30 de marzo de 2010

Bertso Musikatuetako agerpena

Pasa den astean blog honetan aurreratu bezela, Urretxuko Txistulariak aurten Martxoan Bertsoko bertso musikatuen ekitaldian parte hartu genuen pasa den larunbatean. GazteleKUa, beste behin ere, jendez gainezka izan zen bertsoen aitzakian antolatutako ikuskizunaz gozatu ahal izateko.

Mota guztietako doinuak entzun ahal izan ziren eta GazteleKUan. Txistulariok, nola ez, kalejiran egin genuen sarrera eta Alborada de Segura piezak uste baino jarraitzaile gehiago dituela konturatu ginen!!!! Hona hemen emanaldian jasotako irudiak:


Baina saioan zehar, gure taldeko artista ugari ere ibili ziren eszenatokian kantun eta dantzan. Ekitaldiko gainontzeko aktuazioak ikusi ahal izateko nahikoa duzue hemen klik egitea.

Bukatzeko, amarauneko ixkin txiki honetatik, Zumarraga Urretxuko Bertso Eskola zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen, beste urte batez Martxoan Bertsoa ekimenak izandako arrakastarengatik eta egin duten lan guztiarengatik. Bejondeizuela kuadrila!!

24 de marzo de 2010

Urteurrena OTAMOTZ-en!!!

Pertsonaia famatuen pare, Urretxuko Txistulari Taldea ere aldizkari bateko portada da!!!!

Apirileko Otamotz Aldizkariaren azalak martxoaren 13ko Txistu Festako argazkietako bat dakar. Barnealdean, taldetik pasatako hainbat beteranoekin izandako elkarrizketarekin osatutako erreportaia zabala osatu dute.

Egun hauetan zehar etxez etxeko banaketa egiten dihardute, baina aldizkariaren webgunean jadanik zintzilik daude erreportaia bera eta hainbat argazki. Hemen klikatzea besterik ez duzue guztira zuzenean iritsi ahal izateko.

22 de marzo de 2010

Martxoan Bertsoa!!!

Badira 8 urte Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskolak Martxoan Bertsoa ekimena martxan jarri zuela. Ordutik, herriko bertsolariek martxoan izaten dute beren abilezia erakusteko aukera paregabea eta bertsozaleek beren ahots eta errima paregabeak entzun ditzakete.

Martxoan Bertsoak arrakasta handia izan du hasierako urteetatik eta poliki-poliki haziz joan den ekimena izan da. Aurtengoan ere ekintza ugari prestatu dituzte bertso eskolako kideek martxoan zehar eta hilabetea bukatzearekin bat 8. edizioa ere bukatzear doa. Hala ere, bukaera indartsua aurreikusita dago asteburu honetarako (egitaraua ikusi).

Ostiraleko Final handiaren ondoren, larunbatean, GazteleKUan Bertso Musikatuen emanaldia izango da eta Urretxuko Txistulariak, aurreneko aldiz bertan parte hartuko dute. Zita, gaueko 23:00tan da eta ikuskizuna behar bezala ikusi nahi ezkero, kafea, kopa eta purua Gaztelekuan bertan hartzea da aukerarik onena!!!


17 de marzo de 2010

Urteurreneko lehenengo urratsa gainditua!!!

Pasa den asteburuan, Urretxuko Txistulari Taldearen urteurreneko lehenengo ekintzak ospatu genituen. Blog honetan iragarri bezala, ostiralean, martxoak 12, Donostiako Udal Txistulari bandaren kontzertua izan zen Labeaga aretoan.

Kontzertu borobila eman zuen Donostiako taldeak, estilo guztietako errepertorioa eskainiz: ganbara musikako piezekin hasi zuten kontzertua, sortu berriak diren piezak eta abesti herrikoiak ere entzuteko aukera izan genuen Labeagara hurbildu ginen entzuleak.


Aipatzekoa, II Bilduma pieza. Jose Inazio Ansorena eta Jagoba Astiazaran taldeko kideak, taulagainetik jeitsi eta publiko artean eskaini zuten pieza bi txorien elkarrizketa errepresentatuz.

Kontzertua amaitzeko, propina txiki bat eskaini zuten txistulariek eta Urretxun egonik, bi biribilketa esanguratsu eskaini zituzten: IRIMO eta URRETXU.

Martxoak 14ko Batzar Nagusia

Ekintzek, larunbatean jarraipena izan zuten Txistulari Elkartearen Batzar Orokorrarekin. Goizean goiz hasi ziren larunbateko ospakizunak Urretxuko Txistularien kalejira jendetsuarekin (31 txistulari elkartu ginen kalejira jotzen!). Kalejira bukatzearekin batera, Euskal Herri osotik etorritako txistulariak azaltzen hasi ziren Iparragirre plaza inguruan. Bertan egina genuen zita, guztiok elkartu eta hamarretakoa egiteko. Kultur Etxeko areto nagusia, jantoki inprobisatu bihurtu genuen eta indarrak hartu genituen goizari aurre egiteko.

Hamarretakoaren ondoren, kalejira ofiziala burutu genuen. Jostenka, taldeko beteranoa izaki, elkarteko ikurrina hartu eta guztien buru abiatu zen Goiko Kaletik kalejira zabalduz. Kalejira San Martin de Tours parrokiako atarian amaitu zen. Ohiko meza ospatu zen ondoren eta amaitutakoan, Alkate Soinua joaz Udaletxeraino abiatu ginen.



Ohorezko agurra dantzatu ondoren, Urretxuko Udaleko ordezkariek harrera ofiziala egin ziguten txistulari guztioi eta Garikoitz Mendizabal, elkarteko lehendakaria, eta Iñaki Zabala, Urretxuko alkateak, oroigarrien trukaketa burutu zuten. Urretxuko txistulari diren Maialen Akizu eta Edurne Plazaolak egun honetarako bereziki prestaturiko bertsoak abestu zituzten.

Harreraren ondoren, txistulari guztiak Labeaga aretora hurbildu ginen kalejira joaz. Bertan elkartearen batzarra ospatu zen. Batzarra hastean, Txistulari elkartearen zorion agurra eta koadro dotore bat jaso zuen Urretxuko Txistulari Taldeak (orain hura zintzilikatzeko tokia bilatu beharko dugu!).

Batzarra bukatu ondoren, elkarteko zilarrezko domina banaketa ekitaldia ospatu zen aretoan bertan. Javier Hernandez, Sabin Bikandi eta Txomin Agirregomezkorta txistulariek urteetan egindako lanaren esker ona jaso zuten ekitaldian.

Goiza bukatzeko, guztiak kalejiran Ederrena frontoiraino hurbildu ziren bazkaltzera. Bazkalondoan txistu emanaldiak, bertsoak eta kantuak izan ziren Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuta. Elkarteko bazkide guztiei ere Urretxuko oroigarri bat jaso zuten, 2007an grabaturiko Urretxuko Musikak CD bikoitza.

Eguna amaitzeko, Urretxuko txistulariek erromeria eskaini zuten Areizaga-Kalebarren plazan nahi izan zuen guztiak dantza zezan.

Ekintza guzti hauek jarraipen zabala izan dute komunikabideetan. Hona hemen bildutako albisteak:

10 de marzo de 2010

Urretxuko Txistu Festaren EGITARAUA


Azken egunetan aipatu bezela, larunbatean, martxoaren 13an, TXISTU FESTA izango da Urretxun. Goizean goiz hasita, hainbat ekintza izango dira Urretxuko kaleetan. Egun honetan Urretxuko txistulariez gain, Euskal Herri osotik etorritako txistulariak izango dira gure herrian, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak bere urteroko batzar nagusia ospatuko du eta.

Batzar nagusiaren ondoren, Javier Hernandez Arsuaga, Sabin Bikandi Belandia eta Txomin Agirregomezkorta Perezi, Txistulari Elkartearen zilarrezko dominak ezarriko zaizkie txistu munduan egindako lanaren errekonozimendu gisa.

Hona hemen larunbaterako prestaturiko egitarau zabala:
8:30


Urretxuko txistulari taldearen kalejira, oraingo txistulariak eta beteranoen taldeak elkarrekin.

9:30


Euskal Herritik etorritako txistularien topaketa Iparragirre Plazan

10:15


Txistulari guztien kalejira Urretxuko kaleetan zehar

10:30


Meza San Martin de Tours elizan

11:15
Kalejira elizatik udaletxera
11:00
Agintarien ongi etorria Urretxuko udaletxean
12:00

Txistularien Batzar Nagusia Labeaga aretoan. Ekitaldi hau Txistulari Elkarteko bazkideentzako soilik izango da. Batzarraren gai zerrenda hemen klikatuz ikus daiteke.

13:00
Txistulari Elkarteko Zilarrezko dominen banaketa Javier Hernandez Arsuaga, Sabin Bikandi Belandia eta Txomin Agirregomezkorta Perezi.
Ondoren, kontzertu txiki bat eskainiko da.
14:30
Bazkaria Ederrena pilotalekuan txistulari guztientzat.
Bazkalondorena Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuko du
19:00
Erromeria Herrikoia Areizaga-Kalebarren plazan. Eusko Dantzari Ikasleak, Lurra eta Irrintzi taldeetako dantzariak eta nahi duen guztiak dantza egiteko aukera.

9 de marzo de 2010

Donostiako Udaleko Txistulari Bandaren kontzertua

Datorren ostiralean, martxoaren 12an, Donostiako Udaleko Txistulari Bandak Urretxun txistu kontzertua eskainiko du Urretxuko Txistularien 50. Urteurreneko ospakizunen baitan. Kontzertua Labeaga aretoan izango da, arratsaldeko 20:00tan.

Donostiako Udaleko Txistulari Taldea zortzi musikarik osatzen dute. Eginkizun ugari eta askotarikoak ditu: udalak eskatzen dituen mota guztietako ekitaldietan parte hartzen dute (protokolozko ongi etorri zeremoniak, inaugurazio ekitaldiak, ospakizunetako girotze lanak,...), igandeetako alboradak, jaiegunetako eguerdiko kontzertuak, Donostiako abesbatza eta dantza taldeekin elkarlana, ... Taldearen errepertorioa aberatsa eta kalitate handikoa da, doinu herrikoiak eta ganbara musika uztartzen dutelarik.


Taldeko zuzendaria den Jose Ignazio Ansorena Miner-ek zuzenduko du Urretxuko kontzertua eta bertan ondorengo obrak eskainiko dira:


1. DANSERYETielman Susato* (XVI. m.)
2. BOSTGARREN TONUKO SONATAJoakin Oxinaga* (1719-1789)
3. II BILDUMA (Zortzikoa-Minuetoa-Idiarena-Kontradantza)Jose Ignazio Ansorena (1953- )
4. LESAKAUrtzi Iraizoz (1983- )
5. IDURIAKJose Mª Gonzalez Bastida* (1908-1997)
6. TXORIAK (Urretxindorra-Zozoa-Txantxangorria-Kukua)A. Hilario Olazaran* (1894-1973)
7. IPARRAGIRREREN HIRU KANTAJose Ignazio Ansorena
8. JOKATXOAKAlex Iribar(1963- )

* Jose Ignazio Ansorenak moldatua


Berri gehiago ondorengo web orrialdeetan:

8 de marzo de 2010

Txistu Festa Urretxun



Datorren larunbatean, Martxoak 13 eta urteurreneko ekitaldien barnean, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak bere Batzar Nagusia ospatuko du Urretxun. Egun horren baitan hainbat ekitaldi antolatu dira.

Lehenengoa Donostiako Udaleko Txistulari taldearen kontzertua izango da, Martxoaren 12an ostirala, Labeaga aretoan arratsaldeko 20:00tan. Jose Ignazio Ansorena txistulari ezaguna izango da kontzertuko zuzendaria.

Hurrengo egunean, Martxoaren 13an, goizean goizetik izango dira txistu soinuak Urretxuko kaleetatik. Esan bezala, egun honetan Batzar Nagusia ospatuko da eta herriko txistulariekin batera, Euskal Herri osotik gerturatutako txistulariak ibiliko dira egunean zehar Urretxun.

Datozen egunetan, bi ekitaldi hauen berri gehiago izango dituzue hemen eskuragarri.

2 de marzo de 2010

Urretxuko Txistulariak amaraunean

Hauxe duzue Urretxuko Txistulari Taldearen blog-a. Urte berezia izango da 2010a taldearentzat, izan ere, gure sorreraren 50. urteurrena ospatuko dugu. Hain ospakizun berezia, modu berezian ospatuko dugu eta dagoeneko ekintza desberdinen antolaketan murgilduta gaude.

Pixkanaka-pixkanaka blog hau osatzen joango gara argazki eta informazio gehiagorekin. Baina hasteko, hemen duzue azken asteotan gure inguruan bildutako prentsa oharren bilduma: