17 de enero de 2016

Danborrero txikiak San Sebastianetako kalejiran

San Sebastian eguna hurrengo asteazkenean izango dugu eta aspaldiko ohitura da egun horren bueltako igandeetako batean, txistularion kalejiran, danbor soinuak Urretxuko kaleetan entzutea. Aurten berriz ekin diogu ohitura horri, baina oraingoan 16 danborrero txiki izan ditugu lagun.

Jon, Maria, Bidatz, Erlantz, Itsaso, Ibai, Ekhi, Mattin, Irati, Maialen, Sara, Peru, Ane, Maddi, Joanes eta Eneritz txistulariokin batera danborra jotzera animatu zaizkigu; denak txistularion seme-alaba, iloba, biloba edo gertukoak. Gradu bakar bat markatzen zuten herriko hainbat termometrok eta, eskimalak bezala jantzita, goizeko 9etarako prest zeuden guztiak danborrak hartuta.



Astean zehar, Diana, Donostiako Martxa, Idiarena eta Tatiago ondo entseatu dituzte kalejiran irteteko ilusioarekin eta, gaur, ordu betetik gorako jarduna egin dute "handiekin batera", Unai Izagirre danbor nagusiak ematen zizkien aginduei jarraituz. Haiekin batera Lizarriturri taldeko dozena bat txistulari eta danborrero bildu gara, guztira talde polita osatuz.

Lizarriturri taldekoon kalejira berezi honek laster izan du oihartzuna sare sozialetan ere. Argazkiak eta bideoak berehala hasi dira mugitzen Whatsapp-eko taldeetan eta Facebooken. Edozein igandetan baino herritar gehiago irten dira gaur leiho eta balkoietara, eta kalean ere bat baino gehiago aritu dira argazkiak ateratzen eta bideoak grabatzen. Horietako batzuk dira hemen ikusi ditzakezuenak.



Urtero bezala, goizeko lanak amaitu ondoren etorri da onena: txokolatea eta txurroak Etxe-Azpi elkartean. Gaur goizean egiten zuen hotzarekin, primerako saria izan da hori parte hartu dugun txiki zein handientzat. Hurrengo urtean berriz!!