28 de septiembre de 2012

Jose Mari Lasa izan genuen gogoan Santa Anastasiatako kontzertuan

Aspaldiko urteetako kontzerturik zailena egitea tokatu zitzaigun joan zen irailaren 22an Urretxuko txistularioi, Santa Anastasia egunez. Jose Mari Lasak urteetan zuzendu eta koordinatu izan zuen kontzertu hori. Aurten, bera falta zitzaigun, baina gogoan izan genuen kontzertuko lehen notan hasi eta azkenekora arte.

Eta guk bezala, baita egun horretan gurekin eta Jose Mariren familiarekin egon nahi izan zuten guztiek ere. Inoiz baino txistulari gehiago etorri ziren kontzertuan jotzera. Bestelako musikariak eta partehartzaileak ere inoiz baino gehiago izan ziren. Eta, azkenik, ikusleek ere ez zuten kale egin nahi izan: herriko plaza inoiz baino beteago egon zen hasiera hasieratik.

Oso kontzertu hunkigarria atera zitzaigun gainera. Emozio puntu asko izan ziren eta bat baino gehiago egon ziren malkoei eutsi ezinik Zumarragako Ezpata-Dantza ikustean, edota Pablo Sorozabalen "Gernika" entzutean, edo "Udazken Koloreak" eta "Ez bedi galdu euskara" abestiekin, eta batik bat "Habanera" doinuan Jose Mariri buruz Gorka Azkaratek eta Gorka Ojangurenek bota zituzten bertsoak entzutean.

Jarraian datozen hiru bideo hauetan une horietako gehienak jaso zituzten Gotzon Aranburuk:





16 de septiembre de 2012

Jose Mari Lasaren omenezko kontzertua egingo dugu hurrengo larunbatean


Irailaren 22an urteroko Santa Anastasia jaietako kontzertua eskainiko dugu Urretxuko txistulariok. Aurten ordea, kontzertu hori inoiz baino bereziagoa izango da. Orain arte kontzertua antolatu eta zuzentzen zuen Jose Mari Lasak urtarrilean utzi gintuen, eta bera oroitzeko ekitaldia izango da.

Urtero izaten dugu beste herrietako txistularien eta hainbat talderen laguntza kontzertu honetan, baina aurten inoiz baino jende gehiagok parte hartu nahi izan du. Eta gurekin izango ditugu Goiargi abesbatza, Lurra eta Irrintzi dantza taldeak, Jose Mari Lasaren lagunak, Migel Lasa abeslaria, Kantu Afariko taldea, Zintzo Mintzo euskaltzaleen elkartea, Pello Akizu abeslaria, Azpeitiko metal boskotea, Santos Ormaetxea abeslaria, Edurne Iturbe trikitilaria eta Iñaki Larrañaga pandero-jolea, Arrasate eta Tolosako dultzainariak, Xabier Barriola eta Inma Albisua abeslariak, Gorka Ojanguren eta Gorka Azkarate bertsolariak, Josu Perez eta Aitor Goia argazkilariak, Lekaio erraldoien konpartsa, Mendiaraz anaiak txalapartariak eta Iratzarri dultzainari taldea.

Egitaraua, berriz, honako hau izango da:
  • Glu, glu, glu
  • Intxenea
  • Habanera del Guria
  • Zumarragako ezpata-dantza
  • Urretxuko Gazteak
  • Ez bedi galdu euskara
  • Fandango
  • Arin-arin
  • Gernika
  • Iratzarri
  • Aupa Josemari – Beti zurekin
  • Udazken koloretan
  • Habanera
  • Gernikako Arbola
Irailaren 22an, Santa Anastasia jaietako larunbatean, izango da zita, 23:00etan, Urretxuko Gernikako Arbola plazan (eguraldi txarra eginez gero, Aldiri kiroldegian).