11 de noviembre de 2011

Azaroa, emanaldiz betetako hilabetea

Udazkena aurrera doa eta eguna gero eta motzagoa da, baina festa giroa ez da itzali Lizarriturri txistulari taldekoongan. Justu kontrakoa, parrandarako gogoa piztu egiten da azaroan, emanaldiz eta ospakizunez betetako hilabetea izan ohi baita.

Gaur, San Martin egunez, hasi ditugu kalejira bereziak. 19:00etan kalera irten dira hainbat txistulari Iparragirre Balerdi musika tailerrekoekin batera eta emanaldi berezia eskaini dute San Martin auzo inguruan, bertako eguna ospatzeko.

Eta San Martinen ondoren, Santa Zezilia etorriko zaigu, musikarien patroiaren eguna. Hurrengo larunbatean, azaroaren 19an, bi herriotako musika taldeak kaleetara irtengo dira. Batzuk Urretxuko kaleetan eta besteak Zumarragakoetan ibiliko gara eta 19:30en inguruan bian herrien artean dagoen Areizaga-Kalebarren plazan elkartuko gara denok hainbat pieza elkarrekin jotzeko.

Baina Santa Zezilia eguna hilaren 22an izaten da. Eta egun hori ospatzeko, kalejira egingo dugu noski. Ondoren gainera, txistularietako asko, beteranoak batik bat, afaltzeko elkartuko dira Etxe Azpi elkartean.

Hala ere, Santa Zeziliaren aitzakian egingo dugun ospakizun handiena azaroaren 26an izango da. Egun horretan eskursio bat egitekotan gara Amurrio eta Urduña inguruetara. Lehendabizi Gancedoren txistu tailerra ikustera joateko asmoa daukagu eta, ondoren, Urduña inguruan bazkalduko omen dugu. Gainera, Urretxura bueltatzen garenean jarraitzeko asmoa izango dugu, seguruenik eta afaria eta abestiz eta dantzaz jositako sobremesa izango dugu seguruenera, ohikoa den bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario