30 de diciembre de 2012

Jose Mari Lasa izeneko plaza izango dugu Urretxun

Gezurra badirudi ere, urtebete da jada Jose Mari Lasak utzi gintuenetik. Urtarrilaren 2an beteko da urteurren hori. Egun horretan, Jose Mari omentzeko ekitaldia egingo dute bera bizi zen plazan, herritarrok 'Gozo Toki' plaza deitzen dugun horretan.

Bizilagunek eskatuta, plaza horrek Jose Mari Lasa izena hartzea erabaki du udalak. Eta bere heriotzaren urteurrena aukeratu da ekitaldi hori egiteko.

Beraz, urtarrilaren 2an, iluntzeko 8etan, kiroldegi ondoko plazatxo horretan elkartuko dira udalbatza, herriko txistulariak, dultzainariak, familia eta nahi duen herritar oro Jose Mari oroitzeko, omentzeko eta plaza horri bere izena jartzeko.

28 de diciembre de 2012

Une hunkigarriak, Zumarragako txistu kontzertuan

Antxinako Ama Txistulari taldeak antolatuta, txistulari kontzertua egin zen joan zen abenduaren 22an Zumarragako Beloki pilotalekuan. Eta urtero bezala, han izan ginen Urretxuko hainbat txistulari ere.

Oso kontzertu polita eta hunkigarria antolatu zuten Zumarragako lagunek. 1512. urtean Gaztela eta Aragoiko erreinuek Nafarroa konkistatu zutela gogorarazi ziguten lehendabizi.

Eta ondoren, Jose Mari Lasa omentzeko bi pieza entzun ziren. Hasteko, Imanol Larzabalen 'Ilun ikarak' abestiaren doinuan, Aitor Zabaleta zumarragarrak eta Maddi Martin urretxuarrak kantatu zituzten hainbat bertso. Jarraian, kontzertu osoan zuzendari lanak egin zituen Mariaje Arratibelek txistua hartu zuen eta, Arantzazu Mujika biolin-jotzailearekin batera, gutako askoren bihotzera iritsi zen Ismael Yagüeren 'Agurra' piezarekin. Irrintzi dantza taldekoek jarri zioten koreografia pieza hunkigarri honi, Gotzon Aranburuk Otamotzen argitaratutako bideo honetan ikusi daitekeenez.



Hala ere, kontzertu honetako pertsona aipagarrienetakoa Aitor Garitano 12 urteko Bergarako abeslari gaztea izan zen. Publiko osoa harritu zuen bere ahotsak 'Xalbadorren heriotzean', 'Bizkaia Maite', 'Eperra' eta 'Bihotzean min dut' abesterakoan eta txalo handienak berak jaso zituen.

Horrez gainera, ikusgarria izan zen Tomás San Miguelen 'San Joan Gaua' pieza ere. Txistularientzako kontzertuko erronka nagusiena izan zen, Mariaje Arratibelek esan zuen bezala. Eta Xabier Zabalaren eskusoinuak, Mikel Urretagoienaren bateriak, Gorobel taldearen metalek, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboko txalapartak eta Lurra dantza taldearen koreografiak, horrek guztiak batera, ikuskizun aparta sortu zuten. Gotzon Aranburuk zati hori ere bideoan jaso zuten.


Xabier Barriolak zuzendu eta musika eskolako haurrek abestu zuen Mikel Urdangarinen 'Badira hiru aste' abestia, 'Antzinako dantzak' fandango eta arin-arina, eta Goi Argi abesbatzak kantatu zituen 'La Paloma' eta 'Maite' abestiek osatu zuten 2012ko txistu kontzertua Zumarragan.