Blog honen bitartez Urretxuko Txistulari Taldeari buruzko informazioa kontsultatu ahal izango duzue. 2010. urtean taldeak bere 50.urteurrena ospatu zuen eta horren berri emateko zabaldu genuen blog hau. Orain, berriz, gure ohiko ekintzekin jarraitzen dugu eta horiei buruz idazten dugu hemen.
2016ko inauterietan ere kalean izan ziren Urretxuko Txistulariak. Otsailaren 7an, goizeko 9etan kalejira egin zuten. Ohetik jeiki eta zuzenean, jantzi eta txukundu gabe, atera ziren, Tolosako Dianan egin ohi duten bezala.
Hemen bideo eta argazkiak!
Orain Garizuma etorri da, beraz, ohiturari jarraituz, Aste Santutako igandea arte ez da kalejirarik izango. Ongi etorri neguko oporrak!
San Sebastian eguna hurrengo asteazkenean izango dugu eta aspaldiko ohitura da egun horren bueltako igandeetako batean, txistularion kalejiran, danbor soinuak Urretxuko kaleetan entzutea. Aurten berriz ekin diogu ohitura horri, baina oraingoan 16 danborrero txiki izan ditugu lagun.
Jon, Maria, Bidatz, Erlantz, Itsaso, Ibai, Ekhi, Mattin, Irati, Maialen, Sara, Peru, Ane, Maddi, Joanes eta Eneritz txistulariokin batera danborra jotzera animatu zaizkigu; denak txistularion seme-alaba, iloba, biloba edo gertukoak. Gradu bakar bat markatzen zuten herriko hainbat termometrok eta, eskimalak bezala jantzita, goizeko 9etarako prest zeuden guztiak danborrak hartuta.
Astean zehar, Diana, Donostiako Martxa, Idiarena eta Tatiago ondo entseatu dituzte kalejiran irteteko ilusioarekin eta, gaur, ordu betetik gorako jarduna egin dute "handiekin batera", Unai Izagirre danbor nagusiak ematen zizkien aginduei jarraituz. Haiekin batera Lizarriturri taldeko dozena bat txistulari eta danborrero bildu gara, guztira talde polita osatuz.
Lizarriturri taldekoon kalejira berezi honek laster izan du oihartzuna sare sozialetan ere. Argazkiak eta bideoak berehala hasi dira mugitzen Whatsapp-eko taldeetan eta Facebooken. Edozein igandetan baino herritar gehiago irten dira gaur leiho eta balkoietara, eta kalean ere bat baino gehiago aritu dira argazkiak ateratzen eta bideoak grabatzen. Horietako batzuk dira hemen ikusi ditzakezuenak.
Urtero bezala, goizeko lanak amaitu ondoren etorri da onena: txokolatea eta txurroak Etxe-Azpi elkartean. Gaur goizean egiten zuen hotzarekin, primerako saria izan da hori parte hartu dugun txiki zein handientzat. Hurrengo urtean berriz!!
Asteburua hotza eta euritsua izan da Urretxun eta Zumarragan baina ez diogu, horregatik, Santa Zezilia ospatzeari utzi. Larunbatean, azaroaren 21ean, eta igandean, Santa Zezilia egunean, bietan ospatu genuen musikarien patroiaren eguna.
Larunbat arratsaldean, Zumarragako Antxinako Ama txistulari taldeko kideekin batera kalejira egin genuen bi herrietako hainbat kaleetan zehar. Gurekin batera etorri ziren Goiargi abesbatzako kideak ere, euren kantuak kalez kale zabalduz.
Hemengo bideo hau da kalejira horren adibide. Urretxuko Jose Mari Lasa plazan amaitu genuen arratsaldeko jarduna, Jose Mari Lasa izeneko pieza jotzen.
Eta igandean, aje edo bixamonei aurre eginez, kalejira egin genuen berriz ere 12:00etan hasita.
Urtero bezala, udararen hasierarekin batera, Urretxuko Santa Ana festak antolatzen hasten gara herrian eta horien barnean, guretzat urteroko derrigorrezko hitzordua, gure Txistulari Alardea alegia.
Aurtengo kontzertua Irailaren 19an, larunbata izango da. Gaueko 23:00etan Iparragirre plazan (eguraldi txarra eginez gero, Aldiri Kiroldegira mugituko ginateke). Gorobel metal boskotea, Goiargi Abesbatza, Lurra eta Irrintzi Dantza taldeak eta herriko beste hainbat musikari izango ditugu gurekin batera taula gainean.
Hauxe da aurtengo kontzerturako prestatu dugun programa:
Sarrera(Gu
ta Gutarrak/Mold. Xabier Barriola)
Txantxiku (Demetrio
Iriarte/Mold. Xabin Bikandi)
Han urrun etxe poxpola(Emile
Jaques Dalcroze/Mold. J.I. Ansorena)
Euskaldunak gara! (Pepe
Yanci/Mold. Xabier Zabala)
Atabala ta txistua(Jose Luis Ansorena)
Fandangoa (Edurne
Iturbe/Mold. Xabier Barriola)
Arin arina(Edurne Iturbe/Mold. Xabier
Barriola)
Suletinoa (Herrikoia/Mold.
Jesus Castillejo)
Urbasa(Roberto
Lopez)
Elciego(Herrikoia/Mold.
Kepa de Miguel)
Mozkorri (Oskorri/Mold.
Mikel Peñagarikano)
Mexikon lo ez(Egan/Mold.
Xanet Arozena)
Behin batian Loiolan (John
Denver/Mold. Egan - Aitor Arozena)
Gernikako Arbola (J.
M. Iparragirre)
Jarraian aurkitzen den estekan kontzertuan joko ditugun partiturak eskuratu ditzakezu. Bertan parte hartu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan urretxukotxistulariak@gmail.com email helbidearen bitartez.
Larunbatean, urtarrilaren 24an, Txistulari Alardea ospatu zen Idiazabalen. Urtero antolatzen dute bertako txistulari taldeak San Blas festen atarian kontzertua eta gustora hurbiltzen gara Urretxuko txistulariok bertara.
Azken urteotan bezala, kontzertua hasi aurretik Idiazabalgo txistulari ohiak kalejira txiki bat egin eta kanturako abesti batzuk jo zituzten kiroldegia girotu asmoz. Beraien saioa amaitutakoan, kontzertuari hasiera eman zitzaion. Beste behin, Iñaki Telleria aritu zen zuzendari lanetan eta bederatzi piezez osatutako kontzertua entzuteko aukera izan zen. Abesti ezagunak osatu zuten kontzertua: Hirugarren Kalez Kale, Ixil-ixilik, Zin Hitz (Juramento), Erribera, Udazken Koloretan, Amaia Operaren Ezpatadantza, Txatxamatxalinatxu, Besamotza. Ohiturak jarraituz, Pablo Sorozabalen Gernika eta Naxario Telleriak idatzitako Idiazabaldarren Danborrada doinuak ere ezin falta programan eta Naxario berak zuzendu zituen bi doinu hauek.
Abesti ezagunak izan arren, moldaketa berriak izan ziren entzungai eta ikusgai larunbateko kontzertuan. Aipagarriena agian, Amaia Operaren Ezpatadantzakoa. Izan ere, txistulari, metal boskote, dantzari eta txalapartariez gain, Lurdes eta Jasone trontzan aritu ziren. Bi neska hauek sasoi ederrean daudela erakutsi ziguten bertan geunden guztioi, izan ere, ezpatadantzako erritmoan aritu ziren trontzan. Ikusgarria eta soinu efektu ederra ezpadantzari jarritakoa. Bejondeizuela neskak!
Jarraian Idiazabaldik helarazi dizkiguten hainbat argazki. Bertan ikusgai kontzertuko zenbait une.
Azaroan kontatu genizuen Urretxuko txistulariakZaldibarko trikitixa lehiaketan ere izango zirela. Andoni Oruesagasti txistulari, dantzari eta dultzaineroa izateaz gainera, trikitilaria ere bada; eta Uxue Kerejetarekin batera hartu zuen parte Bizkaiko herrian antolatzen duten lehiaketan.
6. postuan gelditu ziren eta oso gustora zeuden biak; batik bat, ondo pasa zutelako, lasai jo zutelako eta lagun berriak egiteko aukera izan zutelako.
Aste honetan, Andoni eta Uxueren aktuazioko hainbat bideo eskegi dituzte Youtuben Txoko Musikala blogeko arduradunek. Guk Porrusalda aukeratu dugu hemen erakusteko. Letretan familiakoei eta Edurne Iturbe irakasleari eskerrak emateko aprobetxatu zuen bikoteak, eta gurekin eta Irrintzi dantza taldeko lagunekin ere gogoratu ziren! Eskerrik asko bikote!!
Ohitura dugun moduan, San Sebastian egunaren aurreko igandean kalejira berezia burutu ohi dugu Urretxuko Txistulariok. Gaurkoan, urretxuarrak danbor hots sakonaz esnatu ditugu. Biltokian gordetzen ditugun danbor zaharrei hautsa kendu eta astindu ederra eman diegu Sarriegiren doinu ezagunak joaz. Tatiago, Idiarena edota Donostiako Martxaren doinuak entzuteko aukera egon da gaur goizean Urretxuko kaleetan.
Haur, gazte eta beteranoak elkarrekin ibili gara goizeko tenperatura hotzei aurre eginez, eta kalejiraren amaieran, urtero bezala gosari ederraz gozatu dugu Etxe Azpi elkartean.
Kalejiraren etenaldi bat Ipiñarrieta kalean
Urretxuko Txistulariak Danborradaren amaieran Iparragirre plazan