26 de diciembre de 2013

50 urte eta beti bezain gazte!

Atzo, Eguberri egunean, 50 urte egin zituen gure Jostenkak txistua jotzen. Zorionak Rubio!! Hilabete batzuk lehenago hasi zen txistua ikasten, baina 1963ko abenduaren 25ean egin zuen lehendabiziko kalejira eta hori ospatzeko modukoa da!

2013ko abenduaren 25a. Jostenka Larrañagak 50 urte egin ditu txistua jotzen.

50. urteurren hori behar den moduan ospatu nahi izan du Jostenka Larrañagak: kalejira eginez. Azken aldian lesionatuta baldin badago ere, bilatu zuen kalejira hau egiteko modua eta ez zuen hutsik egin. Bejondeiala! Baten batek agujetak izango ditu agian gurpildun aulkiari kalejira osoan zehar bultzaka ibili ondoren, baina merezi izan du!

Beste hainbat urtetan horrelaxe jarraitu dezazula, irrifarrea eta umorea galdu gabe, txistua ahoan beti. Aupa presidente!!

22 de diciembre de 2013

Ramon Esnaola eta Maier Urrate oroituz egin zen Zumarragako txistu kontzertua

Kontzertu hunkigarri eta polita izan zen atzo, abenduak 21, Zumarragako Beloki pilotalekuan egin zena Antxinako Ama Txistulari Taldeak antolatuta. Urtero bezala, hainbat herritatik joandako txistulariak bildu ginen Mariaje Arratibel zuzendariaren esanetara Eguberri aurreko egunetan egin ohi den emanaldi honetara, baita Urretxuko txistulariok ere.

Ramon Esnaola musikaria oroitzea zen kontzertuaren helburuetako bat. Urriaren 8an hil zen Zumarraga eta Urretxuko txistulari askorentzako maisu eta gure herrientzat aspaldiko urteetako musikaririk oparoenetako bat izandakoa. Kontzertuan zeuden Ramonen alarguna, Jesusa Salegi, beti bezain argi eta bixkor, eta senideak. Eta Ramonen ibilbidea bertsotan oroituz hasi zen kontzertua; Gorka Azkarate bertsolariak jarri zizkion hitzak Andoni Egañaren 'Haurrak atalka' doinuari.

Santo Tomas egunak, ordea, albiste beltzak ekarri zituen Urretxu eta Zumarragara; goizean zabaldu zen Maier Urrate gaztearen heriotzaren berria. Gaixotasun larri batek 21 urterekin eraman zuen txikitatik musikarekin eta dantzarekin harreman handia izandako gazte urretxuarra. Mariaje Arratibel bera irakasle zuela ikasi zuen zeharkako flauta jotzen eta Lurra dantza taldean txiki txikitatik aritu izan zen dantzan.

Lurrako dantzariek barru barrutik indarrak atera zituzten eta kontzertu honetarako prestatuta zeukaten dantzaldia Maierri eskaintzea erabaki zuten. Kepa Junkeraren 'Muskerraren Baltsa' dantzatu zuten txistulari taldearen eta Edurne Iturbe trikitilariaren musikarekin eta ondoren lore-eskaintza xume bat egin zitzaion Maierren irudiari.



Txistulariez, Lurra dantza taldeaz eta Edurne Iturbe trikitilariaz gainera, kontzertuan parte hartu zuten Gorka Azkarate bertsolariak, Irrintzi dantza taldeak, Arantzazu Mujika bibolin-jotzaileak, Aitor Garitano eta Maria Jesus Ugalde abeslariek, Secundino Esnaola musika eskolako haurren abesbatzak, Goi Argi abesbatzak, Gorobel metal boskoteak, Javier Arratibel piano-jotzaileak eta Mikel Urretagoiena perkusionistak.

Egitaraua honako hau izan zen:
- Haurrak atalka
- Alkate soinua
- Ohorezko Kontrapasa
- Beti nigan gertu
- Ortzean izar ederra
- Gora gora hots egin
- Iheslari
- Amaitzeko soinua
- Beti eskamak kentzen
- Musde Ürrutia
- Habanera
- Muskerraren Baltsa
- Behin Batian Loiolan
- Zugana Manuela
- Parte Vieja donostiarra
- Ator ator

Jarraian, kontzertuaren beste zati bat ikusi dezakezue, Irrintzi dantza taldekoek eskaini zituzten Alkate soinua, Ohorezko Kontrapasa, Iheslari eta Amaitzeko Soinua piezen laburpentxo bat, Gotzon Aranburuk eginikoa:




12 de diciembre de 2013

Gabonetako kontzertua, abenduaren 20an

Urtero legez, Eguberriak gainean ditugula eta, Gabonetako kontzertua izango da Urretxuko San Martin de Tours elizan. Abenduaren 20an, arratsaldeko 19:30ean, herriko hainbat musika talde elkartuko gara bertan egun hauetako giro berezi hori sortzeko asmoz.

Lurra dantza taldeak, Sekundiko Esnaola musika eskolako haurren abesbatzak, Iratzarri dultzainari taldeak, Iparragirre-Balerdi musika tailerrak eta Lizarriturri txistulari taldeak hartuko dugu parte kontzertu eta emanaldi berezi honetan.

Abenduko kultur agendan ekitaldi honi eta gainerakoei buruzko informazio gehiago aurkituko duzue.

9 de diciembre de 2013

Musika doinuak kalean Santa Zezilia omentzeko

Musikarien patroiaren biharamunean, azaroaren 23an, herriko musika talde gehienak edo guztiak kalean gora eta behera ibili ginen gure doinuak zabalduz, eta eguraldi txarrari aurre eginez. Zumarragako eta Urretxuko txistulariak Iparragirre Balerdi musika tailerrarekin batera aritu ginen eta duela gutxi hildako Ramon Esnaola oroitu genuen.

Gurruchagaren 'Goizeko Izarra' eta  'Tomas Acebal, El Bala' piezez gainera, Ramon Esnaolaren 'Agerre' biribilketa prestatu genuen bereziki egun honetarako. Jesus Castillejo, musika tailerreko zuzendariak, egin zuen bandarako moldaketa, denok elkarrekin jo genezan.

Iratzarri dultzainariak, berriz, Zumarragako Udal Bandarekin batera aritu ziren.

Gotzon Aranburuk, ohi duen bezala, bideoan jaso zituen talde guztien emanaldien zati bat edo beste. Jarraian ikusi dezakezue egun hartatik egindako bilduma.


4 de noviembre de 2013

Txistulariek fandangoa eta arin-arina jotzen dituzte, eta trikitilariek trikitixa eta porrusalda.

Joan den urriaren 18an Goiberri aldizkariak gure laguna den Joxe Mari Telleriari egin zion elkarrizketa.
Dantza doinuei buruz esaten duena oso interesgarria iruditu zaigu.
Maisu handia da Joxemari eta beti dugu zer ikasia berarengandik.

Klikatu hemen elkarrizketa osoa irakurri nahi baduzue.

8 de octubre de 2013

Ramon Esnaola musikari eta konpositore urretxuarra hil da



Ramon Esnaola, konpositore eta musikari urretxuarra, hil da gaur 96 urte zituela. Hileta elizkizuna, bihar, urriak 9, izango da 19:00etan Urretxun.

1917. eko azaroaren 2an jaio zen Ramon Urretxuko Jauregi kalean. Musika ikasketak oso gaztetan hasi zituen Beasainen, bertara joan baitzen umetan familiarekin bizitzera. Ondoren, 1932an, Zumarragan jarri zuen bere bizitokia eta, gaur egun,  Jose Mari Lasa izeneko plazan bizi zen Jesusa emaztearekin batera.

Flauta, flautina, klarinetea, saxofoia, txistua, pianoa... Musika tresna pila bat jotzeko gai zen. Zumarragako Musika bandan jotzen aritu izan zen eta Urretxuko Iparragirre-Balerdi musika tailerreko zuzendari ere izan zen urte pila batetan.

Urretxuko txistulari askorentzat, laguna izateaz gainera, maisua ere izan zen: berak erakutsi zigun gutako askori txistua jotzen. Batzuei 1960. urtearen inguruan, Urretxuko Txistu Taldea sortzera zihoanean eta beste batzuei, 20 urte beranduago, Secundino Musika Eskolako irakasle izan zenean.

Horrez gainera, konposizio lanetan ere aritu zen. Biribilketa eta zortziko pila bat sortu zituen eta Urretxuko baserrien izena jarri zien askori. Musika bandarekin jotzek pare bat pieza ere idatzi zituen. Bere lan guztiak grabatu eta diskoa atera genuen Lizarriturri taldeko txistulariok 2010. urtean Ramon Esnaolaren musikak izenpean.

Gure taldearentzat pertsona garrantzitsua zen Ramon eta horregatik atal berezi bat eskaini nahi izan genion Urretxuko Txistulari Taldea 1960-2010 izeneko liburuan. Blog honetan ere irakurri dezakezue Ramon Esnaolaren bizitzari eta ibilbideari buruzko testu hori.

Aspaldiko hilabete hauetan pattal xamar zebilen; urteak ere aurrera zihoazen eta gorputzak ez zion nahi bezala erantzuten. Azkenean, 97 urte betetzeko hilabete eskas falta zitzaionean joan zaigu.

Horrelakoetan esan ohi den bezala, agur eta ohore maisu!

28 de septiembre de 2013

Urretxuko festetako ajea pasatu nahian...

Joan zen astelehenean amaitu ziren Santa Anastasia jaiak eta oraindik baten batzuk ajea pasa nahian gabiltza. Ekintza askotako egunak izaten dira hauek. Ostiralean hasten gara Iparragirre-Balerdi musika tailerrarekin kalejira jotzen, juxtu txupinazoaren aurretik.

Baina egunik "luzeena" larunbata izaten da, txistularien alardea egiten dugulako. Aurten, arratsaldeko 16:30ean entsegua eta soinu-probak hasi genituen Iparragirre plazan, kontzertua izaten den lekuan bertan. Eta 19:00ak aldera amaitu genuen.

Herritar asko gerturatzen dira entsegua ikustera. Batzuk arratsalde pasa eta beste batzuk gauean ezin izango dutelako kontzertua ikusi. Herritar horietako bat Josu Maroto artista izan da aurten. Josuren alabak Secundino Esnaola musika eskolako haurren koruarekin parte hartu zuen kontzertuan, Erromako Zubia eta Behin Betiko abestuz. Eta arratsaldean, alabari laguntzera joandakoan, aurrean ikusten zuena jaso zuen marrazki batean. Mila esker Josu!

Urretxuko jaiak. Txistulari kontzertuaren entsailua
Josu Marotoren Urretxuko Jaiak argazkia (Flickr)

Entseguaren, soinu frogen eta afariaren ondoren, iritsi zen unea. Hotz egin arren, jende dexente hurbildu zen Iparragirre plazara. Ordu beteko kontzertua eskaini genuen parte hartzaile pilaren laguntzarekin: Oihane Toledo abeslaria, Lurra eta Irrintziko dantzariak, musika eskolako haurren abesbatza, Goi Argi abesbatza, Juanlu Aranburu, Patxi Urrestarazu, ZSKko txalapartariak, Gorobel metal boskotea eta Iratzarri taldeko dultzaineroak. Eskerrik asko guztioi!!

Hona hemen kontzertuaren ondoren, Urretxuko txistulariok atera genuen argazkia:



Eta igandean, berriz, Euskal Jaia izan zen Urretxun. Goizeko 10etan hasi genuen eguna kalejirarekin. Eta egun osoa kantuan eta txistu jotzen ibili ondoren, arratsaldean karrozen desfilean hartu genuen parte, urtero bezala. 40 lagun inguruko taldea osatu genuen, gazte eta heldu, denok elkarrekin.

Argazkia: Ana Lizarralde

Eta ohikoa den legez, astelehenean txistulari zereginak alde batera uzten ditugu gutako batzuk. Baina festak ordu txikiak arte jarraitu ohi du.

16 de septiembre de 2013

3, 2, 1... Badator Santa Anastasia!

Hasi da atzera kontaketa. Bost egun besterik ez dira falta Santa Anastasia 2013 jaiak hasteko eta herri osoa prestaketetan buru-belarri sartuta dago. Baita gu ere. Larunbateko txistu kontzertua prestatu beharra daukagu eta.

Aurreko batean jakinarazi genuen zein izango zen aurtengo egitaraua baina ez genuen partehartzaileei buruzko ezer esan. Sarritan bezala, herritarrengana jo dugu aurten ere kolaborazio eske. Aurtengo nobedadeetako bat Secundino Esnaola musika eskolako haurren abesbatzaren parte hartzea izango da. Goiargi abesbatza ere izango dugu lagun, beste askotan bezala, eta kantari solista gisa Oihane Toledo urretxuarra izango dugu.

Musikariei dagokionez, Gorobel metal boskotea, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa taldeko txalapartariak, Iratzarri dultzainariak, Javier Arratibel pianoan, Juan Luis Aranburu soinujolea eta Patxi Urrestarazu baxuarekin arituko zaizkigu. Eta ohikoa den legez, Irrintzi eta Lurra dantza taldeetako lagunek hartuko dute parte.

Bestalde, Andoni eta Jone Oruesagasti anai-arrebek trikitia eta panderoa joko dituzte. Hain zuzen, Andonik eta Jonek, atabala eta txistua ere jotzen dituztenez, beste momentu batean laukotea osatuko dute Nekane Martinekin eta Maialen Akizurekin batera eta kontzertuko piezetako bat laurek joko dute.

Eta nola ez, txistularion kontzertua denez, hainbat herritatik etorritako txistulariak ere espero ditugu.

Larunbateko kontzertuaz gainera, egunero izango dugu zer egin txistulariok jaietan. Ostiralean Iparragirre-Balerdi musika tailerrarekin kalejira egingo dugu jaiei hasiera emateko. Eta igandean, Euskal Jai egunean, goizean hasiko gara kalejira eginez eta arratsaldean karrozen desfilean parte hartuko dugu.

Ondo pasa Santa Anastasia jaiak!

19 de agosto de 2013

Irailaren 21eko kontzertuko partiturak

Aurreko batean kontatu genizuenez, irailaren 21ean egingo dugu aurten Urretxun Santa Anastasia jaietako txistularien kontzertua. Gaueko 23:00etan izango da, urtero bezala.

2013 urte honetarako 13 piezaz osatutako alardea prestatu dugu eta, herri ugaritako txistulariekin batera, beste hainbat musikari eta dantzari izango ditugu lagun. Hasteko, Ramon Esnaolaren Urretxu biribilketa joaz sartuko gara plazan. Eta jarraian, honako hau izango da egitaraua:

  • Monjardin _____________________  Alejandro Olazaran
  • Kantuz      _____________________  Alexander Lesbordes
  • Erromako zubia _________________  Herrikoia
  • Behin Betiko ___________________   Imanol Urbieta
  • Albistur (fandangoa) ______________   Herrikoia
  • Beharrezkoa (arin-arin) ___________   Herrikoia
  • Shanti        ____________________    Lander Zurdo
  • Eta gero    ____________________    Roberto López
  • Haurrak lotaratzeko soinua ________   Herrikoia
  • Baratze bat  ___________________   Pier Paul Berzaitz
  • Guda         ____________________   Tomás San Miguel
  • Biribilketen popurria _____________   Herrikoia
  • Gernikako Arbola ______________    J.M. Iparragirre

Urretxuko kontzertuko partiturak prest ditugu dagoeneko eta hasi gara hainbat herritako txistulariei bidaltzen. Hala ere, blog honetatik bertatik ere lortu ditzakezue: egin klik goiko loturan eta PDF formatuan jaitsi ahal izango duzue liburuxka.

29 de julio de 2013

Ari gara Santa Anastasiatako kontzertua prestatzen!

Aste asko ixilik egon ondoren, hemen gatoz berriz ere. Oraingoan, Santa Anastasia jaietako kontzertua prestatzen ari garela kontatu nahi dugu.

Irailaren 21ean izango da aurten, Urretxuko jaietako larunbatean, Iparragirre plazan eta, ohi bezala, gaueko 23:00etan hasiko da.
Aurten, besteak beste, Santi Gutierrez, gure zuzendaria izandakoa, hil zela 10 urte pasa direla gogoratuko dugu. 2003ko San Joan bezperan joan zitzaigun, iluntzeko kalejira hastera gindoazenean.

Irailaren 21eko kontzertu horretarako, 13 piezaz osatutako emankizuna ari gara prestatzen. Gustu guztietarako doinuak aukeratu ditugu: dantzatzeko, abesteko...

Urtero bezala, txistuari lagunduz, beste hainbat musika tresna entzun ahal izango ditugu: dultzaina, akordeoia, trikitixa, pianoa, baxua, metalak, txalaparta, ahotsa...

Kontzertuko programa zehatza eta parte hartzaileen izenak aurreraxeago jakinaraziko ditugu. Kontzertuan jotzera etorri nahi duten txistulari guztiek urretxuko txistularien e-mailera idatziz konfirmatu dezakete parte-hartzea.




26 de marzo de 2013

Igandean itzuliko dira kalejirak!

Garizuma amaitu da jada eta gure oporrak ere bai. Igandean, berriz ere txistularien kalejirak itzuliko dira Urretxuko kaleetara. Mendeetako ohiturari jarraituz, Urretxuko danbolinteroek ez dugu kalejirarik jotzen Garizuma garaian: urteko lehendabiziko oporrak hartzeko aprobetxatzen dugu garai honetan!

Baina Pazko Igandea iristearekin batera, oporrak amaituko zaizkigu. Eta aurrerantzean, igandero goizeko 9etan hortxe ibiliko gara, fin fin, herritarrak esnatzen, euririk ari ez baldin badu behintzat. Halaxe jarraituko dugu abuztua bitartean, orduan hartuko baititugu urteko bigarren oporrak.







23 de marzo de 2013

Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika!

Martxoaren 21aren goizaldean pasa zen Korrika 2013 Urretxu eta Zumarragatik, goizeko ordubiak aldera hain zuzen ere, eta, beti bezala, Lizarriturri taldeak kilometro bat egin zuen. 1569. kilometroa izan zen gurea: Deskargako mendatearen amaieran dagoen birigilgune berritik, Gurutze Gorriaren ondoraino. Aurten aldapa behera tokatu zaigu!! :-)

Eta halaxe, goizeko ordubietan puntual-puntual etorri ziren Deskargan behera korrikalariak. Edurne Retegik hartu zuen testigua Urretxuko txistularien izenean; dotore asko gainera! Eta gure kilometroa egin ostean, Zumarragako Antxinako Ama txistulari taldeari eman zion testigua.

Hemendik bi urtera berriz ere ikusiko dugu elkar! Eta bitartean, euskara zainduz eta erabiliz jarraituko dugu eguneroko jardunean.

Otamotzek eta Goierriko Hitzak egindako bideo honetan ikusten da nola pasa zen Korrika 2013 Goierri Garaitik.




10 de marzo de 2013

Sagardotegian izan gara!

Garizuman gaude eta ondorioz, Urretxuko Txistulariok ez dugu kalejirarik egiten. 

Dakigunez, betidanik ez da kalejirarik izaten garai honetan Urretxun: XIX. mendeko danbolinteroen dokumentuetan ere garai honetan jai izango zutela zehazten da. Beraz, ez dugu txistu doinurik entzungo herriko kaleetan Pazko Igandera arte.

Gaur egun ere, ohitura horri jarraituz segitzen dugu. Baina horrek ez du esan nahi elkartzen ez garenik. Martxoaren 9an, adibidez, Ikaztegietako sagardotegira joan ginen taldeko 22 lagun, beteranoak eta gazteak. 

Eta noski, beti bezala, gure musika-tresnak eraman genituen bazkal ondorena girotzeko. Batzuk txistuekin aritu ginen eta Orue anai-arrebak, berriz, trikitixa eta panderoarekin. Bertsoa, kantua eta musika nahikoa izan zen iluntzera arte.

Ander Lasa eta Andoni eta Jone Oruesagasti




20 de enero de 2013

Eguraldi txarrari aurre eginez San Sebastian egunean


Eguraldi txarra zegoen gaur goizeko 9etan: euria goian behean, eta hotza. Baina San Sebastian eguna izanda, kalejira egin beharra zegoela iritzi genion astean zehar eta, sikiera arkupetan joko genuelakoan, txistulari mordoxka azaldu gara Urretxuko udaletxe aurrera: 30 bat lagun.


Eta orduantxe ateri unea izan da, beraz, kalejira normal egiten hasi gara. Diana lehendabizi, San Sebastian martxa ondoren, Tatiago eta Idiarena. Lau pieza horiekin esnatu ditugu gaur urretxuarrak. Eta herritarrek ere ez digute hutsik egin, eguraldi txarra izanagatik, normalean baino jende gehiago atera baita gaur leiho eta balkoietara.

Eskua altxa eta agur egin diegu igandero igandero txistulariak ikustera irteten zaizkigun haur, guraso eta lagunei. Eskertzekoa da horrelako "fan"-ak izatea. Baina somatu dugu beste leiho askotan ere jendea zegoela gaur, igandero ikusten ez dugun jendea. 

Kalejira beste edozein igandetan bezala egin ahal izan dugu Pagoeta auzora iritsi garen arte. Han euria hasi du berriz, eta aurrerantzean, arkupeetan aritu behar izan dugu gelditzen zitzaigun ibilbidearen zati gehienetan.

Zatitxo bat ere grabatu dugu, etorkizunean oroitu ahal izateko. Izan ere, gaur egun, sakeleko telefono batekin edozer gauza grabatu daiteke. Irudien eta soinuaren kaliatea ez da onena, baina ideia bat egiteko balio du:



Goizeko hotzak eta eguraldi bustiak, ordea, amaitu dugunean izan dute ordaina. Etxe-Azpi elkartean prestatu diguten hamaiketako ederra, hain zuzen ere. Horrelako egunetan, txurroak eta txokolatea bezalako gosaririk ez baitago!

18 de enero de 2013

San Sebastian egunean, danbor hotsak Urretxuko kaleetan

San Sebastian eguna igandea tokatzen da aurten. Aupa!! 

Urtero, urtarrilaren 20tik gertuen dagoen igandean, kalejira berezia egiten dugu; danborradako doinuak joaz betetzen baitugu iganderoko zita: San Sebastian Martxa, Tatiago, Idiarena, Diana...

90eko hamarkadako San Sebastian kalejira
 Urte batzuetan, gure ohiko danbolinez gainera, danborradetako danbor handiak hartuta ere irten izan gara. Izan ere, gure danbolinak gutxi entzuten dira eta, egun horretan, indartsu aritu beharra dago!

Aurten, kalejira San Sebastian egunean bertan egingo dugunez, indartsu eta gogo biziz irtengo gara. Urrunetik entzungo dira gure nota eta danbor hotsak. Eta herriko kale estuenetan, Iparragirre kalean adibidez, zirrara berezia sortuko dugu, horrelakoetan ohi denez.

Hori dela eta, beste igande askotan bezala, igande honetan ere leihora irteteko gonbidapena egiten dizuegu, kalejira polita izango baita.  


90 hamarkadako San Sebastian egun bat

16 de enero de 2013

Jesus Segurola txistugileari esker, maila akademikora igo zen txistua

XX. mendean, Urretxun eta Zumarragan zorte handia izan dugu txistulari eta atabalariek; izan ere, une bakoitzean behar genituen tresnak hementxe bertan geneuzkan. Txistu bat behar izanez gero, Jesus Segurolari eskatzea besterik ez zegoen.



Jesus Segurola Urkiola Zumarragan jaio zen 1920an. Jakinduria eta sormen handiko gizona izan zen. Euskararen jatorriari buruzko teoria propioa zeukan eta bi liburu idatzi zituen gai hori landuz: Lar (1975) eta Izadi eta Gizaki Arteko Harremanetan Lar (2001). Horrez gainera, eskulturak ere egin izan zituen, gaur egun prozesioan ateratzen duten Antioko Amaren irudia, esate baterako.

Txistuari dagokionez, berriz, ehunka egin zituen Jesusek Urretxuko Nekolalde kalean zeukan tailerrean, baina lehenengoa konpromiso txiki bat izan zen: horrelako lanetarako abila zenez, arrebak ilobarentzako txistu bat egiteko eskatu zion eta halaxe hasi omen zen.

Handik denbora batera, Jose Inazio Ansorenak Amarako jostailu denda batean aurkitu zuen Segurolaren txistuetako bat eta honekin harremanetan jartzea erabaki zuen. Garai hartan zailtasun handiak zeuden txistuak beste musika tresna batzuekin batera jotzeko, desafinatuta omen zeuden. Horren adibidea da Jesus Guridi konpositoreak bere obra askotan idazten zituen oharrak, “Eusko Irudiak” obran eta “El Caserío” zarzuelan, besteak beste. Txistuaren soinua nahi zuen horietarako, baina bere tonalitate eta afinazioarekin ezin asmatu zitekeenez, flauta traveresera erabiltzeko gomendatzen zuen.

Hori horrela, Jose Inazio Ansorenak, beste hainbat txistularik bezala, ateak zabaldu nahi izan zizkion gure musika tresnari, eta lan eta esperimentu ugari egiten hasi zen. Jesusen txistua aurkitu zuenean, harekin kontaktuan jarri nahi izan zuen eta hilabete askotan elkarlanean aritu ziren: zuloen neurri ezberdinak probatu, zuloen arteko tartea aldatu, egur ezberdinak probatu... Ia bi urtez, larunbatero, Donostiako Kontserbatoriora joanez ibili zen Jesus. Azkenean, 70eko hamarkadan lortu zuten erabat afinatutako txistua egitea. Gaur egungo txistuak hark asmatutako neurriak erabiliz egindakoak dira.

Horrez gainera, bi zatitan banatu daitezkeen txistuak egiten hasi zen. Horrela, luzera ezberdineko beheko zatiak jarriz gero, Fa naturalean, Fa sostenidon eta Sol-en afinatutako musika tresna daukagu. Eta berdin silboteen kasuan ere, si bemolean, si naturalean eta don afinatutakoak ditugu. Honi guztiari esker, txistua maila akademikora igo zuten eta beste musika tresna batzurekin batera jotzeko aukera eman zuen.

Handik aurrera, Segurolaren txistuek oso fama ona hartu zuten Euskal Herri osoan eta eskaera ugari egin zizkioten. 1993an egindako lana eskertu nahi izan zion Urretxuko Txistulari Taldeak, Gabilondo, Barrio eta Esnaolari bezalaxe eta urte hartako kontzertua bere omenetan izan zen. Hemen beheko hau da Jesusi egun hartan eskainitako bertsoa:

Zure lantegiko tornuakin
hasi zinen hala edo hola
txistu bat egin behar zenuen
asmatu zenuen nola.
Jendea eske hasi zitzaizun,
ezin gelditu inola:
txistugilerik onentsuena,
omen Jesus Segurola.
Antiguako Ama albotik
begira ari zaiola.


Handik lasterrera, 1995ean, zilarrezko domina eman zion Euskal Herriko Txistularien Elkarteak, Inazio Barriori bezalaxe.

Txistuak egiteaz gainera, beste afizio batzuk ere bazituen Jesus Segurolak; eskultura izan zen horietako bat. Esan dugu Antioko Amaren taila bat egin zuela, baita bestelako hainbat irudi ere. Eta Zumarragako Trintxera-n dagoen “Txistulari” eskultura ere berak diseinatutakoa da. 2003ko ekainaren 14an inauguratu zuten. Txistulari baten profila ikusten da bertan; harrizko base baten gainean txistulari batek dituen ezaugarriak daude brontzez eginak: danbolina, txistua eta txapela.

Bizitza oparo baten ondoren, 2008ko ekainaren 4an hil zen, 87 urte zituela.

13 de enero de 2013

Txistu doinuak Erregeetan

Urteak dira Gabonetan San Martin de Tours parrokiako elizkizun nagusietan txistua jotzen dugula, batik bat Errege Egunean, Agurtzane Albisua Garmendiak zuzentzen duen parrokiako abesbatzarekin batera. Aspalditik abestu izan du gure atabalari Juan Manuel Kerejetak abesbatza honetan kantatzen eta, meza edo aktuazio jakin batzuetan, danborrarekin ere laguntzen die. Txistularioi bere bitartez deitu izan digute Gabonetako elizkizunetan parte hartzeko.

Aurten ere hala izan da. Etxe askotan Erregeek utzitako opariak zabaltzen ari ziren bitartean, txistulari talde batek kalejira egin zuen eta, ondoren, mezatan izan ziren, Gotzon Aranburuk Otamotzen argitaratutako bideo honetan ageri den bezala.




2013ko Errege Egun honetan, "Trakatan Trakatan" eta "Haurtxo txikia" abestietan hartu genuen parte abesbatzarekin batera. Juan Manuel Kerejetak, ohikoa duenez, pieza gehiagotan egin zien lagun elizkizun osoan zehar.

10 de enero de 2013

Inazio Barrio, danborrak egitearen artea

Urretxuko txistulariekin askotan jo izan zuen atabala Inazio Barriok, baina batik bat danborgile lanagatik izan du harreman estua taldekideekin. Zenbat atabal, danbolin eta bonbete konpondu edo egin ote zituen Inaziok eurentzat.



Inazio Barrio Urtizberea Irunen jaio zen 1918an. Herri hartan ohikoa denez, alardean parte hartzen zuen txikitatik eta han ikasi zuen danborra jotzen. Ondoren, gaztea zela, Urretxura etorri zen lanera eta Gerra Zibilaren ondoren, hemen ezkondu eta osatu zuen bere familia.

Behin, sanantoniotan, Kalebarrengo jaietan, Oria anaiak ari omen ziren erromeria jotzen eta danbor bat omen zeukaten. Inazio hura hartu eta jotzen hasi zen eta harrituta utzi zituen ingurukoak, ez baitzekiten jotzen zekienik ere.

Horren ondotik, orkestra batean hasteko eskatu zioten eta hala, Los Bohemios del Goyerri taldean ibili zen, besteak beste, Ramon Esnaolarekin batera. Ezkontzetan, banketeetan, festetan... edonon jotzen zuten eta sarritan, lantegiko soldatarekin baino diru gehiago ateratzen zuten. Denboraren poderioz, orkestraz aparte, Urretxuko eta Legazpiko bandetan ere perkusioa jotzen hasi zen. Eta 1960an, Urretxuko Txistulari Taldea sortu zenean berak ere parte hartu zuen atabala jotzen. Harrezkero, hainbat kalejira egin zituen txistulariekin.

Bere bizitzako azken 30 urteetan danbolinak, danborrak eta atabalak konpontzea eta egitea izan zen bere zeregin nagusienetakoa. 70eko hamarkadaren amaieran pare bat atabal egin zituen, gero danborradarako danborrak ere bai... Larruzkoen ordez, plastikozko partxea zeukaten danborrak ere egin zituen, euria zenerako egokiagoak.

80ko hamarkadaren hasieran, Jesus Segurolak Jose Inazio Ansorenarentzako danbolin bat egiteko eskatu zion. Segurolak, ordurako, lan handia egin zuen Ansorenarekin txistu afinatuak sortzeko, eta orain danbolinekin hasi nahi zuten. Inaziok ezetz esan zion hasieran, Ansorena musikako katedraduna zela eta berak ezin ziola hari gustuko danborrik egin. Azkenean ausartu zen, baina, Jose Inazio Ansorenak bueltan bidali zion lehen danbolin hura eta eskutitz bidez adierazi zion zer aldatu nahi zuen: ahuntzaren larruz egindako partxea, tripaz egindako bordoiak... Hala, haren argibideak jarraituz, primerako danbolina egin zuen.

Handik aurrera makina bat danbolin, atabal, bonbete... egin zituen. Euskal Herriko txoko guztietatik deitzen zioten eta artisau ferietan ere ibili izan zen urte askotan. Behin edo behin esan zuenez, Erroman ere ba omen da bere danbolinen bat.

Inaziok etxeko sukaldean, artisau erara, egin izan zuen lan. Behinola, ikastaro bat emateko eskatu zion Udalak eta tailer txiki bat jarriko ziotela ere eskaini zioten. Baina nahiago zuen bere sukaldean jarraitu, bere erara lan egin, bere ordutegiak jarraituz.

Urretxuko taldearentzat lan handia egin izan zuen eta, gehienetan, materiala soilik kobratuz. Umore handiko gizona zen eta sarritan bidali izan zituen ondorengo hau bezalako oharrak konpondu berri zuen danbor batekin batera:

“Señor don Jose Maria Lasa:
Mi secretaria, que es la que me lleva la contabilidad, está de vacaciones. Es por lo que no puedo mandarle la factura. Sin más reciba un saludo de su amigo.”

Edo baita honelako fakturak ere:

“Cuerdas tensar__________ 0000
Correas tensar __________ 0000
Cordon rojo __________ 0000
Estirar parche __________ 0000
Pintar y barnizar _________ 0000
Mano de obra ___________ 000.000.000”

Gizon umoretsua eta alaia izan zen bere idatzi horietan antzematen den bezala eta ez da erraza hainbeste lan egin duen pertsona bati behar bezala eskerrak ematea. Urretxuko Txistulari Taldea 1993an egindako omenaldiarekin saiatu zen horretan. Honako hau da egun hartan Inaziori eskaini zioten bertsoa:

Tarrapatatan tarrapatatan
kale, zoko eta plazatan,
tarrapatatan tarrapatatan
jai egun eta festatan,
tarrapatatan tarrapatatan
txaranga eta bandatan,
zure danborrak entzuten dira
Euskadiko karrikatan,
alaitasuna zabaltzen dute
ez bizitzeko penatan.

Horrez gainera, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak zilarrezko domina eman zion 1995ean Oreretan egin zuten ekitaldi batean. Txistuak eta danborrak egiten aritutako jendeari eman zitzaion domina orduan. Inaziorekin batera, Jesus Segurolak, Amurrioko Jose Gancedok eta Zarauzko Keller enpresak jaso zuten urte hartan.

Ondoren, 1998an, Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak ere diploma eman zion. Eta azkenik, 2006an Urretxuko Santa Anastasia jaietako pregoilaria izan zen eta omenalditxoa egin zioten udaletxean.

2010eko uztailaren 8an hil zen Inazio Barrio, 92 urte zituela.

7 de enero de 2013

Ramon Esnaola, musikari konpletoa eta txistulari askoren irakaslea

Urretxuko txistulari gehienen irakaslea Santi Gutierrez izan zela esan dugu aurreko ataletan. Eta hala izan zen, baina Ramon Esnaolak ere makina bat gaztetxori erakutsi izan die txistua jotzen; hasiera batean, bere etxera gerturatzen ziren neska mutiko guztiei, eta jubilatu ondoren, Secundino Esnaola Musika Eskolako haurrei.


1917. urtean jaio zen Ramon Urretxuko Jauregi kalean, Goiko Kalen hain zuzen ere. Umea zela Beasainera joan zen bizitzera bere familiarekin eta han hasi zituen musika ikasketak, baina 1932an berriz ere Zumarragara etorri zen. Flauta, flautina, klarinetea, saxofoia... Musika tresna ugari jotzen ikasi zuen gaztetan eta Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko musika bandetan aritu izan da, baita Tolosako Beotibar orkestrarekin ere.

1955 inguruan, txistua galtzera zihoala komentatu zion Jose Telleria izeneko bandako kide batek. Garai hartan Pascual Ocariz eta Martin Zenekorta Tximista ziren Zumarragako txistulari ofizialak, Jose San Pedro atabalariarekin batera, eta ordurako, nahikoa gizon helduak ziren. Urretxun, berriz, ez zegoen txistulari banda ofizialik. Behin, Zumarragako bandako kideak Pascualen eta Tximistaren zain zeuden euren emanaldia hasteko; azken hauek Udalaren ekitaldi batean txistua jotzera joanak baitziren. Iritsi zirenean, haiei begira jarri omen zen Telleria eta serio serio esan omen zion ondoan zeukan Ramoni: “El txistu se ha jodido Ramon. Cuando estos lo dejen, el txistu se habrá acabado aquí”.

Hitz haiek barru barruraino sartu zitzaizkion Ramoni. Nola galduko zen bada txistua? Geure musika tresna zen, Euskal Herrikoa, tradiziozkoa... Ez al zuen inork Pascualen eta Tximistaren bidea jarraituko? Azkenean, berak ikasiko zuela erabaki zuen. Dagoeneko bazekien hainbat musika tresna jotzen, beraz, ez zitzaion oso zaila egingo.

Eta horrela, Pascuali eta Tximistari eskatu zien erakusteko. Baina ezetz esan zioten biek. Beraz, Donostiako Erviti etxera joatea erabaki zuen. Txistu bat eta liburu bat erosi zituen eta horrela, bere kasa, ikasi zuen txistua jotzen.

Baina horrekin ez zen nahikoa, ez zuen txistuaren iraupena bermatuko berak bakarrik ikasita, eta beste batzuei irakatsiko ziela erabaki zuen. Lehendabizi, etxekoekin hasi zen: bi alabei eta bost ilobari erakutsi zien, Salegi lehengusuei. Eta laster, inguruko beste hainbat neska-mutiko ere hasi ziren Ramonekin ikasten. Etxean bertan ematen zizkien eskolak umeei, lehendabizi solfeoa eta gero txistua. Batzuetan, gainera, gogor xamar ere egiten zien. Izan ere, eskolatik irtenda, jolastera joateko gogo handiagoa izaten zuten, baina Ramonek argi zuen txistua jotzen ikasteak on egingo ziela.

Ramon Esnaola Urretxu plazan txistulariekin.

Garai hartako Ramonen ikasle gehienak Urretxuko Txistularien Taldean ibili ziren. Bere hiru iloba (Inazio, Anton eta Arantxa), Jose Mari Zaldua eta besteren bat taldearen sorreran sartu ziren, 1960an. Gainerako ilobak eta bi alabak (Marianti, Mari Jose, Maria Jesus eta Luisi), berriz, urte batzuk geroago, piska bat koxkortu zirenean hasi ziren. Izan ere, salegitarretako batzuk oso umeak zirela ikasi zuten txistua jotzen. Luisik, Ramonen alabak, lau urte inguru izango zituen hasi zenean eta oso txikia zenez, bi eskurekin heldu behar izaten zuela txistua gogoratzen du, bestela erori egiten zitzaion eta.

Atabala jotzen ere erakutsi zuen Ramonek. Juan Manuel Kerejetak behintzat berarekin, bere etxean, ikasi zuen. 1959-1960 inguruan, mutil koxkorra zen Juan Manuel eta jolasean ibiltzen zen Inazio eta Antonekin, Ramonen ilobekin. Haiek esanda hasi zen Ramonen etxera joaten. Nonbait, orduan sortzekotan zebiltzan taldeak atabalaria beharko zuela pentsatuko zuen Ramonek eta Juan Manuel hasi zen hura ikasten. “Ramon bera bazkaltzen egoten zen sukaldean eta ni pasiloan, aurrera eta atzera, takata takata” gogoratzen du ikasleak. Pieza bakoitzaren erritmoa abesten zion Ramonek eta hala ikasi zituen biribilketa, zortzikoa, fandangoa eta arin arina.

80ko hamarkadan berriz ere ekin zion irakasle lanari Ramonek. Secundino Esnaola Musika Eskolaren aitzindaria zen musika tailerrean solfeo eta txistu eskolak ematen zituen. Ondoren, musika eskolaren sorreran parte hartu zuen eta han ere bera aritu zen txistu irakasle zereginetan. Ordurako jubilatuta zegoen eta denbora libre gehixeago zeukan, nahiz eta Zumarragako eta Legazpiko musika bandetan jotzen aritzen zen. Honela, gaur egun Urretxuko taldean dabiltzan txistularietako batzuren irakasle ere izan zen.

Guztira, Ramonek eta Santik egindako lanari esker, 200dik gora lagunek ikasi dute Urretxun eta Zumarragan txistua jotzen. Beraz, 50eko hamarkadan jarri zuen helburua, hau da, txistua urteetan zehar iraunaraztea, soberan bete duela esan dezakegu.

Irakasteaz gainera, han eta hemen ere jo izan zuen Ramonek deitu izan ziotenean. Behin Pascual Okariz gaixo jarri zela eta, Santa Isabel egun batean Antioko Ezpatadantza jotzera joan behar izan zuen. Garai hartan ez zegoen partiturarik eta ez zekizkien pieza guztiak buruz, beraz, Txato Odriozolak melodiak abestu zizkion Ramonek apuntatu eta ikasi zitzan. Ez omen zen hain gaizki atera; “dantzariek behintzat berdin berdin egin zuten dantza” dio berak.

Beste behin, Zumarragako Merzedariatarren komentutik dei egin zioten. Arantxa Salegi ilobak oraindik gogoan du osabak eurak ere eraman zituela jotzera. Urretxuko taldean hasi aurretik izan omen zen hura, ikasten ari ziren garaian. Moja garrantzitsuren bat omen zetorren bisitan komentura eta hari harrera egitera joan ziren. Egun hartarako “Elizondo” biribilketa ikasi zuten. Lehenengo aldiz jo ondoren, moja bat begira begira gelditu omen zitzaien eta esan zion Ramoni: “toquen otra vez, pero usted no, que toquen ellos, sólo ellos”. Hala bada, berriz ere jo zuten, oraingoan haurrek bakarrik eta nahikoa konforme gelditu omen zen moja hura, “aaaa, pues sí que tocan, sí” esanez.

Lehenago ere esan dugu hainbat musika tresna jotzen ikasi zuela Ramon Esnaolak, musika bandetan ibili zen jotzen eta zuzendari lanetan, orkestra batean ere bai... Jubilatu zenean pianoa jotzen ere ikasi zuen bandetan zuzendu behar zituen obrak hobeto ikasi ahal izateko. Musikari dagokionez, ia denetik egin du Ramon Esnaolak, baita konposatu ere. Guztira, 30 pieza inguru sortu ditu. Bi musika bandek jotzekoak dira eta gainerako guztiak txistu taldeentzako biribilketak, zortzikoak eta abar. Horietako askori, gainera, Urretxuko paraje, kale edo baserrien izenak jarri izan dizkio. Lehenengoa “Goiko Kale” biribilketa izan zen eta bertan jaio zelako jarri zion izen hori. Eta gero etorri ziren, “Ipiñarrieta”, “Santa Cruz”, “Lizarriturri”, “Agerre”, “Mendizabal” eta beste hainbat. Ramonen piezekin diskoa grabatu zuen 2010. urtean Urretxuko Txistulari Taldeak. 50. urteurrena ospatzeko eta Ramon omentzeko egindako ekimena izan da.

Lan honengatik guztiagatik omenaldi pila bat jaso ditu Ramon Esnaolak azken urteetan. Urretxuko Txistularien Taldeak 1993ko irailean, Santa Anastasietako kontzertuan, omendu zuen. Hemen duzue gau hartan abestu zioten bertsoa eta oroigarri gisa Ramonek berak jaso zuena.

Zu musikaren alor askotan
sarritan zara murgiltzen,
klarineteari ongi dakizu
soinu gozoa ateratzen,
musika banda batutarekin
dotore duzu zuzentzen,
txistua ere zure ezpainetan
ederki ohi da entzuten,
zortziko eta biribilketa
ederrak dituzu asmatzen.

2 de enero de 2013

Jose Mari Lasa plazari izena jarri diote, haren heriotzaren urteurrenean

Jose Mari Lasa plaza. Irudia: Luis Angel Tellez.
Urtebete pasa da. 2012. urtea egon daitekeen modurik okerrenean hasi genuen, urtarrilaren 2an ezustean utzi baikintuen Jose Mari Lasak. Duela urtebete, gertatu zena sinistu ezinda genunden. Gaur, berriz, bere izena jarri diogu haren etxea dagoen plazatxoari.

Ekitaldi xumea eta motza izan da. Txistulariak kalejiran iritsi gara plazatxoraino Jose Mariri hainbeste gustatzen zitzaion "Edurne Maitia" biribilketa jotzen. Eta segidan, Ramon Esnaolak berari eskainita idatzi zuen "Intxenea" zortzikoa jo dugu.


Ana eta Ander Oihanerekin. Irudia: Luis Angel Tellez.
Ondoren, Amaia Iturrioz eta Maialen Akizu txistulari eta bertsolariek lau bertso eskaini dizkiote. Segidan Oihane Zabaletak, herriko alkateak, hartu du hitza Jose Mariren jarduna gogoratzeko eta hark hasitako bidean jarraitzeak duen garrantzia azpimarratzeko. Izan ere, Oihanek esan zuen bezala, kultura modu ezberdinean ulertzen dugu gaur egun Jose Mariri esker; "kultura ez litzateke hain herrikoia izango Jose Maririk gabe".

Jose Mariren izena daukan plakatxoa bistan utzi ondoren, Iratzarri taldeko dultzainariek jotako pieza batekin amaitu da ekitaldia.

Jose Mari Lasa plazari izena jartzea. Irudia: Luis Angel Tellez.
Oihane Zabaletak esan duen bezala, Labeaga kaleko 12 eta 14 ateetako bizilagunek eskatu zuten herrian "Gozo Tokiko plaza" izenez ezagutzen zenari Jose Mariren izena jartzea. Han bizi izan zen, 12. atarian, eta, sarritan bizilagunak ados jartzea zaila izaten bada ere, honetan denak ados izan dira. Izan ere, ezagutzen zuten herritare gehienek zioten errepestu handia eta denek aitortzen diote herriari emandako aberastasuna.



Bailarako hedabide ugarik egin dute ekitaldi honen jarraipena. Urretxuko Udalaren webguneak ere jaso du berria eta horrelakoetan ohikoa denez, Gotzon Aranburuk ekitaldiaren bideoa eskegi du Youtuben. Jarraian duzue ikusgai: