16 de septiembre de 2010

Txistularien Kontzertua

Urtero bezela, Urretxuko Santa Anastasia festen baitan, larunbata honetan Txistu Kontzertua izango da. Aurten, taldearen 50. urteurrena izango da kontzertuaren ardatz nagusia. Baina, ohitura den bezala, Urretxuko Txistulariekin batera, partehartzaile zerrenda luzea izango da kontzertuan:
  • Inguruko herrietako txistulariak
  • Sekundino Esnaola Musika Eskola haur kantariak
  • Goiargi Abesbatza
  • Juan Luis Aranburu soinujolea
  • Patxi Urrestarazu gitarrajolea
  • Amaia Aranaga bibolinjolea
  • Iratzarri dultzainero taldea
  • Azpeitiko metal boskotea
  • Lurra eta Irrintzi dantza taldeak
  • Xabier Barriola eta Inma Albisua abeslariak
  • Santos Ormaetxea abeslaria
  • Gorka Ojanguren abeslaria
  • Miguel Lasa abeslaria
Partehartzaile guzti hauekin batera eskeiniko diren piezak hauek dira:

1. LA PALOMA

Sebastian Iradier - Mold. Xabier Zabala

2. KAÑOIETAN

Isidro Ansorena

3. AGUR DONIBANE

Luis Mariano - Mold. Ainhize Azpiazu

4. IZARREN HAUTSA

Mikel Laboa - Mold. Ainhize Azpiazu

5. BEIDAKAR

Ramón Esnaola Laskurain

6. ITURBE

Ramon Esnaola Laskurain

7. LE BASQUE

Mold. Jose Ignazio Ansorena

8. OTSAGIKO DANTZAK

Mold. Kepa de Miguel

9. BALDORBA

Benito Lertxundi - Mold. Ainhize Azpiazu

10. LAU TEILATU

Itoiz - Mold. Jose Miguel Laskurain

11. TXATXAMATXALINATXU

M. Urdangarin - Mold. U. Iraizoz

12. URRETXUKO GAZTEAK

Miguel Lasa

13. GERNIKAKO ARBOLA

J. M. Iparragirre


Baina guzti honetaz gain, sorpresak ere egongo dira kontzertuan zehar. Gogoratu, urtero bezala, 23:00tan Urretxuko Iparragirre plazan izango da kontzertua eta eguraldi txarra egin ezkero, Aldiri polikiroldegian izango da hitzordua.

14 de septiembre de 2010

Badator Santa Anastasi!!!

Oraindik urteurreneko ospakizunetatik errekuperatzen gabiltzan honetan, Urretxuko festa nagusiak gainean ditugu jada!!! Urtero bezela, txistulariok ere partehartzaile zuzenak izango gara. Aurtengoan gainera, festen hasiera iragartzen duen pregoia ematea ere egokitu zaigu gure 50. urteurrena dela eta!!!

Horrela bada, ostiralean arratsaldeko 19:30etan Urretxuko Txistulari Taldeak, Iparragirre Balerdi Musika Tailerrarekin batera kalejira egingo du Urretxuko kaleetan. 20:30etarako guztiok plazan bilduta gaudela, udaletxeko bailkoitik eta txupinazoaren aurretik, pregoia izango da.

Larunbatean, hilak 18, ohitura den bezala Txistu Alardea izango da gaueko 23:00tan Iparragirre plazan. Urretxuko txistulariekin batera, inguruko herrietako txistulariak, Goiargi Abesbatza, Dantzariak eta beste hainbat musikari elkartzen dira oholtza gainean. Aurtengoan, kontzertu hau aprobetxatu nahi dugu Jose Mari Lasa, "Jostenka" Larrañaga eta Juan Manuel Kerejeta taldekideei Urretxuko urrezko domina ezarri ahal izateko. Ekainean Urretxuko Udalak taldeari egin zion harreran ezagutzera eman zen erabakia eta kontzertuan burutuko dugu ezarpena.


Igandean, Euskal Jaia ospatuko da eta goizean goiz hasiko gara lanean. 10:00etan Kalejira egingo dugu Urretxuko kaleetan zehar eta arratsaldean, 17:30etatik aurrera egingo den Karrozen desfilean ere parte hartuko dugu, urtero bezela. Ea kalejira honetan ere, larunbatean bezain beste txistulari elkartzen garen!!!!

Astelehenean, Kuadrilen eguna ospatuko da eta txistulariok programan ekintza ofizialik ez dugun arren, ziur txistu doinuak entzungai izango direla Urretxuko kaleetan. Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitaraua hemen klikatuz aurkituko duzue osorik.

13 de septiembre de 2010

Zumarratarren doinuak Urretxun

Larunbateko ospakizunetatik errekuperatzen hasi gabe geundenean, goizean goiz txistu doinuak berriro ere Urretxuko kaleetan entzungarri zauden igande goizean... Baina taldeko askoren buruetan zebilen galdera "Gaur kalejirarik ez egitekotan gelditu ginen, ala???" Hala zen bai, baina leihora eta balkoietara atera eta Urretxuko kaleetan zebiltzan txistularien aurpegiak ez ziren iganderokoak!!!! Aurpegi hauek igandero-igandero irtetzen dira bai, baina alboko herrian!!!

Txistulari eta lagun ditugun Zumarragako Antxinako Ama txistulari taldekoek opari ederra egin ziguten atzo goizean!!! Ezustean harrapatu gintuzten eta benetan erregalo berezia guretzat!!

ESKERRIK ASKO LAGUNOK!!!!

12 de septiembre de 2010

Urrezko ospakizuna

Atzoko eguna ez du berehalakoan ahaztuko Urretxuko Txistulari Taldeak. 50 urte ez dira egunero betetzen eta horrelako data garrantzitsu baterako neurriko ospakizuna burutu genuen. Eguna, hildakoen aldeko taldekideei eskeinitako meza batekin hasi genuen Urretxuko San Martin de Tours parrokian. Don Pedro Salaberri apaiza izan zen mezaren gidaria. Don Pedro, urte askotan bizi izan zen Urretxun eta taldearen hasierako urteetan ere harreman estua izan zuen (irteera askotan ere parte hartu zuen!!!).

Urretxuko Txistulari Taldearen ezaugarrietako bat aipatu behar bada, kalejirak aipatu behar dira. Horregatik, atzoko egunean ezin zen kalejira bat falta!!! Atzokoa berezia izan zen ordea, 80 lagun elkartu ginen Urretxuko kaleetan txistu doinuak zabaltzeko. 50 urteetan zehar taldetik pasatako 80 lagun elkartu ginen, txistuari hautsa kendu eta biribilketa hotsak eguerdian jotzeko. Famili argazkia atera eta Iparragirre kaletik gora abiatu ginen guztiok. Bide ertzean bildutako urretxuarren txaloak jaso genituen eta hitzez azaltzen zaila den zirrara berezia sentitu genuen batek baino gehiagok.

Kalejiraren ondoren, euskaldunok ohitura dugun bezala, mahai inguruan eseri eta bazkari eder bat gozatzeko aukera izan genuen Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Kalejiran bildutako lagun guztiez gain, taldeko lagun asko ere elkartu ziren bazkarian: Oñati, Legazpi, Idiazabal, Segura eta Zumarragako txistulari eta lagunak, abesbatza, dantzari eta bestelako musikari adiskideak... Guztira 140 lagun inguru elkartu ginen bertan.

Bazkalondoan, opari banaketa hasi zen. Bertaratutako bakoitzak urteurreneko pin eta giltzetarako ilabero bat jasotzeaz gain, aste honetan bertan aurkeztutako ikus-entzunezko eta libururen ale bat jaso zuten. Honekin batera, azken hilabeeotan jasotako argazki guztiak biltzen dituen DVD bat eskuratu zuten. Baina eman bakarrik ez, Urretxuko Txistulariok ere opariak jaso genituen atzokoan. Oñatitik etorritako Gotzon Osinaga txistulariak kuadro elegante bat oparitu zigun Oñatiko txistulari taldearen izenean eta nola ez, mikrofonora gerturatu eta Txikia abestia ere eskaini zigun. Zumarragako txistulari taldekoek ere, egun berezi honetarako koadro eta bertso eder askoa oparitu ziguten!!! Orain, lanak izango ditugu lokaleko paretetan merezi duten tokia topatzeko!!!

Bazkalondoan, ere txistu doinuak entzuteko aukera izan genuen. Kanturako hainbat pieza jo ondoren, beteranoak mikrofonoetara hurbildu eta festetako txistu alardean joko duten pieza eskaini ziguten. Roberto Lopez, Iratzarri dultzainero taldeko sortzaileetako bat eta txistulari taldeko lagun handiak, bere eskusoinua hartu eta dantzarako hainbat pieza eskaini zizkigun.

Bazkalondorena luze joan zen, baina parranda ez zen frontoiean bukatu, ez horixe!!! Kalejira inprobisatu batean, Urretxuko aldapako tabernak bisitatzen hasi ginen, beti ere txistu doinuekin eta kanturako gogoz!! Arkupez arkupe, musika eta kantu ezagunak abesten hasi genuen gaua. Hasi eta indarrak utzi bitartean, horrela jarraitu genuen guztiok. Batzurentzat erretiro ordua nahi baino lehenago iritsi zen, baina beste batzuentzat ordea gaua luzatu egin zen. Gaur goizean etzegoen kalejirarako despertadorea piztu beharrik eta!!!!

Datorren asteburuko festen atariko ederra izan zen atzoko eguna. Lagunarte giro jatorra izan genuen eta gutxienez, beste 50 urte gehiago iraun dezala txistulari taldeak Urretxun!!!

ZORIONAK GUZTIOI!!!!



10 de septiembre de 2010

Aurkezpen guztien ondoren, gaur kontzertua!!!

Halaxe da bai, gaur arratsaldean Garikoitz Mendizabalen txistuak eta Xabier Zabalaren eskusoinuak musikaz jantziko dute gaurkoan Urretxuko Labeaga Aretoa. Aste guztian zehar txistua eta txistulariak gora eta behera aritu gara, baina oraindik ez dugu txistu doinuaz gozatzeko aukerarik izan!! Baina gaur aukera paregabea dugu horretarako!!!

Aski ezaguna da Garikoitz Mendizabal txistu munduan. Euskal Herriko Txistulari elkarteko lehendakaria izan da aurtengo martxorarte, hainbat diska kaleratuak ditu baita ere eta gaur egun Bilboko Udaleko Txistulari Bandako zuzendaria da zestoarra. Xabier Zabala soinujolea izango du gaurko kontzertuan bidelagun. Hitzordua, aipatu bezala, Labeaga Aretoan izango da gaurkoan ere, baina ordu aldaketa dago gaurkoan, 20:30etan izango da kontzertua.

Atzoko liburu aurkezpenari dagokionez, jende ugari bildu zuen ekitaldiak. Aurkezpen ekitaldian Koldo Argandoña, Urretxuko Udaleko artxibozaina, Jose Mari Lasa, taldeko zuzendariak eta liburuaren idazlea izan den Agurtzane Aramendik hartu zuten hitza eta aretoan bildutakoen aurrean liburuaren nondik norakoak azaldu zizkiguten. Datozen asteetan, blog honetan bertan izango duzue liburu honen informazio zehatzagoa.


9 de septiembre de 2010

Liburuaren aurkezpena

Ostegun honetan, taldekide eta lagun den Agurtzane Aramendik idatzitako Urretxuko Txistulari Taldea. Agrupación de Txistularis de Urretxu 1960-2010 liburuaren aurkezpena izango da gaurko ekintza. Ekitaldia Urretxuko Udaletxeko Batzar areto nagusian egiteko aurreikusita bazegoen ere, bertako obrak medio, tokiz aldatu beharra izan da eta Aizpuruenea Kultur Etxean izango da arratsaldeko 20:00tan.

Agurtzane Aramendi EHUn Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu zen eta gaur egun eitb.com interneteko atarian aritzen da lanean. Urretxuko txistulari taldeko partaide izan da urte luzez eta taldearen ekintza askotan aurkezle lanetan ere aritua izan da. Gaur aurkeztuko den liburua bere lehenengo publikazio luzea da.

Liburu hau, urteurreneko beste harribitxietako da atzo aurkeztutako ikus-entzunezkoarekin batera. Iazko maiatzetik abian jarritako proiektua da eta hilabete askotako lanaren emaitza gaur eskuartean edukitzeko aukera izango dugu. Taldearen argazkiak, dokumentuak, kontakizunak eta partaide berezien kontakizunak biltzen ditu lan honek.


Bestalde, aipatu atzo aurkeztutako ikus-entzunezkoak oso harrera ona izan zuela Labeaga aretoan bildutako lagun guztien artean. Ordu eta laurdeneko iraupena duen dokumentala ikusi ahal izan zen 4 atal desberdinetan banaturik: Lehenengoa eta zabalena, taldearen 50 urteetako nondik norakoak aurkezten ditu hainbat taldekideen kontakizunei esker. Taldearen historia ezagutzeaz gain, anekdota eta bizipen hoietatik, garai bakoitzean Urretxuko herrian zein giro bizi zen ezagutu daiteke.

Bigarren atala taldeko zuzendari izandako Santi Gutierrezi eskeinita dago. Santik taldea nola bizi zuen eta beretzat zein garrantzitsua izan zen kontatzen dute bere alaba eta lagunek. Hirugarren atalean, blog honetan askotan aipatutako Ramon Esnaolari buruzkoa da. Ramonek betidanik izan du taldearekin harreman estua eta hainabt lagunek Ramonek egindako lan hori kontatzen dute. Azkeneko atalak, herrian izandako bi artisau handiren irudia aurkezten digu: Jexux Segurola eta Inazio Barrio. Urretxu eta Zumarragako txistulariok zorte handia izan dugu bi artista hauen lana gertutik ezagutzeko aukera izan dugulako: Jexux-ek txistu asko egin zituen eta hauen afinazioa lantzen ere gogor saiatu zen. Inazio ordea, Urretxuko Txistulari Taldeko lehenengo atabalaria izateaz gain, atabal, danbolin eta bonbete ugari egin zituen bai talderako baita taldekideentzat ere.

8 de septiembre de 2010

Eta ospakizunekin aurrera goaz!!!

Gaur, txistu asteko hirugarren eguna dugu eta hitzordua Labeaga aretoan izango da arratsaldeko 20:00tan. Aurreko ostiralean hemen bertan aurreratu bezala, taldearen historia jasotzen duen ikus-entzunezkoaren estreinaldia izango dugu gaur. Honen aurrerapena, testu honen eskubi aldean duzuen lehiatilan ikus daiteke. Taldetik pasatako 20 partaideei egindako elkarrizketekin kontatzen da taldearen historia.

Bestalde, aipatu atzo iluntzean Urretxuko Kultur Etxean Mikel Aranburu txistulari eta ikerlariaren hitzaldia izan genuela. Mikel Aranburu, besteak beste, Euskal Herriko Txistulari Elkateko Lehendakaria izandakoa da. Bitxikeria bezala, aipatu, Mikelen lehendakari garai horretan, gure zuzendaria izan zen Santi Gutierrezi elkarteko zilarrezko domina ematea adostu zela.




Mikelek txistua eta txistularion historia nondik nora joan den azaldu zuen bere hitzaldian. Hainbat kontu interesgarri izan zituen hizpide, baita Urretxuko txistularion historiari buruz!! Antza denez, Iruñako udalean San Ferminetan parte hartzen zuten musikari guztien erregistroa eramaten zen eta 1700 urte inguruan, danbolintero urretxuarren bat azaltzen omen da hango dokumentuetan. Beregandik ere jakin genuen, Antoine d'Abadie ilustratuak bultzatutako Lore Jokoetako txistulari txapelketa batean Urretxuko Txistulari Taldea garaile suertatu zela!!! Eta horrelako mila istorio gehiago!

7 de septiembre de 2010

Atzo erakusketa, gaur hitzaldia

Bai, azkenean eguna iritsi da! Atzo eman genion hasiera gure urteurreneko ospakizun ekintza nagusienei!!! Arratsaldeko 7:30etan Urretxuko kaleetatik kalejira bat eginez hasi ziren 50. urteurreneko ospakizun ekintzak. Kaletik paseoan zebilen jendeak antzeman zuen bai, txistulariok zerbait ospatzen genbiltzala!!! Kalejira ordea, ohi baina laburragoa izan zen. Atzokoan Juan de Lizarazu areto parean izan zuen amaiera, izan ere arratsaldeko 8etatik aurrera taldearen historia jasotzen dituen erakusketa zabaldu zen.



Erakusketa, hilaren 20rarte zabalik dago arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara. Ehundik gora argazki jarrita daude eta aretoko pareta batean taldeak azken hilabete hauetan bildutako argazki guztiak ere ikusi daitezke bertan jarritako proiektoreari esker.


Baina Txistu Astea hasi besterik ez da egin!!!! Gaur bigarren eguna dugu eta arratsaldeko 20:00tan Mikel Aranbururen hitzaldia izango dugu Aizpuruenea Kultur Etxean. Mikel Aranburu iruindarra txistularia da eta euskal folklorearen jarraitzaile. 1975az geroztik Iruñako Udal Txistulari Bandako kidea da eta hainbat liburu kaleratuak ditu txistua eta Euskal folklorearen inguruan. Gaurko hitzaldian ere, txistuak Euskal Herrian izan duen presentzia eta garrantziaz jardungo du.

5 de septiembre de 2010

Ospakizunak hastera doaz!!!!

Data bereziak gerturatzen dabiltz Urretxuko Txistulari Taldearentzat. Aspalditik prestakizunetan gabiltza eta bihartik aurrera, gure urteurrenaren ospakizun astea ospatuko dugu. Hemen duzue aste honetarako prestatu dugun egitaraua. Astelehenetik larunbatera bitartean ekintza berezi bat antolatu dugu:


  • ASTELEHENEAN, Txistulari Taldeak Urretxun 50 urte erakusketaren irekiera. Juan de Lizarazu aretoan. Erakusketa, irailaren 20rarte zabalik egongo da egunero 17:30tatik 20:00tara bitartean.
  • ASTEARTEAN, Txistua Euskal Herrian mendez mende hitzaldia Mikel Aranburu txistulari nafarraren eskutik Aizpuruenea Kultur Etxean.
  • ASTEAZKENEAN, Urretxuko Txistulari Taldea. 1960-2010. ikus-entzunezkoaren estreinaldia Labeaga aretoan.
  • OSTEGUNEAN, Agurtzane Aramendik idatzitako Urretxuko Txistulari Taldea. 1960-2010. liburuaren aurkezpen ekitaldia Udaletxeko batzar areto nagusian.
  • OSTIRALEAN, Garikoitz Mendizabal eta Xabier Zabalaren txistu eta soinu kontzertua. Birtuosismoa eta sentimenduak, txistuaz bat eginik. Betikoa eta betirako.
  • LARUNBATEAN, taldearen ospakizun bereziak: meza, kalejira eta bazkaria.
Ekitaldi guztiak, ostiraleko kontzertua ezik arratsaldeko 20:00tan izango dira eta doainekoak dira.

Hemendik gonbitea luzatzen dizuegu gurekin batera 50 urteak ospatzera eta ekintzetan parte hartzera!!!

Txoko txiki honetatik ere saiatuko gara egunean eguneko ekitaldien berri ematen, gerturatu ezin zaretenok ospakizunen berri izan dezazuen.


3 de septiembre de 2010

Taldearen historiaren ikus-entzunezkoa kalean

Hona hemen gure urteurreneko harri bitxietako bat!!! Taldearen historia jasotzen duen ikus-entzunezkoa labetik atera berri-berri dago eta hemen duzue aurrerapen txiki bat:



Proiektu honen gidari Ibon Garmendia taldekidea izan dugu, eta berekin batera herriko hainbat pertsonek lan egin dute: irudiak Alex Areizagarenak dira, post-produkzioaren arduraduna Maider Sudupe izan da, narratzaile lanetan aldiz, Josune Zarandona aritu da eta azala eta serigrafiaren diseinua, berriro ere, Ane Miren Ormazabalen ardurapean egon dira. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan eskeinitako pazientzia eta dedikazioarengatik.

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu ere muntaia honetarako materiala eskuratzen lagundu diguten guztioi: Urretxuko Udala, Ramon Esnaolaren etxekoak, Ignazio Barrioren etxekoak, ...

Ikus-entzunezko honen estreinaldia datorren asteazkenean, irailaren 8a, arratsaldeko 20:00tan Urretxuko Labeaga aretoan izango da.