NOR GARA

Urretxuko Txistulari Taldea 1960an sortu zen ofizialki. Aurretik ordea, hainbat gaztetxo txistua ikasten eta entseguak egiten hasi ziren herrian Santi Gutierrezen zuzendaritzapean. Hasierako urte haietan Joxe Perez ere aritu zen Santirekin batera taldearen zuzendaritza lanetan. Hala ere jende aurreko lehenengo emanaldia 1960 irailean, Urretxuko Euskal Jai egunean, egin zuten eta, beraz, egun hori hartzen da taldearen sorrera gisa.

Egun taldea 12-60 urte bitarteko 20 bat lagunek osatzen badute ere, taldetik pasatako kideak berrehundik gora zenba daitezke. Hauetako askok 2008az geroztik, bere afizioa berreskuratu eta txistulari beteranoen taldea sortu dute.


Musika talde gehienen antzera, herriko festak eta jai egunak alaitzea izan da Urretxuko Txistulari Taldearen helburua beti. Hori dela eta, hasieratik hainbat zeregin izan dituzte urtero txistulariek, aipagarrienak igande eta jai-egunetako kalejirak direlarik. Goizeko 9etan hasita, Urretxuko kaleetan zehar kalejira egiten dute urteko igande eta jai egun guztietan. Tradizioz, Garizuman eta abuztuan soilik hartzen dute atseden. Horrez gainera, urtean zehar herriko agintariek edo bestelako elkarteek deituta, beste hainbat ekitalditan parte hartu izan dute beti Urretxuko Txistulariak.