27 de noviembre de 2014

Urretxuko txistulariak, Zaldibarko Trikitixa lehiaketan

Igande honetan, azaroaren 30ean, jokatuko da Zaldibarren Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketa eta Urretxuko txistulariok izango dugu bertan gure ordezkaritza ere. Bai bai bai! Trikitilarien txapelketa izanagatik, txistulari bat gutxienez ikusiko dugu oholtza gainean: Andoni Oruesagasti. Baina oraingoan trikitixa jotzen, noski!


Andoni sagardotegi batean trikitia jotzen, arreba Jone panderoan
lagun duela
 
Erdi egitan, erdi brometan, askotan esan izan dugu Urretxuko txistulariok, festa kontuetan, denetarako balio dugula. Baditugu taldean kantari bikainak, dantzariak, dultzaineroak, gitarristak, txalaparta jotzaileak, bertsolariak... eta noski, baita trikitilari eta panderojoleak ere. Geuk bakarrik disziplina ugaritako erromeria egin dezakegu ti ta batean!! ;-)

Andoni Oruesagasti, gaztetxoa izanagatik, trikitilari bikaina dugu eta, igandean, Uxue Kerejetarekin batera igoko da Zaldibarko oholtza gainera, beste zazpi bikoterekin lehiatzera. Aramaioko kanporaketan lortu zuten Zaldibarrerako txartela, 123,10 puntu eskuratuta.

Azken bi aste hauetan buru-belarri ibili dira Uxue eta biak igandean jo behar dituzten lau piezak prestatzen:  'Bizkaiko Trikitixa', 'Porrusalda', 'Garasolo fandangoa' (Jose Mari Iriondok egina) eta 'Arin Arina'. Eta seguru bikain arituko direla igandean ere! Zita Olazar pilotalekuan izango da 17:30ean.

Animo bikote!! Ue ue ue, Kereje eta Orue!!

25 de noviembre de 2014

Santa Zezilia eguneko argazkiak

Zumarragako eta Urretxuko txistulari taldeek elkarrekin egin genuen kalejira joan zen larunbatean, Santa Zezilia egunean. Bi herriotako kaleetan gora eta behera ibili ginen eta gure ondoan izan genituen une oro Goiargi abesbatzako kideak ere. Elkarri txanda pasatzen ibili ginen; guk amaitutakoan haiek hasten ziren katuan eta, horrela, musikaz bete genituen bi herriak larunbat iluntzean.
 
Segidan dituzue kalejiran ateratako argazki batzuk:
 

 


 


11 de noviembre de 2014

San Martin eguna ospatu dugu

Azaroak 11, San Martin eguna. 
Urretxuko zaindarietako bat da San Martin. Urtero bezala, Gernikako Arbola plazan txozna montatu eta txerri bat zozketatu dute. Eta urtero bezala, Urretxuko txistulari taldekook Iparragirre Balerdi musika tailerrarekin batera kalejira egin dugu herritarrei egun berezia izan dela gogorarazteko.
Ordu eta laurdeneko kalejira egin dugu eta ohiko ibilbidea zertxobait aldatu dugu. Izan ere, San Martin egunean, izen bereko auzora bisita egin dugu. Urretxuko erdigunetik gertu dago San Martin auzoa, baina gaurko egunez bakarrik ibiltzen gara kalejiran bertako kaleetatik. Kalejira nola ez, txoznan bukatu dugu eta ohiturak jarraituz odolki pintxoa dastatzeko aukera ez dugu pasatzen utzi!

1 de noviembre de 2014

Beasaingo XXXII Txistu Kontzertua

Pasa den asteburuan, Beasainera hurbildu ginen beste urte batez, bertako txistulari taldeak prestatutako txistularien alardean parte hartzera. Ordubete pasako ikuskizun ederra osatu genuen eta bertan, Goierriko txistulari desberdinekin batera dantzariak, abeslari bakarlariak, kantu-jira taldeko abeslariak, metal boskotea, Bitartean taldea eta herriko erraldoien konpartsak parte hartu zuten. Azken hauek izan ziren aurtengo kontzertuko berritasuna, izan ere Beasaingo erraldoien konpartsak bi partaide berri ditu eta alardean ederki dantzatu zuten beraiei eskainitako baltsa eta Kote Polka izeneko pieza.

Aipamen berezia merezi dute Hernaniko Bitartean taldeak eskainitako La Corralera pieza eta hauekin batera Jon Ansorenak eskainitako Tico-tico pieza. Ahozabalik utzi gintuen bertaratutako guztiok, txistuarekin duen trebetasuna erakutsi baitzuen pieza ezagun horrekin.

Hona hemen kontzertuko programa:
  1. Beasaingo Martxa (Ramon Aranburu Irizar)
  2. Segurako alborada (Herrikoia)
  3. Behin batean Loioaln (Herrikoia)
  4. Iturengo Arotza (Herrikoia)
  5. Atiarno Kalejira (Herrikoia)
  6. Atiarno Fandangoa (Herrikoia)
  7. Atiarno Arin-arina (Herrikoia)
  8. Guda (Tomás San Miguel)
  9. La Correlera (Mold: Bitartean taldea)
  10. Tico-tico (Zequinha d'Abreu)
  11. Beasaingo Erraldoien Konpartsa (Pello Irizar Aranburu)
  12. Kote Polka (Pello Irizar Aranburu)
  13. Sarri Sarri (Kortatu)
  14. Kolorez kolore (Mixel Ducau)
  15. Txoriak txori (Mikel Laboa)
Kontzertuari amaiera eman ondoren, partehartzaile guztiok elkarrekin ederki afaldu genuen Beasaingo jatetxe ezagun batean