2 de enero de 2012

Jose Mari Lasa joan zaigu


2012ak, hastearekin batera, kolpe izugarria eman digu Urretxuko txistularioi: Jose Mari Lasa hil zaigu gaur arratsaldean, ezustean. Inork espero ez zuen notizia izan da eta, oraindik, sinistea ere kosta egiten zaigu.

Azken hamarkada hauetan taldeko gidari eta zuzendari lanak egin ditu. Taldearen oinarri eta euskarria izan da. Egiten ditugun ekintzen antolatzaile nagusia eta taldeak aurrera egin zezan bultzada ematen zuena.

Hileta elizkizuna asteazkenean, urtarrilaren 4an, izango da 19:00etan, Urretxuko San Martin de Tours parrokian.

29 de noviembre de 2011

Txistuak egiten ikasten

Gancedo familiaren tailerrean, Amurrion izan ginen Urretxuko txistulariok joan zen larunbatean, azaroaren 26an. Txistuak nola egiten diren ikasten aritu ginen. Santa Zezilia egunaren inguruan urtero egiten dugu txangoa. Aurten, Arabako mendebaldea ezagutu nahi izan dugu eta Gancedotarren tailerrera bisita egiteko probestu genuen eguna.

Eguna, Goiurin hasi genuen. Bertako ur jauzia eta arroila ikusi genituen eta hamaiketakoa egin genuen bertan.

Ondoren, Amurriora joan ginen, Gancedotarren txistu tailerra ikustera. Primeran hartu gintuzten Gancedotarrek eta egiten duten lanari eta sortzen dituzten txistuei buruzko azalpen ugari eman zizkiguten.

Egur mota ezberdinetakoak, plastikozkoak... material ezberdinetako txistu, txirula eta silboteak ikusi genituen.

Eta tornuarekin nola lan egiten duen ere erakutsi ziguten.






Txistuak nola egiten diren ikasi ondoren, berriz, Urduña ezagutzeko parada izan genuen. Han geneukan zain Joseba Larrieta txistulari urduñarra. Herria erakutsi zigun, Antiguako Amaren eliza adibidez. Eta kalejiran gurekin batera irten zen.

Ondoren, guztiok batera bazkaldu genuen bertako jatetxe batean. Eta gurean ohikoa denez, abestiak, bertsoak eta txistu doinuak nagusi izan ziren bazkalostean.

Eta gauean ere, elkarrekin afaldu ondoren, festak goizalderarte jarraitu zuen.

21 de noviembre de 2011

Hasi gara Santa Zezilia ospatzen!

Azaroaren 22a izan ohi da Santa Zezilia eguna, baina Urretxuko txistulariak hasi gara dagoeneko ospatzen. Joan zen larunbatean, Urretxu eta Zumarragako beste hainbat musika-talderekin batera irten ginen kalera.

Urretxuko Lizarriturri taldekooi Zumarragako musika bandarekin, Zumarragako Antzinako Ama Txistulari taldekoekin eta Pagoetako zein jubilatuen abesbatzekin. Zumarragako kaleetan kalejira egin ondoren, Areizaga-Kalebarren plazan emanaldia egin genuen. Jarraian emanaldi horretako argazki batzuk:





11 de noviembre de 2011

Azaroa, emanaldiz betetako hilabetea

Udazkena aurrera doa eta eguna gero eta motzagoa da, baina festa giroa ez da itzali Lizarriturri txistulari taldekoongan. Justu kontrakoa, parrandarako gogoa piztu egiten da azaroan, emanaldiz eta ospakizunez betetako hilabetea izan ohi baita.

Gaur, San Martin egunez, hasi ditugu kalejira bereziak. 19:00etan kalera irten dira hainbat txistulari Iparragirre Balerdi musika tailerrekoekin batera eta emanaldi berezia eskaini dute San Martin auzo inguruan, bertako eguna ospatzeko.

Eta San Martinen ondoren, Santa Zezilia etorriko zaigu, musikarien patroiaren eguna. Hurrengo larunbatean, azaroaren 19an, bi herriotako musika taldeak kaleetara irtengo dira. Batzuk Urretxuko kaleetan eta besteak Zumarragakoetan ibiliko gara eta 19:30en inguruan bian herrien artean dagoen Areizaga-Kalebarren plazan elkartuko gara denok hainbat pieza elkarrekin jotzeko.

Baina Santa Zezilia eguna hilaren 22an izaten da. Eta egun hori ospatzeko, kalejira egingo dugu noski. Ondoren gainera, txistularietako asko, beteranoak batik bat, afaltzeko elkartuko dira Etxe Azpi elkartean.

Hala ere, Santa Zeziliaren aitzakian egingo dugun ospakizun handiena azaroaren 26an izango da. Egun horretan eskursio bat egitekotan gara Amurrio eta Urduña inguruetara. Lehendabizi Gancedoren txistu tailerra ikustera joateko asmoa daukagu eta, ondoren, Urduña inguruan bazkalduko omen dugu. Gainera, Urretxura bueltatzen garenean jarraitzeko asmoa izango dugu, seguruenik eta afaria eta abestiz eta dantzaz jositako sobremesa izango dugu seguruenera, ohikoa den bezala.

5 de noviembre de 2011

Zorionak Ramon!!

Joan zen asteazkenean, azaroaren 2an, 95 urte bete zituen Ramon Esnaolak. Eta Urretxuko txistulariok zorionak eta muxu handi handi bat eman nahi dizugu. Entzuteko arazoak baditu ere, bixkor eta argi daude oraindik ere bai Ramon bai haren emazte Jesusa. Ramonen urtebetetze egunean ere, beti bezain ongi hartu zituzten etxean Urretxuko txistularien ordezkariak.

Ramon Esnaola gutako askoren irakaslea izan da. Txistu taldea sortzekotan izan zenean, hainbat gaztetxori irakasten ibili zen. Eta ondoren, 80ko hamarkadan, musika eskolako irakasle izan zen gutako askorentzat.

Bestalde, gainera, hainbat fandango, arin-arin, zortziko eta biribilketa idatzi zituen. Eta Urretxuko txistularioi ekartzen zizkigun, probatu genitzan eta ezagutzera eman genitzan.

Beraz, irakasle izateaz gainera, Urretxuko txistularion lagun handia da Ramon Esnaola. Zorionak Ramon! Segi bixkor bixkor, orain arte bezala!

24 de octubre de 2011

Urretxuko Txistulari Kontzertuko argazkiak

Joan zen irailaren 17an, Santa Anastasia festetan, kontzertua egin genuen Urretxuko Txistulariok. Jarraian kontzertu honetako argazki batzuk dituzue.




Goian duela 50 urte sortu zuten Urretxu dantza taldeko kideak ditugu. Behean, berriz, Goi Argi abesbatzako kideak izan genituen lagun hainbat piezatan, urtero bezala.





Irrintzi taldeko mutilek Amaia operaren ezpatadantza egin zuten.




Lurra dantza taldeko lagunek arin arin eta fandangoa dantzatu zituzten eta koreografia berri bat eskaini ziguten.


7 de octubre de 2011

Festetako kontzertuaren bideoa argitaratu du Otamotzek

Aurreko testuan komentatu bezala, txistularien kontzertua izan ohi da lanik handiena ematen digun festetako ekitaldia. Otamotz aldizkariak kontzertu hori laburbiltzen duten bi bideo argitaratu ditu.

Aurten Lizarriturriren 75. urteurrena, Urretxu dantza taldearen sorreraren 50. urteurrena, Jesus Guridiren heriotzaren 50. urteurrena eta Xabier Leteren heriotza gogoratu genituen.

Hemen daukazue bi zatitan kontzertu horrek eman zuena.