7 de septiembre de 2010

Atzo erakusketa, gaur hitzaldia

Bai, azkenean eguna iritsi da! Atzo eman genion hasiera gure urteurreneko ospakizun ekintza nagusienei!!! Arratsaldeko 7:30etan Urretxuko kaleetatik kalejira bat eginez hasi ziren 50. urteurreneko ospakizun ekintzak. Kaletik paseoan zebilen jendeak antzeman zuen bai, txistulariok zerbait ospatzen genbiltzala!!! Kalejira ordea, ohi baina laburragoa izan zen. Atzokoan Juan de Lizarazu areto parean izan zuen amaiera, izan ere arratsaldeko 8etatik aurrera taldearen historia jasotzen dituen erakusketa zabaldu zen.



Erakusketa, hilaren 20rarte zabalik dago arratsaldeko 17:30etatik 20:30etara. Ehundik gora argazki jarrita daude eta aretoko pareta batean taldeak azken hilabete hauetan bildutako argazki guztiak ere ikusi daitezke bertan jarritako proiektoreari esker.


Baina Txistu Astea hasi besterik ez da egin!!!! Gaur bigarren eguna dugu eta arratsaldeko 20:00tan Mikel Aranbururen hitzaldia izango dugu Aizpuruenea Kultur Etxean. Mikel Aranburu iruindarra txistularia da eta euskal folklorearen jarraitzaile. 1975az geroztik Iruñako Udal Txistulari Bandako kidea da eta hainbat liburu kaleratuak ditu txistua eta Euskal folklorearen inguruan. Gaurko hitzaldian ere, txistuak Euskal Herrian izan duen presentzia eta garrantziaz jardungo du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario