23 de noviembre de 2015

Musikarien eguna ospatuz

 
Asteburua hotza eta euritsua izan da Urretxun eta Zumarragan baina ez diogu, horregatik, Santa Zezilia ospatzeari utzi. Larunbatean, azaroaren 21ean, eta igandean, Santa Zezilia egunean, bietan ospatu genuen musikarien patroiaren eguna.
 
Larunbat arratsaldean, Zumarragako Antxinako Ama txistulari taldeko kideekin batera kalejira egin genuen bi herrietako hainbat kaleetan zehar. Gurekin batera etorri ziren Goiargi abesbatzako kideak ere, euren kantuak kalez kale zabalduz.
 
Hemengo bideo hau da kalejira horren adibide. Urretxuko Jose Mari Lasa plazan amaitu genuen arratsaldeko jarduna, Jose Mari Lasa izeneko pieza jotzen.
 

Eta igandean, aje edo bixamonei aurre eginez, kalejira egin genuen berriz ere 12:00etan hasita.

4 de agosto de 2015

Urretxuko Txistulari Alardea

Urtero bezala, udararen hasierarekin batera, Urretxuko Santa Ana festak antolatzen hasten gara herrian eta horien barnean, guretzat urteroko derrigorrezko hitzordua, gure Txistulari Alardea alegia.

Aurtengo kontzertua Irailaren 19an, larunbata izango da. Gaueko 23:00etan Iparragirre plazan (eguraldi txarra eginez gero, Aldiri Kiroldegira mugituko ginateke). Gorobel metal boskotea, Goiargi Abesbatza, Lurra eta Irrintzi Dantza taldeak eta herriko beste hainbat musikari izango ditugu gurekin batera taula gainean.

Hauxe da aurtengo kontzerturako prestatu dugun programa:
  • Sarrera (Gu ta Gutarrak/Mold. Xabier Barriola)
  • Txantxiku (Demetrio Iriarte/Mold. Xabin Bikandi)
  • Han urrun etxe poxpola (Emile Jaques Dalcroze/Mold. J.I. Ansorena)
  • Euskaldunak gara! (Pepe Yanci/Mold. Xabier Zabala)
  • Atabala ta txistua (Jose Luis Ansorena)
  • Fandangoa (Edurne Iturbe/Mold. Xabier Barriola)
  • Arin arina (Edurne Iturbe/Mold. Xabier Barriola)
  • Suletinoa (Herrikoia/Mold. Jesus Castillejo)
  • Urbasa (Roberto Lopez)
  • Elciego (Herrikoia/Mold. Kepa de Miguel)
  • Mozkorri (Oskorri/Mold. Mikel Peñagarikano)
  • Mexikon lo ez (Egan/Mold. Xanet Arozena)
  • Behin batian Loiolan (John Denver/Mold. Egan - Aitor Arozena)
  • Gernikako Arbola (J. M. Iparragirre)
Jarraian aurkitzen den estekan kontzertuan joko ditugun partiturak eskuratu ditzakezu. Bertan parte hartu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan urretxukotxistulariak@gmail.com email helbidearen bitartez. 

27 de enero de 2015

Txistulari Alardea Idiazabalen

Larunbatean, urtarrilaren 24an, Txistulari Alardea ospatu zen Idiazabalen. Urtero antolatzen dute bertako txistulari taldeak San Blas festen atarian kontzertua eta gustora hurbiltzen gara Urretxuko txistulariok bertara. 

Azken urteotan bezala, kontzertua hasi aurretik Idiazabalgo txistulari ohiak kalejira txiki bat egin eta kanturako abesti batzuk jo zituzten kiroldegia girotu asmoz. Beraien saioa amaitutakoan, kontzertuari hasiera eman zitzaion. Beste behin, Iñaki Telleria aritu zen zuzendari lanetan eta bederatzi piezez osatutako kontzertua entzuteko aukera izan zen. Abesti ezagunak osatu zuten kontzertua: Hirugarren Kalez Kale, Ixil-ixilik, Zin Hitz (Juramento), Erribera, Udazken Koloretan, Amaia Operaren Ezpatadantza, Txatxamatxalinatxu, Besamotza. Ohiturak jarraituz, Pablo Sorozabalen Gernika eta Naxario Telleriak idatzitako Idiazabaldarren Danborrada doinuak ere ezin falta programan eta Naxario berak zuzendu zituen bi doinu hauek.

Abesti ezagunak izan arren, moldaketa berriak izan ziren entzungai eta ikusgai larunbateko kontzertuan. Aipagarriena agian, Amaia Operaren Ezpatadantzakoa. Izan ere, txistulari, metal boskote, dantzari eta txalapartariez gain, Lurdes eta Jasone trontzan aritu ziren. Bi neska hauek sasoi ederrean daudela erakutsi ziguten bertan geunden guztioi, izan ere, ezpatadantzako erritmoan aritu ziren trontzan. Ikusgarria eta soinu efektu ederra ezpadantzari jarritakoa. Bejondeizuela neskak!  

Jarraian Idiazabaldik helarazi dizkiguten hainbat argazki. Bertan ikusgai kontzertuko zenbait une.

Zelaa kiroldegia jendez gainezka Txistu Alardea entzuten

Xabier Barriola eta Inma Albisuak Benito Lertxundiren Erribera eta Udazken koloreak kantuak  abestu zituzten

Amaia Operako Ezpatadantzaren une bat

Naxario Telleria Gernika pieza zuzentzen

Idiazabalera gerturatu ginen Urretxuko txistulariak

21 de enero de 2015

Eskerrik asko, Andoni eta Uxue, txistulariokin gogoratzeagatik!

Azaroan kontatu genizuen Urretxuko txistulariak Zaldibarko trikitixa lehiaketan ere izango zirela. Andoni Oruesagasti txistulari, dantzari eta dultzaineroa izateaz gainera, trikitilaria ere bada; eta Uxue Kerejetarekin batera hartu zuen parte Bizkaiko herrian antolatzen duten lehiaketan.

6. postuan gelditu ziren eta oso gustora zeuden biak; batik bat, ondo pasa zutelako, lasai jo zutelako eta lagun berriak egiteko aukera izan zutelako.

Aste honetan, Andoni eta Uxueren aktuazioko hainbat bideo eskegi dituzte Youtuben Txoko Musikala blogeko arduradunek. Guk Porrusalda aukeratu dugu hemen erakusteko. Letretan familiakoei eta Edurne Iturbe irakasleari eskerrak emateko aprobetxatu zuen bikoteak, eta gurekin eta Irrintzi dantza taldeko lagunekin ere gogoratu ziren! Eskerrik asko bikote!!




18 de enero de 2015

Danborrada doinuak Urretxun

Ohitura dugun moduan, San Sebastian egunaren aurreko igandean kalejira berezia burutu ohi dugu Urretxuko Txistulariok. Gaurkoan, urretxuarrak danbor hots sakonaz esnatu ditugu. Biltokian gordetzen ditugun danbor zaharrei hautsa kendu eta astindu ederra eman diegu Sarriegiren doinu ezagunak joaz. Tatiago, Idiarena edota Donostiako Martxaren doinuak entzuteko aukera egon da gaur goizean Urretxuko kaleetan.


Haur, gazte eta beteranoak elkarrekin ibili gara goizeko tenperatura hotzei aurre eginez, eta kalejiraren amaieran, urtero bezala gosari ederraz gozatu dugu Etxe Azpi elkartean.

Kalejiraren etenaldi bat Ipiñarrieta kalean

Urretxuko Txistulariak Danborradaren amaieran Iparragirre plazan