina aitortza honen ondoren, bestelako sorpresa txiki bat bizi izan genuen han bildutako guztiok. Momentua aprobetxatuz, taldeko hiru beteranoentzako errekonozimendu berezia eskatu nahi izan genuen taldean hain beterano ez garenok eta Udalari, Jostenka, Jose Mari Lasa eta Juan Manuel Kerejetarentzako Urretxuko urrezko domina eskatu genuen. Udalbatzako kideek aho batez onartu zuten eskaera. Beraientzat ere ezusteko eskaera izan zen hau eta harriduraz jaso zuten udalbatzaren erabakia eta zorion agurrak.


Nahiz eta astelehenean erabakia hartuta gelditu, dominaren ezarpena Urretxuko jaietan egingo da, urteroko txistu alardearen baitan egingo dugularik. Ekitaldia amaitu aurretik Jose Mari Lasak hartu zuen hitza eta taldeko sortzailea izan zen Santi Gutierrezen hitz batzuk ekarri zituen gogora.

Edozein ospakizunetan gertatzen den bezala, ekitaldi ofiziala amaitutakoan, luntx txiki bat izan genuen udaletxeko sarreran eta hori gutxi balitz, taldekide beteranoek prestatutako afari ederra dastatzeko aukera ere izan genuen.

Hurrengo egunean, ekitaldi txiki honek prentsan izandako ohiartzuna irakurri daiteke ondorengo esteken gainean klikatuz.

3 de junio de 2010

Aspaldiko kalejirarik jendetsuena

Dakizuenez, Urretxuko txistulariok erabat murgilduta gaude gure urteurreneko ospakizunen antolaketan. Horren islada, pasa den igandeko kalejira jendetsua izan zen. Urretxuar askok galdetuko zioten bere buruari ea zein ospakizun zegoen egun horretan honelako kalejira jendetsua izateko. Baina aparteko ospakizunik ez zen izan igandean. Irailean kaleratuko den DVD-rako irudiak hartu ahal izateko egin genuen kalejira hau.


33 lagun bildu ginen goizeko 9tan Iparragirre plazan eta iganderoko ibilibidea osatu genuen. Hainbeste lagun biltzea sarritan gertatzen den gauza ez denez, aukera aprobetxatu eta Lizarriturriraino igo ginen guztiok. Gure taldeari izen ofiziala ematen dion iturriaren alboan argazkiak atera genituen eta galdutako indar guztiak berreskuratzeko Santa Barbaran geldialdia egin eta hamarretako ederra dastatu genuen.