29 de noviembre de 2011

Txistuak egiten ikasten

Gancedo familiaren tailerrean, Amurrion izan ginen Urretxuko txistulariok joan zen larunbatean, azaroaren 26an. Txistuak nola egiten diren ikasten aritu ginen. Santa Zezilia egunaren inguruan urtero egiten dugu txangoa. Aurten, Arabako mendebaldea ezagutu nahi izan dugu eta Gancedotarren tailerrera bisita egiteko probestu genuen eguna.

Eguna, Goiurin hasi genuen. Bertako ur jauzia eta arroila ikusi genituen eta hamaiketakoa egin genuen bertan.

Ondoren, Amurriora joan ginen, Gancedotarren txistu tailerra ikustera. Primeran hartu gintuzten Gancedotarrek eta egiten duten lanari eta sortzen dituzten txistuei buruzko azalpen ugari eman zizkiguten.

Egur mota ezberdinetakoak, plastikozkoak... material ezberdinetako txistu, txirula eta silboteak ikusi genituen.

Eta tornuarekin nola lan egiten duen ere erakutsi ziguten.






Txistuak nola egiten diren ikasi ondoren, berriz, Urduña ezagutzeko parada izan genuen. Han geneukan zain Joseba Larrieta txistulari urduñarra. Herria erakutsi zigun, Antiguako Amaren eliza adibidez. Eta kalejiran gurekin batera irten zen.

Ondoren, guztiok batera bazkaldu genuen bertako jatetxe batean. Eta gurean ohikoa denez, abestiak, bertsoak eta txistu doinuak nagusi izan ziren bazkalostean.

Eta gauean ere, elkarrekin afaldu ondoren, festak goizalderarte jarraitu zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario