27 de mayo de 2010

Ramon Esnaolaren omenezko diska grabatzen

Aspalditik bueltaka zebilen proiektu bati ekin diogu azken hilabeteotan. 50. urteurrenaren aitzakiarekin, Ramon Esnaola urretxuar musikagileak idatzitako obrak bilduko dituen diska ibili gara erabat murgilduta.

Guztira 30 bat abesti bilduko dituen KD bikoitza kaleratuko da ekainaren erdialdean. Bertan biribilketa doinuak nagusi badira ere, zortzikoak, fandangoak, arin-arin bat eta Ramonek bandarako idatzitako pare bat himno ere aurkitu ahal izango dira. Kuriositate moduan, aipatu txisturako idatzitako pieza gehienak Urretxuko baserrien izena dute izenburutzat.

Grabaketak Urretxuko Labeaga aretoan burutu dira Borja Aranburu teknikariaren (ElCrack grabaketak) laguntzaz. Urretxuko Txistulariekin batera, Gorobel metal boskoteko kideak eta Iparragirre Balerdi musika tailerrak ere parte hartu dute.



23 de mayo de 2010

PRENTSA atal berria martxan

Poliki-poliki gure txoko hau osatzen goaz eta gaur atal berri bat irekiko dugu gure blog honetan: PRENTSA atala. Blog-aren goikaldean PRENTSA link-aren gainean klikatuz atal honetara sartu zaitezke. Bertan, Urretxuko Txistulari Taldeari buruz eta gure 50. urteurrenaren inguruan biltzen ditugun albisteak jasotzen joango gara. Inguruko komunikabideetan kaleratutako albisteak jasoko ditugu blog-aren txoko honetan.

Albisteak PDF formatuan bakoitzak norbere ordenagailura jeitsi ditzake eta nahi izan ezkero, etxeko inprimagailura bidali daitezke albistea papelean irakurri ahal izateko.

Atalaren estreinu egun honetan, martxoan ospatutako Txistularien Batzarraren inguruan bildutako albisteak aurkitu ahal izango dira.

15 de mayo de 2010

Datozen ekintzak...

Aste Santu ondoren, Urretxuko Txistulari taldea urteurrena ospatzeko ekintzen antolakuntzan murgildu zen buru-belarri. Hain data berezia, modu berezian ospatuko du taldeak. Irailean bilduko dira ekintzarik nagusienak, baina ordurarte ekitaldi desberdinak ere izango dira.

San Juan aldera, Ramon Esnaola konpositore urretxuarrak idatzitako abestiak jasoko dituen musika CD-a aurkeztuko dute txistulariek. Maiatzaren hasieratik, diska honen grabaketan murgilduta daude taldekide batzuk eta poliki-poliki proiektuak aurrera darrai. Laster izango da eskuragarri blog honetan bertan CD honi buruzko informazio gehiago.

Baina diskoa irailean etorriko den guztiaren sarrera txiki bat besterik ez da izango. Ordurako Agurtzane Aramendi idazten dabilen liburua eta Ibon Garmendia, Alex Areizaga eta Maider Sudupek prestatzen diharduten DVD-a prest egongo dira. Aipatzekoa da, gehienak Urretxuko Txistulari taldean ibilitakoak direla eta gertutik ezagutzen dutela taldearen nondik norakoak.

19 de abril de 2010

Txistulariak KAIXO aldizkarian

Urretxuko Udalak, hiru hilean behin (gutxi gora behera) KAIXO herri aldizkaria kaleratzen du. Azken alea, 100. alea izan da eta martxo bukaeran kaleratu zen. Ale berezia izanik, Noticias de Gipuzkoa egunkariko herri kronikan, KAIXO aldizkariari eskeinitako albistea irakurri daiteke: bere sorreraren nondik norakoak, ibilbidea... Kuriositatea baduzu, hemen duzu apirilaren 7an kaleratutako albistea: 100 aldiz "Kaixo"

Herri mailako gainontzeko hedabideetan bezala, KAIXOn ere, Urretxuko Txistulariei buruzko erreportaia jaso dute 50. urteurreneko aitzakia hartuta. Urretxun bizi ez bazara, zaila da aldizkaria formatu fisikoan jasotzea. Hala ere, aldizkaria modu digitalean deskargatzeko aukera badaukazu hemen klik eginda. Honela erreportaia zuzenean irakurri dezakezu. Zeinek esango luke KAIXOren lehenengo alea argitaratu zenean, ordenagailu bidez ere irakurri ahal izango zela!!!

Amaitzeko, amarauneko txoko txiki honetatik, KAIXOrekin modu batera edo bestera harremana izandako guztioi ZORIONAK esan nahi dizuegu. Beste horrenbeste ale kaleratzeko gogo eta ilusioarekin jarrai dezazuela aurrera!!!

13 de abril de 2010

Kalejiren oporraldia amaitu da

Urretxuko Txistulari Taldearen ezaugarrietako bat iganderoko kalejirak dira. Azken asteotan ordea, ihauterietatik hain zuzen ere, igande goizetan ez da txistu soinurik entzun kaleetan zehar. Ohitura den bezala, Garizuma garaian Urretxun ez da kalejirarik jotzen eta txistulariok hainbeste desiatutako oporrak hartzen ditugu.

Baina Aste Santuetako oporraldiekin batera, beste oporraldi batzuk ere bukatzen dira eta pasa den igandetik, berriro ere kalejirak hasi dira. Igandero igandero, goizeko 9etan Iparragirre plazatik abiatu eta betiko ibilbidean zehar, zortzikoak eta biribilketak izango dira entzugai abuztuko oporrak iritsi bitartean.

30 de marzo de 2010

Bertso Musikatuetako agerpena

Pasa den astean blog honetan aurreratu bezela, Urretxuko Txistulariak aurten Martxoan Bertsoko bertso musikatuen ekitaldian parte hartu genuen pasa den larunbatean. GazteleKUa, beste behin ere, jendez gainezka izan zen bertsoen aitzakian antolatutako ikuskizunaz gozatu ahal izateko.

Mota guztietako doinuak entzun ahal izan ziren eta GazteleKUan. Txistulariok, nola ez, kalejiran egin genuen sarrera eta Alborada de Segura piezak uste baino jarraitzaile gehiago dituela konturatu ginen!!!! Hona hemen emanaldian jasotako irudiak:


Baina saioan zehar, gure taldeko artista ugari ere ibili ziren eszenatokian kantun eta dantzan. Ekitaldiko gainontzeko aktuazioak ikusi ahal izateko nahikoa duzue hemen klik egitea.

Bukatzeko, amarauneko ixkin txiki honetatik, Zumarraga Urretxuko Bertso Eskola zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen, beste urte batez Martxoan Bertsoa ekimenak izandako arrakastarengatik eta egin duten lan guztiarengatik. Bejondeizuela kuadrila!!

24 de marzo de 2010

Urteurrena OTAMOTZ-en!!!

Pertsonaia famatuen pare, Urretxuko Txistulari Taldea ere aldizkari bateko portada da!!!!

Apirileko Otamotz Aldizkariaren azalak martxoaren 13ko Txistu Festako argazkietako bat dakar. Barnealdean, taldetik pasatako hainbat beteranoekin izandako elkarrizketarekin osatutako erreportaia zabala osatu dute.

Egun hauetan zehar etxez etxeko banaketa egiten dihardute, baina aldizkariaren webgunean jadanik zintzilik daude erreportaia bera eta hainbat argazki. Hemen klikatzea besterik ez duzue guztira zuzenean iritsi ahal izateko.