12 de octubre de 2010

Ospakizunen ondoren, atsedena

Urteurreneko ospakizunak eta Santa Anastasia festen ondoren, atseden txiki bat hartu dugu. Baina, hemen gaude berriro ere festek emandako guztiaren berri zehatza emateko asmoz.

Blog honetan bertan aipatu bezala, festak irailaren 17an hasi ziren. Txistulariok, ohitura den bezala, Iparragirre Balerdi Musika Tailerrarekin batera kalejira egin genuen. Aurtengoan, urte berezia izanik, ohi baino txistulari gehiago bildu ginen eta pertsona kopuruan, Musika Tailerreko partaide adina txistulari elkartu ginen ia!!!

Kalejira amaitzearekin bat, txistulariok udaletxeko balkoietara atera eta arratsaldeko 20:00etan gure pregoi berezia kantatzen hasi ginen. Segurako Alboradaren doinuaz, bertso bereziak kantatu genituen udaletxeko balkoitik. Gotzon Aranburuk jasotako bideo honetan ikusgai dago une hori hirugarren minututik aurrera.



Larunbatean, blog honetan iragarri bezala, urteroko txistu alardea ospatu genuen. Hotzari aurre eginez, Iparragirre plazan bildutako jendetzaren aurrean, ikuskizun berezia eskeini genuen inguruko herrietako txistularien laguntzaz eta herriko beste hainbat talde eta artistaren laguntzaz. Taldekideok, alardea probestu genuen taldeko hiru pertsona handiri omenaldi txiki bat egiteko. Jostenka Larrañaga, Juan Manuel Kerejeta eta Jose Mari Lasak, Urretxuko urrezko domina jaso zuten eta taldekide eta herritarren esker ona ere larunbat gau hartan. Gotzon Aranburu eta Otamotz.com atariari esker, une hartako irudiak hemen eskaintzeko aukera dugu:




Igandean, Euskal Jai eguna ospatu zen Urretxun. Orduan ere, txistulari kuadrila bildu ginen, bai goizeko kalejiran baita arratsaldeko karrozen desfilean ere. Lehengo, oraingo eta etorkizuneko txistulariak elkartu ginen arratsaldeko desfileko kalejiran, beste behin Urretxun txistuarekiko zaletasun handia erakutsiz. 1:57 minututik aurrera arratsaldeko kalejirako irudiak ikus daitezke hemen alboko bideoan.


Astelehenean, Kuadrilen eguna ospatu zen. Ohituraz, txistulariok, "atseden" hartzen dugu egun horretan. Jaiei amaiera ematen dion Kantu Afarian ordea, taldekide asko biltzen gara gure eztarriak uzten digun neurrian euskal kantu zahar eta berriak kantatzeko. Aurtengoan, Kantu Afariko lagunek prestatuako liburuxkan ordea, bazen abesti berezi bat: Pantxoa eta Peioren Jo Txistua. Avenida inguruan geunden txistulariok, bertako kioskora igo ginen horrelako abesti berezi bat kantatzeko (5:20 minututik aurrera ikusgai dago ondorengo bideoan).



Eta abesti eta musika artean, 2010eko Santa Anastasia jaiak agurtu genituen. Festa eta ospakizun asko izan genituen irailean. Atseden egun hauen ondoren, lanean jarri gara berriro ere eta pixkanaka-pixkanaka ekintza guzti hoien irudi eta berri zehatzagoa emango dizuegu blog honetatik. Beraz, adi egon datozen berriei!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario