27 de enero de 2015

Txistulari Alardea Idiazabalen

Larunbatean, urtarrilaren 24an, Txistulari Alardea ospatu zen Idiazabalen. Urtero antolatzen dute bertako txistulari taldeak San Blas festen atarian kontzertua eta gustora hurbiltzen gara Urretxuko txistulariok bertara. 

Azken urteotan bezala, kontzertua hasi aurretik Idiazabalgo txistulari ohiak kalejira txiki bat egin eta kanturako abesti batzuk jo zituzten kiroldegia girotu asmoz. Beraien saioa amaitutakoan, kontzertuari hasiera eman zitzaion. Beste behin, Iñaki Telleria aritu zen zuzendari lanetan eta bederatzi piezez osatutako kontzertua entzuteko aukera izan zen. Abesti ezagunak osatu zuten kontzertua: Hirugarren Kalez Kale, Ixil-ixilik, Zin Hitz (Juramento), Erribera, Udazken Koloretan, Amaia Operaren Ezpatadantza, Txatxamatxalinatxu, Besamotza. Ohiturak jarraituz, Pablo Sorozabalen Gernika eta Naxario Telleriak idatzitako Idiazabaldarren Danborrada doinuak ere ezin falta programan eta Naxario berak zuzendu zituen bi doinu hauek.

Abesti ezagunak izan arren, moldaketa berriak izan ziren entzungai eta ikusgai larunbateko kontzertuan. Aipagarriena agian, Amaia Operaren Ezpatadantzakoa. Izan ere, txistulari, metal boskote, dantzari eta txalapartariez gain, Lurdes eta Jasone trontzan aritu ziren. Bi neska hauek sasoi ederrean daudela erakutsi ziguten bertan geunden guztioi, izan ere, ezpatadantzako erritmoan aritu ziren trontzan. Ikusgarria eta soinu efektu ederra ezpadantzari jarritakoa. Bejondeizuela neskak!  

Jarraian Idiazabaldik helarazi dizkiguten hainbat argazki. Bertan ikusgai kontzertuko zenbait une.

Zelaa kiroldegia jendez gainezka Txistu Alardea entzuten

Xabier Barriola eta Inma Albisuak Benito Lertxundiren Erribera eta Udazken koloreak kantuak  abestu zituzten

Amaia Operako Ezpatadantzaren une bat

Naxario Telleria Gernika pieza zuzentzen

Idiazabalera gerturatu ginen Urretxuko txistulariak

No hay comentarios:

Publicar un comentario