12 de enero de 2012

Maisu eta erreferentzia genuenari agur esaten

Aste bete baino gehiago da Jose Mari Lasa hil zitzaigunetik. Eta lehendabiziko egunetako mugimenduak baretu direnean, bere txistulari bizitzari eta izaerari buruzko lerro batzuk idaztera ausartu naiz.

50. urteurreneko liburua prestatu behar genuela eta, 2010eko urtarrilaren 9an, elkarrizketa-tertulia luze bat izan nuen Jose Marirekin txistu taldearen sorreraz, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz. Bere txistu ibilbidean izandako xehetasun batzuk ere orduan jakin nituen. Eta orain, joan denean, elkarrizketa hartako apunteak irakurrita, hainbat anekdota eta testigantza gogoratu ditut.

1967an hasi zen txistua ikasten Jose Mari Lasa. 15 urterekin, batxilergoa amaitu zuenean, alegia. “Etxean ez zidaten utzi lehenago hasten” esan zidan. Ume umetatik gustatu omen zitzaizkion txistulariak; beti ibiltzen omen zen haien atzetik erromerietan eta kalejiretan. Eta lehenago ere eskatu omen zien gurasoei ikasten hasteko, baina, aurrena ikasketak ziren haien etxean. Eta batxilergoa amaitu zuen arte ez omen zuen lortu txistua jotzen hasterik.

Santi Gutierrez izan zen bere irakaslea. Hark erakutsi zizkion lehenengo notak eta goxotasunez gogoratzen zuen. Irakasle aparta izan zela esaten zuen, pozik eta harro sentitzen baitzen bere ikasleak txistulari on eta maila altuagokoak ateratzen bazitzaizkion.

Jose Marik ez zuzen gogoratzen zehazki ze egunetan hasi zen txistua ikasten, baina bai ze egunetan jo zuen lehen kalejira: 1967ko Corpus Christi egunean. Santik, garai hartan, egun seinalatuetan debutatu arazten zituen ikasten ari ziren gazteak; Aste Santuetan, San Inazio egunean, Euskal Jaietan, Gabonetan… Eta Jose Mariri, Gorpuzti eguna tokatu zitzaion. Beraz, noski, Corpus Eguneko Zortzikoa izan zen ikasi zuen lehendabizikoetako pieza.

Eta ondoren, lanean irabazi zuen lehen dirua, bere lehenengo txistua erosteko erabili zuela ere gogoratzen zuen.

Hala hasi zen eta, laster, hain oparoa izan den kultur eta herrigintzako ibilbide luzeari ekin zion. Lehendabizi, Irrintzi dantza taldekoek, lagunak edota koadrilakoak haietako batzuk, txistularia behar zutela jakin zuen eta haiekin hasi zen. Txistulari taldeko beste hainbat kide ere ibili ziren Irrintzin, Jose Mariren bidez, harekin batera edo hura ordezkatuz.

Euskal Jaiak antolatzen ere aritu zen hainbat urtetan, Pello Areizaga lagunarekin batera. Eta San Juan bezperako suaren ekitaldia ere bere gain hartu zuen. 80ko hamarkadaren hasieran, berriz, zinegotzi izan zen Urretxuko udaletxean, eta administraziotik aritu zen herrigintzan.

Ordurako, gainera, dultzaina jotzen ere hasi zen eta Iratzarri taldea sortu zuen Roberto Lopezekin eta Juan Manuel Kerejetarekin batera. Urte hauetan hainbat gaztek ikasi dute dultzaina jotzen berarekin, Santik txistulariekin egindakoa errepikatuz. Eta talde polita osatzea lortu zuen. Harrobia ere badator atzetik, gainera.

Goi Argi abesbatzan ere aritu zen urte batzuez, eta geroago, festetako kantu afariaren sortzaileetako bat ere izan zen.

Beraz, txistularia, dultzainaria, euskaltzalea, kantaria eta kantuzalea, zinegotzia... Gauza asko egin zituen. Pentsa! Gitarra jotzen ere ikusi genuen txistulariok afari baten ostean, eta apur bat behintzat moldatzen zen!

Hori guztia egiteko denbora ateratzen zuen. Eta hartzen zituen konpromiso guztiei eusten zien: igandeetako kalejiretara ez zuen ia inoiz hutsik egin, beste herrietako kontzertuetara joateko beti prest egoten zen... Eta noski, hori Kutxan zeukan lanpostuari eutsiz eta, Anarekin ezkondu ostean, familia hazten zuen bitartean.

90eko hamarkadako lehen urtetan, berriz, Santa Anastasiatako kontzertuari buelta bat eman nahi izan zion, musika-tresna berriak txistuarekin nahasten probatu nahi izan zuen. Lehenengo dultzaina eta abesbatza sartzea proposatu zuen. Eta, urtetik urtera, beste zer edo zer berria probatzen zuen: gitarra, metalak, trikitixa, txalaparta, pianoa, biolina...

2010eko negu hartan izan genuen solasaldian, bera ez zegoela kontzertu hori prestatu eta koordinatzeko behar bezala prestatuta esaten zidan. Xabier Barriolak eta beste hainbat lagunek eskaintzen zioten laguntza ezin bestekotzat jotzen zuen horrelako kontzertua egiteko. Ez omen zeukan “horretarako adinako musika ikasketarik”. Azken aldian, partiturak ordenagailuan prestatzeko programa baten ikastaroa ere egin zuen, ilusio handiz gainera, bere burua zeregin horietarako “hobeto prestatzeko”.

Gauza asko egitera iristen bazen ere, oso gizon umila zen Jose Mari. Ez zuen jende aurrean onartzen berak egindako lanak daukan garrantzia. Beti besteei aitortzen zien meritu guztia. Jose Mariren iritziz, txistulari taldea 50 urte betetzera iritsi izana Santi Gutierrezen meritua zen. Eta taldeak iraun arazteko urte hauetan denetan egon den giro ona, berriz, Jostenka Larrañagaren eta Juan Manuel Kerejetaren meritua. Eta arrazoia zeukan. Baina berak ere gauza handiak egin zituen eta ez zitzaion gustatzen hori entzutea.

Horrez gainera, ideiak argi zituen gizona zen eta batzuetan “egosgogor” xamarra ere bai horiek defendatzerakoan. Ez zitzaion ezezkorik jasotzea batere gustatzen eta izaera horri esker lortzen zuen askotan gazteok mugi araztea.

Niri dagokidanez, bere ekimenez idatzi izan ditut Txistulari aldizkarirako berriak, aritu izan nintzen herri aldizkarian edota idatzi nuen 50. urteurrenerako liburua. “Egingo den neska! Nik lagunduko dinat eta egingo den” izan ziren bere hitzak, liburua idatzi behar nuela esan zidanean. Eta nola esan hari ezetz? Nik behintzat ez nuen ikasi.

Hori bai, liburua idazten lagunduko zidala esan zidan eta hala egin zuen. Dokumentazioa bilatu zuen, produkzio lana egin zuen, aspaldiko txistulariekin bildu ginen, idatzi nuen guztia gainbegiratu zuen eta kapitulu bat, bitxikeriena, berak idatzi zuen. Azken finean, bere laguntzarik gabe, liburu hura kaleratzea ezinezkoa izango zen.

Beraz, dagoen lekuan dagoela, eskerrak eman nahi dizkiot. Eskerrak, zen bezalakoa izateagatik eta, ezezkorik onartu gabe, lanean jartzen gintuelako. Berari esker, harro egoteko moduko gauza asko egin ditugulako. Eta aldi berean, zeregin horietan gure ondoan geneukalako beti, gertu, laguntzen. Ea orain, bera gabe, bide horretan jarraitzen asmatzen dugun.



Agurtzane Aramendi
Lizarriturri Urretxuko Txistulari Taldeko kidea

No hay comentarios:

Publicar un comentario