17 de marzo de 2010

Urteurreneko lehenengo urratsa gainditua!!!

Pasa den asteburuan, Urretxuko Txistulari Taldearen urteurreneko lehenengo ekintzak ospatu genituen. Blog honetan iragarri bezala, ostiralean, martxoak 12, Donostiako Udal Txistulari bandaren kontzertua izan zen Labeaga aretoan.

Kontzertu borobila eman zuen Donostiako taldeak, estilo guztietako errepertorioa eskainiz: ganbara musikako piezekin hasi zuten kontzertua, sortu berriak diren piezak eta abesti herrikoiak ere entzuteko aukera izan genuen Labeagara hurbildu ginen entzuleak.


Aipatzekoa, II Bilduma pieza. Jose Inazio Ansorena eta Jagoba Astiazaran taldeko kideak, taulagainetik jeitsi eta publiko artean eskaini zuten pieza bi txorien elkarrizketa errepresentatuz.

Kontzertua amaitzeko, propina txiki bat eskaini zuten txistulariek eta Urretxun egonik, bi biribilketa esanguratsu eskaini zituzten: IRIMO eta URRETXU.

Martxoak 14ko Batzar Nagusia

Ekintzek, larunbatean jarraipena izan zuten Txistulari Elkartearen Batzar Orokorrarekin. Goizean goiz hasi ziren larunbateko ospakizunak Urretxuko Txistularien kalejira jendetsuarekin (31 txistulari elkartu ginen kalejira jotzen!). Kalejira bukatzearekin batera, Euskal Herri osotik etorritako txistulariak azaltzen hasi ziren Iparragirre plaza inguruan. Bertan egina genuen zita, guztiok elkartu eta hamarretakoa egiteko. Kultur Etxeko areto nagusia, jantoki inprobisatu bihurtu genuen eta indarrak hartu genituen goizari aurre egiteko.

Hamarretakoaren ondoren, kalejira ofiziala burutu genuen. Jostenka, taldeko beteranoa izaki, elkarteko ikurrina hartu eta guztien buru abiatu zen Goiko Kaletik kalejira zabalduz. Kalejira San Martin de Tours parrokiako atarian amaitu zen. Ohiko meza ospatu zen ondoren eta amaitutakoan, Alkate Soinua joaz Udaletxeraino abiatu ginen.



Ohorezko agurra dantzatu ondoren, Urretxuko Udaleko ordezkariek harrera ofiziala egin ziguten txistulari guztioi eta Garikoitz Mendizabal, elkarteko lehendakaria, eta Iñaki Zabala, Urretxuko alkateak, oroigarrien trukaketa burutu zuten. Urretxuko txistulari diren Maialen Akizu eta Edurne Plazaolak egun honetarako bereziki prestaturiko bertsoak abestu zituzten.

Harreraren ondoren, txistulari guztiak Labeaga aretora hurbildu ginen kalejira joaz. Bertan elkartearen batzarra ospatu zen. Batzarra hastean, Txistulari elkartearen zorion agurra eta koadro dotore bat jaso zuen Urretxuko Txistulari Taldeak (orain hura zintzilikatzeko tokia bilatu beharko dugu!).

Batzarra bukatu ondoren, elkarteko zilarrezko domina banaketa ekitaldia ospatu zen aretoan bertan. Javier Hernandez, Sabin Bikandi eta Txomin Agirregomezkorta txistulariek urteetan egindako lanaren esker ona jaso zuten ekitaldian.

Goiza bukatzeko, guztiak kalejiran Ederrena frontoiraino hurbildu ziren bazkaltzera. Bazkalondoan txistu emanaldiak, bertsoak eta kantuak izan ziren Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuta. Elkarteko bazkide guztiei ere Urretxuko oroigarri bat jaso zuten, 2007an grabaturiko Urretxuko Musikak CD bikoitza.

Eguna amaitzeko, Urretxuko txistulariek erromeria eskaini zuten Areizaga-Kalebarren plazan nahi izan zuen guztiak dantza zezan.

Ekintza guzti hauek jarraipen zabala izan dute komunikabideetan. Hona hemen bildutako albisteak:

No hay comentarios:

Publicar un comentario