22 de septiembre de 2014

Ramon Esnaola, Imanol, Herri Opera eta Gure Esku Dago gogoratu ditugu aurtengo kontzertuan

Arratsaldeko euri zaparradak zalantza asko piztu bazizkigun ere, eguraldia portatu zen azkenean eta espero bezala burutu ahal izan genuen Santa Anastasia jaien barruko txistularien alardea.

Aurtengo emanaldian Ramon Esnaola gogoratu nahi izan dugu, bera gabeko lehen kontzertua izan baitzen larunbatekoa. Bere hiru pieza jo genituen eta, esker ona adierazteko, oroigarri bat eman genion haren familiari.

Baina ez Ramon bakarrik: Imanol kantariaren heriotzaren 10. urteurrena oroitu genuen "Ilun Ikarak" abestia kontzertuan sartuz. Eta baita gure bi herriotan hainbat eta hainbat jende mugiarazi duten bi ekitaldi: ekainaren 21eko Herri Opera eta, Gure esku dago ekimenak bultzatuta, ekainaren 8an egin zen erabakitzeko eskubidearen aldeko giza-katea.

Azken hau gogoratzeko, Kirmen Uriberen hitzekin Eñaut Elorrietak eta Kepa Junkerak idatzitako "Gure esku dago" abestia ere egitarauan sartu genuen. Beheko bideoan ikusi dezakezun bezala, Goiargi abesbatzako bakarlariak eta Secundino Esnaola musika eskolako haurrak izan genituen lagun abesti honetan.


 

19 de septiembre de 2014

Ipini dugu pina!

Kultur etxeko langileek "Ipini pina" kanpainaren barruko erronka bota ziguten eta baita guk onartu ere! Agindutakoa betez, hementxe daukazue gure bideoa. Eta presta zaitezte ondorengoak, ze bati baino gehiagori bota diegu guk erronka:


 
 
Ala ba! Goiargi, musika eskola, Lurra eta Irrintzi dantza taldeak, Zuhaitzaren Soinua Kolektibokoak eta Zumarragako Antxinako Ama Txistulari taldea... orain zuena da erronka! Ipini pina!

18 de septiembre de 2014

Onartu dugu erronka!

Aurtengo Santa Anastasia jaietara begira, erronka bat dabil bolo bolo herritarren artean: Ipini pina!

Jaietan euskaraz aritzea helburu duen erronka da, eta talde, koadrila zein norbanakoak elkarri "pina ipintzeko" gonbidapena egiten ari dira.

Egin beharrekoa honako hau da: Urretxuko kultur etxean pina lortu, bideo bat grabatu norbaiti euskaraz aritzeko eta pina jartzeko erronka boteaz, eta bideo hori sare sozialen bidez zabaldu.

Urretxuko txistularioi kultur etxeko lantaldeak bota digu erronka:




Ba onartu dugu erronka! Hoixe baietz!

Eta orain gure bideoa prestatzera goaz. Erronka nori bota pentsatzen hasita gaude. Laster izango duzue gure berri!

Bitartean, zuek ere ekimen honetan parte hartu nahi baduzue, hemen daukazue beste bideo baten adibidea; Juanlu Aranburuk eta Ritxi Babarrok, Oihane Zabaleta alkateari eta Aitor Otegi zinegotziari botatakoa:



 
 
Facebookeko Urretxu Zumarraga Euskaraz komunitatean askoz bideo gehiago aurkituko dituzue.
 
Ipini pina!!

17 de septiembre de 2014

Ramon Esnaola gogoratuko dugu larunbateko kontzetuan

2013ko urriaren 8an hil zen Ramon Esnaola, txistularion maisu eta konpositorea izandakoa. Hori dela eta, aurtengo txistularion kontzertuan gogoan izan nahi dugu eta emanaldiko zatitxo bat berari eskaini nahi diogu.

Ramon lagun handia eta maisua izan zen Urretxuko txistulariontzat: berak erakutsi zigun gutako askori txistua jotzen. Batzuei 1960. urtearen inguruan, Urretxuko Txistu Taldea sortzera zihoanean eta beste batzuei, 20 urte beranduago, Secundino Musika Eskolako irakasle izan zenean.

Horrez gainera, konpositorea ere izan zen. Biribilketa, zortziko, arin arin eta fandango ugari sortu zituen txistuarekin joko zirela pentsatuz eta Urretxuko leku eta baserrien izena jarri zien. Musika bandarekin jotzeko pare bat pieza ere idatzi zituen. Lan horiekin guztiekin, diskoa atera genuen 2010. urtean (taldearen 50. urteurrenean) Ramon Esnaolaren musikak izenpean.

Horregatik guztiagatik, larunbatean, irailaren 20an egingo dugun txistularien kontzertuan, gogoan izango dugu eta berak konposatutako hiru pieza joko ditugu: "Beidakar" fandangoa, "Iturbe" arin arina eta "Lizarriturri" biribilketa.

Ramonen familia ere gure artean izango dugu gau horretan, bera urtero urtero egoten zen bezala.


11 de septiembre de 2014

Irailaren 20an, txistularien kontzertua, Urretxun

Urtero, Santa Anastasia jaien barruan egiten dugun txistularien kontzertua irailaren 20an izango da aurten. Ohi dugun bezala, Iparragirre plazan izango da zita 23:00etan, baina euria egingo balu, Aldiri kiroldegian ikusiko dugu elkar.

Aurten, 15 piezaz osatutako saioa prestatu dugu. Urtero legez, herriko kantari, dantza talde eta musikarien partehartzea bilatu dugu; gurekin izango ditugu, besteak beste, Edurne Iturbe trikitilaria eta Roberto Perez de Goikoetxea soinujolea. Horrez gainera, joan zen urriaren 8an hil zitzaigun Ramon Esnaola ekarriko dugu gogora, eta aurten gure herrian jende asko bildu dituzten hainbat ekitaldi aipatuko ditugu. Amaitzeko, noski, dantzak eta abeslariak ere ez dira faltako. Aurten gainera, aspaldian gure kontzertuetan ikusi gabeko zerbait ikusi eta entzun ahal izango da, tango bat.

Hemen daukazue gau hortako emanaldiaren egitaraua:

- Oskorriren potpourria (Mold: Xabier Zabala)
- Antzinako minuetoa (Luis Aranburu)
- Maitia nun zira (Herrikoia)
- Beidakar (Ramon Esnaola)
- Iturbe (Ramon Esnaola)
- Lizarriturri (Ramon Esnaola)
- Argentinar amets bat (Roberto Lopez de Goikoetxea)
- Androkanto (Mold: Xabier Barriola)
- Ilun-ikarak (I. Larzabal / Mold: M. Arratibel)
- Otsagabia (Mold: Kepa de Miguel)
- La Pilindros (S. Erkizia / Mold: K. Sanchez)
- Gure esku dago (Mold: Xabier Barriola)
- Baina bihotzak dio... (E. Iturbe / Mold: G. Hermosa)
- Biribilketen potpourria (Mold: Xabier Zabala)
- Gernikako Arbola (J.M. Iparragirre)

Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako txistulariak izango ditugu lagun gau horretan oholtza gainean. Noski txistulari guztiei luzatu nahi diegu bertan parte hartzeko gonbitea. Etorri nahi izanez gero, gure e-posta helbidera idatzi dezakezue.

Egun horretan bertan Iparragirre plazan entsegu orokorra eta soinu probak egingo ditugu 16:30ean hasita eta ondoren, kontzertu aurretik, parte hartzaile guztiok elkarrekin afalduko dugu. Aurretik piezei bueltatxo bat eman nahi izanez gero, hementxe dituzue partiturak.


10 de septiembre de 2014

Urretxu-Zumarragako herri opera, larunbat honetan, ETB1en

Larunbat honetan, irailaren 13an, ikusi ahal izango dugu Euskal Telebistan, ekainean egin genuen Urretxu Zumarragako Herri Opera. 21:55ean izango da ETB1en, eitb.eus atariko programazioan agertzen denez.



Ekainaren 21ean egin zen Urretxuko frontoian azken urte hauetan egin den kultur ekitaldirik jendetsuena, partehartzeari dagokionez. Herriko talde eta artista gehienok hartu genuen parte bertan eta, bi emanaldi izan baziren ere, ezin izan zuten nahi zuten guztiek ikusi.

Ikusi ez zuten horiek denak, larunbat honetan izango dute aukera ETB1en.