5 de julio de 2010

"Ramon Esnaolaren Musikak" diska kalean

Blog honetan aurreratu bezala, Ekainaren 19an Ramon Esnaolaren musikak izenburua duen disko bikoitza aurkeztu genuen. Ekitaldia Santa Barbarako ermitan izan zen eta zitara Ramon eta bere emazteaz gain, senitarteko eta lagun ugari bildu ziren.

Diskoak 31 abesti biltzen ditu eta maiatzean zehar grabatua izan da Urretxuko Labeaga aretoan. ElCrack grabaketak-eko arduraduna den Borja Aranburu aritu da soinu teknikari bezela, Ane Miren Ormazabalek diskoaren kaxa eta barneko liburuxken diseinua gauzatu ditu eta bertan ikus daitezkeen argazki guztiak Carlos Mediavillarenak dira. Hiru lagun hauei egindako lana eta izandako pazientzia eskertu nahi diegu benetan.

Musikari dagokionez, Urretxuko Txistulariak jotako piezak dira diskoan bildutako pieza gehienak baina Ramonek, txisturako piezez gain, bandarako piezak ere idatzi ditu eta hoiek ere disko honetan jaso dira. Urretxuko Iparragirre Balerdi musika tailerrari Taller musical izeneko pieza eskeini zion eta musika tailerreko partaideek ere diskoan jasotzeko pieza hau grabatu dute. Legazpiko Musika Bandak eta Santikutz Abesbatzak grabaturiko abesti bat ere jasotzen da disko bikoitz honetan, Legazpiko ereserkia hain zuzen ere. Hauetaz gain, proiektu honetan bidelagun izan dugun Gorobel metal boskotea ere aipatu beharra dago. Beraien laguntzaz, txisturako hainbat pieza ere grabatu ditugu eta.

Aurkezpen ekitaldian, Jose Mari Lasak diskoaren xehetasun guztiak eman zituen. Diskoan biltzen diren 31 abestietatik 24k Urretxuko baserrien izena daramate. Hau dela eta, Urretxuko baserritarrei gonbidapen berezia egin zitzaien zitara agertu ahal izateko. Aurkezpenean zehar, Urretxuko Txistulariek diskoan bildutako hainbat pieza jo zituzten zuzenean. Ramon eta Jesusak ere hitza hartu zuten eta egindako lanarengatik eskerrak eman zituzten erabat hunkituta zeudelarik. Iñaki Zabala, Urretxuko alkateak ere zorion hitz batzuk izan zituen Ramon eta Urretxuko Txistularientzat.

Ekitaldia amaitzeko, ekitaldira gonbidatutako baserritar bakoitzari 3 diska eta beraien baserriaren izena zeraman partitura oparitu zitzaien oroigarri moduan.





Jarraian, ekitaldiaren informazio zabalagoa biltzen duten albisteen sorta irakur dezakezue eta emanaldiaren osorik ikusi ahal izateko Otamotz.com-eko lagunek eskegitako bideoan ere ikus daiteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario